Alfredo Bikondoa euskal artistaren Itsas hilerria izeneko erakusketa dago ikusgai, bigarren aldiz, Euskal Herrian. 2009. urtean Donostiako Aquariumean egon zen, eta, orain, Bilboko itsasadarreko itsas museoak hartu dio lekukoa. Bikondoaren lanak Paul Valery idazle eta olerkari frantziarraren izen bereko liburua du ardatz. Hori dela eta, Valery omentzea ere badu helburu erakusketak.
Bikondoak Parisko (Frantzia) liburutegi batean ezagutu zuen Valeryren Itsas hilerria izeneko olerkia. «1988ko maiatzean Parisen bizi nintzela, liburua ikusi nuen, eta hasieratik izugarri liluratu ninduen», azaldu du artistak. Irakurtzen hastean, baina, ulertzeko oso zaila zela ohartu zen. «Ez zen batere ulerterraza. Orduan, harengandik aldendu, eta nire hilerri propioa sortzen hasi nintzen».
Artistaren erakusketa 26 margolanek eta hiru piezak osatzen dute. Paretan zintzilik dauden margolanek bitariko teknika dute. Izan ere, argazkiak aluminio, mihise eta egur gainean landuak daude. Aretoaren erdian, berriz, eskulturak ikus daitezke: itsas hilerria, gurutzea eta harresia. «Itsasontziaren brankak kanposantua irudikatzea du helburu», azaldu du artistak. Beruna itsasoaren sinonimoa da, eta gizakiaren ordezkaria, aldiz, hanka. Lehen begiradan, hankan iltzatuta dauden burdin zatiek pizten dute ikuslearen arreta. «Bizitzak eragiten dizkigun zaurien isla dira Alderik alde dauden burdinak», nabarmendu du Bikondoak.
Artistaren sorkuntzaren oinarria, berriz, Valeryren irakurketak eragindako «sentimenduan» dago: «Liburuak irudi bat gogora ekartzen badit, hortik tiraka zerbait egiten hasiko naiz; ez badit ezer eragiten, hor bukatzen da». Ideiek eragindako sentipenaren araberakoak izango dira bukaerako margolan eta eskulturak. Hau da, batzuek gainontzekoek baino abstrakzio maila handiagoa edukiko dute.
«Izatea eta ez izatea» lantzen ditu olerkari frantsesak, eta filosofia horrekin bat egiten du Bikondoak: «Pertsonak bizitza osoan une etsigarriak bizi ditzake. Momentu batean, nik ere barne krisi bat izan nuen». Garai horretan, kultura mundutik erabat aldendu zen. «Zortzi urtean ez nuen ezer margotu. Kaliforniara (Amerikako Estatu Batuak) bueltatu nintzenean hasi nintzen berriz lanean», aipatu du.
Hiri ugaritan
Bikondoaren erakusketaren aurkezpen ekitaldian, poesia eta musikak tarte nabarmena izan zuten. Hiru aktorek, musika doinuak lagun zituztela, beste hainbat hizkuntzatan errezitatu zituzten Valeryren olerkiak. Ane Zabalak euskaraz, Aiora Sedanok gaztelaniaz eta Concepcion Quintanak frantsesez. Liburua ulertzea kosta egin zitzaiola adierazi zuen Quintanak: «Valeryren lana ulertzeko, ordu asko behar dira; hasieran, ez nuen ezer ulertzen». Aditzeko zaila izan arren, asko atsegin du Quintanak. «Liburu hau harribitxia da. Valery hobeto ezagutzeko aukera eman dit. Eta hori Bikondoak egindako lanari eskertu behar diot», gaineratu zuen.
Artistaren erakusketak ez du Bilbo izango azken portu gisa. Bizkaiko hiriburuko bisitaldiaren ondoren, Miarritzen (Lapurdi) egingo du hurrengo geldialdia. Beste hainbat hiritan ere egongo da ikusgai; Nantesen (Bretainia) eta Bordelen (Frantzia), besteak beste.
Zailtasunetik sortutako hilerria
Alfredo Bikondoa artistaren 'Itsas hilerria' izeneko erakusketa dago ikusgai, Bilbon, ekainaren 10 arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu