Arte Eder museoko BBK aretora sartzean, hormari begiratu eta egunotan ikusgai dauden Francisco de Goyaren grabatuak ikusi aurretik, bisitariek hormetako baten jakinarazpen bat irakurri ahal izango dute: 60 lux, %50ko hezetasuna, %5eko aldaera izan dezakeela; 20º C, gradu bat gehiago edo gradu bat gutxiago egon daitekeelarik. Artelanak kontserbatzeko museoak hartzen dituen neurririk oinarrizkoenen berri ematen dute hitz eta zenbaki horiek. Tenperatura, hezetasun eta argiztatze egoera desegokiek artelanei honda ditzakete. Horien eraginak txikiagotzeko eta piezen kontserbazio ona ziurtatzeko, horiek kontrolpean izan behar dituzte museoko teknikariek ezinbestez.
Parametro horien neurketa, Arte Eder museoko Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko profesionalen lanaren parte bat baino ez da. Artelanak beren jatorrizko itxura izan dezaten edo horretatik ahalik eta gertuen egon daitezen lanen gaineko esku hartze zuzenak ez ezik, piezen mantentzea eta kalterik jasan ez dutela ziurtatzea dute egiteko nagusia. Kontserbazio prebentiboa, alegia. Horren bidez, ez da lanen gaineko ekintza zuzenik egiten, baina lanen kontserbazioan eragiten da. Astelehenetan, museoa itxita dagoelarik, lanak banan-banan aztertzen dituzte, eta, haien kontserbazio egoeraren kontrola egitearekin batera, Kontserbazio eta Errestaurazio saileko teknikariek lanak azaletik garbitzen dituzte, hautsa eta bestelako kontaminazioa kentzeko. Atzoko astelehena, berriz, berezia izan zen, jaiegun bezpera izanik museoak ateak zabaldu baitzizkien bisitariei eta teknikariek museoa zabaldu aurreko orduetan egin behar izan baitzuten lan hori guztia.
Etorkizunera begira, lanei ahalik eta egoerarik onenean iraunaraztea lortu nahi dute. Hala, piezek kontserbazio tratamendurik edota errestauraziorik behar ez izateko: «Piezak ahalik eta gutxien ukitu behar izatea lortunahi dugu», azaldu du Jose Luis Merinok, Gorospe Arte Eder museoko Kontserbazio eta Zaharberritze saileko buruak. Hala ere, batzuetan, ezinbestekoa izaten da lan batzuen gaineko ekintza zuzenak gauzatzea, lanen egoera kaxkarra dela medio. Horrelakoetan, lehenengo eta behin, sailekoahalik eta piezaren inguruko informazio teknikorik zabalenena biltzen saiatzen dira profesionalak. Gero, lanen kontserbazio egoeraren inguruko ikerketa zehatza egiten dute, eta piezen sendabidea proposatzen dute. Artistak erabilitako materialak eta teknikak, esate baterako. Diagnostikoa egiteko erabiltzen dituzte, besteak bestek, erreflektografia infragorriak —geruza piktorikoen sakoneko mailetara sartzeko—, argi ultramoreak —azaleko elementuak ikusteko— eta azterketa kimikoak —materialen izaeraren inguruko informazio zehatza jasotzeko—.
Azterketa horiek guztiek lanen inguruko informazio anitz ematen dute; aurretik agerian ez zeuden datuak azaleratzen dituzte,maiz. Horren adibide, orain urte batzuk, jakitea lortu zuten XVI. mendeko pintore flamenko anonimo batek pintatu zuela Rafaelen koadro baten kopia, urte askoan haren ikasle Giulio Romanori egotzitako lana. Horrekin batera, azterketen bidez, kontserbatzaileek pintoreen «damuak» ezagutzeko aukera izan dute, behin baino gehiagotan: «Hasiera bateko marrazkian edo pinturan zeuden irudiak agerian geratzen dira, maiz; hainbat artistak, damutu eta gero, horiek estali egin zituzten. Adibide ezaguna da, baina Francesco Noletti XVII. mendeko artista maltarraren bodegoi bat daukagu. Horretan, emakumebaten figura bat ezkutatzen da. Ez dakigu zergatik artistak hartu zuen hautu hori. Erradiografia egiterakoan, guztiz amaiturik zegoela ikusi genuen».
Ohiko patologiak
Piezen patologiak askotarikoak badira ere, besteak beste, horietan gehien errepikatzen dira pinturaren pitzatzea, margo zatien askatzea eta bernizen iluntzea: «Artelanen kontserbazioan ikusi ditugun gauzarik okerrenak antzinako kontserbatzaileen esku hartzeak dira. XIX. mendeko eta XX. mende hasierako esku hartzeak. Oso sendabide erasokorrak erabiltzen zituzten bernizak kentzeko, eta, askotan, garbiketen bidez pinturaren parte bat kentzen zuten», azaldu du Merino Gorospek.
Garai hartatik hona, artelanen kontserbazioa eta errestaurazioa asko garatu da. Baliabide teknikoak, teknikarien prestakuntza eta lanen gaineko esku hartzeen inguruko filosofia asko garatu dira: «Gaur egun, errestaurazioaren bidez, lanaren irudi originala berreskuratzea lortu nahi da», argitu du Merino Gorospek, «eta hori ahalik eta esku hartzerik txikienaren bidez egiten saiatzen gara». Hark azaldu bezala, XX. mende ko azken hiru hamarkadetan egin ziren aurrerapenik gehienak, Ordutik hona, kontserbazio eta errestaurazio tekniken garapena «askoz ere txikiagoa» izan da. XIX. mendeko zaharberritze teknikariek artisauak baziren ere, gaur egungo kontserbatzaile eta zaharberritze teknikariek diziplina anitzen inguruko ezagupenak izan behar dituzte. Arte aren historiaren inguruko ezagupen handia izatearekin batera, besteak beste, biologia, kimika eta fisika oinarriak izan behar dituzte.
Antzinako artelanen eta garaikideen kontserbazio etazaharberritze prozesuak, halaber, oso bestelakoak izaten dira askotan: «Arte garaikideko lanetan erabilitako materialak efimeroagoak izaten dira, berez horiek ez direlako material artistikoak askotan,eta hauskorragoak izaten dira», azaldu du Merinok, «Horrez gain, artelan garaikide bat zaharberritzean egin beharreko lehen gauza artistarekin hitz egitea da, bizirik baldin badago, lanarekin egin daitekeena aztertzeko eta zer egiten utziko dizun jakiteko».
Kolaborazioaren beharra
Bilboko Arte Eder museoak, erakunde txikia izanik, ezinbestekotzat du beste erakundeekin kolaboratzea: «Hemen ezin ditugu espezialitate guztiak izan. Hori dela eta, lan batzuk errestauratzeko beste erakunde batzuetako profesionalen laguntza behar izaten dugu. Zenbaitetan, ez dugu behar bezalako baliabide teknikorik,eta lanak beste lekuetara bidali behar izaten ditugu». Horren adibide da XVII. mendeko Lehoia ibai baten ertzean tapiza; Madrilgo Tapizen Errege Fabrikan (Espainia) zaharberritu zuten iaz, Bilboko museoko beste bi tapizekin batera.
Zaharrak berri, artea betikotuz
Haren fondoetako artelanak ahalik eta egoerarik onenean kontserbatzen eta bere jatorrizko itxura mantentzen aritzen dira Bilboko Arte Eder Museoko Kontserbazio eta Zaharberritze saileko teknikariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu