Zabor tolesturen sofistikazioa

Ismael Iglesias artistak erakusketa zabaldu du bere azken lanekin Bilboko Aldama Fabre galerian

Ismael Iglesias artista, Bilbon ireki duen erakusketaren erdian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Materialik pobreenak maila gorenera eramatea da erronka». Zabor poltsak eta tapiz oihal arruntak baliatuz heldu da Zurbaranen koadroetako jantzi itxuraz zetazkoen tolesturen sofistikaziora Ismael Iglesias artista (Durango, Bizkaia, 1974). Horretan jarri du arreta guztia, eta dena da zimur, tolestura eta uhin, horregatik, Bilboko Aldama Fabre galerian jarri duen erakusketan. Uztailaren 30era arte egongo da zabalik.

Zuri-beltzeko argazkiak dirudite lan askok, baina tolestu eta zimurtu ahala margotutako zabor poltsak dira Iglesiasen lanak. «Ia eskultorikoa da prozesua», azaldu du. Eraiki egiten ditu irudiak: zabor poltsa tolestu, margotu, idortzen utzi, beste tolestura bat egin, margotu, idortzen utzi, berriz tolestu, eta, hala, lana amaitutzat eman, eta poltsa hori zapal uzteko tenkatu arte. Eta orduan dator artistaren sorpresa ere. «Ez dut jakiten zein izango den emaitza zehatza».

Margolan geometrikoak egiten zituen lehen, baina lan ildo horretaz nekatu, eta zimur eta tolesturekin esperimentatzen hasi zen. Baina horretaraino heldu ahal izateko bitarteko urratsak ere bildu nahi izan ditu artistak erakusketan, eta horregatik kokatu du areto sarreran bata bestearen gainean itsatsitako zigilu margotuzimurtuz osatutako collage bat.

Berezia da erakusketaren antolaketa ere. Hormetan bata bestearen gainean pilatuta daude lanetariko batzuk, eta lurrean barreiatuta ere bai beste batzuk. Artistak dioenez, estudioan edukitzen dituen moduan eraman nahi izan ditu aretora.

Oihalean egindako lan batzuk ere badaude. Inpresio digitalez egindako irudien antza dute piezek, baina kasu horretan ere okerra da lehen inpresioa. Zabor poltsekin egin bezala, oihalak tolestu eta margotuz sortu ditu piezak. Perfektua da koloreen nahasketa;horregatik, inpresio digital bat diren sentsazioa. Hurbilduz gero, ordea, pintura zipriztin batzuk ere igar ditzake ikusleak. «Tanta horiek ikusita, gurasoek kargu hartu zidaten erakusketa ikustera etortzean, esanez pintura pixka bat eskapatu zitzaidala hor. Baina oso ona da hori, akats horrek aditzera ematen baitu hor dagoen lana eskulana dela, eta ez hasieran pentsatutako hori».

Grafitiak koltxoietan

Zimurraren poetika. Izenburu hori jarri dio Mikel Onandia Garate arte historialariak erakusketarako prestatu duen testuari, eta arte klasikoarekin lotu du zuzenean Iglesiasen lana: Grecoren koadroetako jantzi monumentalen tolesturekin, Zurbaranen arropa sainduen zimurrekin eta Berniniren Santa Teresaren estasia maisulan barrokoko marmolezko soineko zimurtsuarekin. «Zooma eginez, Iglesiasek autonomia propioa eskaintzen die [tolestura horiei], etaebokazio mordoa sortzeko gai diren gainazal bolumetriko konplexu horietan aldi berean bizi dira klasikotasuna eta futurismoa —edo zibernetikoa, edo mikro eta makro mundu misteriotsuak—».

Zimurren serieko lanak bakarrik eraman ditu erakusketara artistak, baina ez du ildo hori bakarrik lantzen. Aretoko aurkezpen orrian ikusi daiteke horren froga. Kalean zaborretara botatako koltxoi bat irudian, eta esprai arrosaz idatzitako mezu bat gazteleraz: «Larrimin horren bila nabil». Estudiotik etxerako bidean zaborretan koltxoi asko ikusten zituela ohartzean hasi zen Iglesias grafiti horiek egiten. «Mozal legea indarrean jarri zen garaitsuan». Egun, ehunka mezu ditu koltxoietan idatzita, eta bere Instagram kontuan ikus daitezke gehienak. Irakurtzen dituen liburuetatik edo entzuten dituen kantetatik hartzen ditu esaldiak batzuetan, edo unean uneko burutazioak idazten ditu bestela. Ana Elena Pena idazlearen esaldia, esaterako, zaborrontzi baten ondoko koltxoi batean: «Goazen larrua jotzera, maitemintzen garen arte». Edo «ez naiz ezertaz enteratzen» dioen beste bat lurrean botata. Erakusketan nahiago izan du, ordea, zimurren seriean zentratu.

Maiatzaren 5ean Patrick Grijalvo argazkilariaren erakusketa zabaldu zuenetik dago martxan Aldama Fabre galeria Bilbo Zaharreko Hiru Pilare plazan. Leire Garcia galeriako kideak azaldu duenez, jada proiekzio bat duten artista gazteekin egin nahi dute lan. «Lantzen ditugu pintura, eskultura, argazkilaritza eta bestelakoak, eta ez dugu adin tarte itxirik ere, baina hori da gure ildoa». Iglesiasen erakusketa amaitzean, itxi egingo dute aretoa abuztuan, eta Kiko Miyares eskultorearen erakusketa batekin bueltatuko dira irailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.