GetxoPhoto (Bizkaia) jaialdia nagusi egiten ari da, bere bosgarren urtea ospatuko du irailean, eta aurten ere argazkigintza herriko kale, plaza eta erakusketa aretoetara eramateko prest agertu dira antolatzaileak. Aurtengoak Zaharrei gorazarre egingo die, antolatzaileek ezarri dioten izenburuak dioenez. «Bosgarren jaialdia betetzen dugula, nagusi egin gara nolabait, eta aurrez aurre begiratu nahi diogu gure heldutasun prozesuari; azken finean, aldez aurretik begiratu nahi diogu zahartzaroari berari», azaldu zuen atzo, jaialdiaren aurkezpena egitean, Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak, kalean, Getxoko Arrantzale plazan.
Jaialdiaren bosgarren urtea ospatzeko oso gonbidatu bereziak izango dituzte. Luxuzko kartela dakarte oraingoan, nazioarteko hogei bat argazkilarik Getxoko kaleak zahartzaroaren gaiaz apainduko dituzte, beste zenbaiten artean Andrew Zuckerman, Sacha Goldberg eta Michael Ackermanen lanak izango dira. Urtero bezala, «ezohiko euskarri eta formatuen aldeko apustua egiten jarraituko dugu», azaldu zuen Aspuruk. Eraikinetatik eskegitako lonak, fotokopiak, edalontzi azpikoak eta kamisetak erabiliko dituzte, besteak beste .
Aurtengo ekitaldiko gaitzat zahartzaroa aukeratu izana arrazoitzeko, gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 65 urtetik gorako 400 mila pertsona baino gehiago bizi direla ekarri zuen gogora Aspuruk. «Alde batera utzi ezin dezakegun errealitatea da, eta horri begirada bat eman behar genion». Zahartzaroaren gaia jorratuz, Getxoko BegiHandi elkartekoek «hedabideetatik kanpo geratzen dena» erakutsi nahi dute. «Izan ere, komunikabideetan badirudi zaharrek bizitzarik ez dutela gaixotasunetik edota erotasunetik kanpo». GetxoPhoto antolatzen duen elkarteak zaharrak nola bizi diren, nola maite duten, zein ondo pasatzen duten, nola gaixotzen eta hiltzen diren azaldu nahi du inolako taburik gabe. Horretarako, gaia asko jorratzen duten argazkiak aukeratu dituzte. Horien artekoak dira nagusientzako edertasun lehiaketak, zahar etxeetako bizitza, transexualitatea hirugarren adinean eta jakituria.
Aurten ere, Frank Kalero izango da erakusketako komisarioa. Aurreko jaialdian aisiari gorazarre egin zion katalanak. Aspuruk adierazi zuenez, hiru urtez izango da komisario Kalero, eta hurrengo urtean ere gorazarre bat egingo du. «Bere programazioari koherentzia emateko formarik aproposena dela pentsatu dugu».
Jakituria, heroiak eta eguzkia
GetxoPhoto 2011n parte hartuko duten argazkilarien artean Andrew Zuckerman nabarmendu dute antolatzaileek. Estatubatuarraren Wisdom multimedia proiektua «oparirik handiena belaunaldi batetik bestera bizi izandakoa transmititzea dela dioen ideian oinarritzen da». Nazioarteko kultura eta politikaren eremuko 65 urtetik gorako 50 pertsonaren irudi, ahots, hitz eta ideiak hartu ditu. Proiektuan parte hartu dutenen artean Clint Eastwood, Nadine Gordimer, Desmond Tutu eta Nelson Mandela daude.
Wonder Woman eta Supermanen amonak bisita egingo diete getxotarrei. Sacha Goldberg argazkilari frantsesak, bere amama depresiotik ateratzen laguntzeko, «jantzi ikusgarri batez» mozorrotu eta «fikziozko giroetan» sartu zuen, Super Mamika lanean. Goldbergen amama bulgariarra da, eta mamika hitzak amama esan nahi du haren hizkuntzan.
Aipatzekoa da Peter Granser alemaniarraren Sun City ere. 55 urtetik gorako pertsonentzako kolonia erretratatu du Arizonan (Estatu Batuak). Argazkietan agertzen da «hiri bat non adinekoak birsortu eta aukera bila ibiltzen diren». Aspururen arabera, bertora ezin daiteke gazteagorik sartu. Aipatutakoez gain, beste zenbait argazkilarik ere hartuko dute parte; horien artean Vicente Paredes eta Riki Davila euskal herritarrak daude.
Irailaren 1etik 4ra, erakusketez gain hainbat ekintza antolatuko dituzte Getxon. Horien artean, aipagarrienetakoa da Arianna Rinaldok prentsa argazkien edizioaren inguruan emango duen tailerra. La Republicca egunkari italiarraren De Magazine gehigarriaren editore grafikoa da Rinaldo. Horrez gain, batetik, aurreko urtean bezala, estudio eta galerietara bisitaldiak egingo dituzte, baita erakustaldietara bisita gidatuak ere. Bestetik, Getxoko Udal Liburutegiarekin batera elkarlanean gauzatutako proiektuan, aurtengo argazkilariei buruzko liburuak jarriko dituzte eskuragarri, nahi dutenek haien lanetan sakondu dezaten.
Zahartzaroari askotariko begiradekin egingo dio laudorioa GetxoPhotok
'Zaharrei gorazarre' egiten dieten 17 egileren argazkiak izango dira ikusgai irailean Getxoko kale eta aretoetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu