Donostiako 71. Zinemaldia. Horizontes Latinos. Maria Zanetti eta Maite Aguilar. Zinemagilea eta aktorea

Zanetti: «Pertsonaia bat non amaitzen da? Ez da amaitzen»

Nerabe zela etxean bizitakoetatik hurbil osatu du Zanettik bere lehen film luzea: 'Alemania'. Aguilarrek jokatu du protagonistaren rola, bipolaritatea duen ahizparen ondoko begiradatik.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Itziar Ugarte Irizar.
Donostia
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Argentina, 1990eko urteak. Lola (Maite Aguilar) institutuko azken urteetan dagoen nerabe bat da. Bizipen berrien irrikaz dago, baina etxeko giro zailean ainguratua du hanka bat. Hiru senideren artean erdikoa da; aurretik ahizpa bat du, buru osasuneko arazoak dituena, eta atzetik anaia bat, egoeraz askorik jabetzen ez dena. Hori da Alemania filmaren ardatzeko egoera, eta, hura kontatzeko, Lolaren ikuspuntua hautatu du Maria Zanettik (Buenos Aires, 1980). Haren lehen film luzea da, eta zuzendariak «iraganean azterka egiteko» zuen beharrean du ernamuina.

«Nire familiaren historian inspiratuta dago filma», kokatu du. «Zehatzago, nire nerabezaroan». Protagonistaren ahizpak bipolaritatea du, «artean gaitzari buruzko informazio askorik ez zegoen garai batean», Zanettik azpimarratu duenez, eta Lolak horren eta inguruko beste aldaketen gainean duen begiradan jartzen du arreta filmak. «Uste dut filmak une bati buruz galdetzen duela: zer zaila den zenbait eremutan azkarregi haztea dakarten baldintzak gainditzea, eta nola egin daitekeen baldintza horiek askatasun eta autonomia handiagoa itzuliko diguten esperientziekin tindatzeko».

Zanettiren anaiak izan zuen bipolaritatea zuzendaria nerabe zenean, eta, beraz, Maite Aguilarrek jokatu duen pertsonaiak zuzenean edan du zuzendariak orduan bizi izan zituenetatik. Lola, ordea, beste bat da ezinbestean, eta «filma egiteko prozesu kolektiboan» eraikiz eta aberastuz joan da, zuzendariak eta aktoreak defendatu dutenez. Aguilar: «Castingetik filmaketara bitartean, lan handia egin genuen elkarrekin. Gutxi-asko, astean behin elkartzen ginen; filmak ikusten genituen, eta zuk bizitakoak kontatzen zenizkidan». Zanetti: «Eta zuk ere asko kontatzen zenidan: zer zen nerabe izatea zuretzat. Nik gidoi sendo batekin heldu nahi nuen filmaketara, baina bera ezagutu nuenean, esan nuen: 'Ekarri zure mundu hori dena, eta emaiozu Lolari'».

Antzera gertatu zitzaion ahizpa nagusiaren (Julia) rola jokatzen duenarekin ere, Miranda de la Sernarekin. Aipatu du lanaren parte zailetako bat izan zela hura nola filmatu erabakitzea, «estigmatizazioetan» ez erortzeko. «Uste dut Lolaren begiradak findu duela, azkenean, Juliaren pertsonaia». Aguilar: «Nik gehituko nuke bizitza errealean ahizpa txikiaren eta nagusiaren arteko dinamikak hartu genituela, eta hori filmaketara itzuli zela gero».

Hain justu, kasik filmaketa bera baino gehiago, entseguetan egindako lana dute gogoan biek. Zanetti: «Ni gauzak behin eta berriz egiteko irmotasunez heldu nintzen, baina irakaspenik handienetako bat izan zen ohartzea hori baino askoz baliotsuagoak direla hor sortzen diren loturak. Pertsonaiak ez psikoanalizatzea, baizik bakoitzak bere bizipenez hitz egitea, galderak egitea, eta horiek eramatea gero pertsonaiarengana. Pertsonaiak ez dezala izan denaren gaineko iritzi bat, baizik eta begirada bat, inguruari adi dagoena».

Azpimarra egin dio pertsonaiek forma hartzen duten tarte labainkor horri: «Zinema egiteko prozesuak beti egiten du gainez, eta pertsonaiekin ere hori gertatzen da; non amaitzen da pertsonaia bat? Ez da amaitzen. Orain, jendeak filma ikusi ahala, osatzen segitzen dute».

«Denoi gertatu zaigu»

Protagonistak filmean aldi berean bizi dituen bi munduak —etxekoa, zeinetan bizipen goxoenak ere mehatxatuak diren; eta kanpokoa, «sinbiosi harreman bat» duen lagun batekin partekatua, batik bat— modu diferentetan filmatu ditu zuzendariak. Irudi zamatsuagoak dira lehenak, kamera finkoago ageri da; kanpokoetan, ordea, planoak irekiagoak dira, eta «hobeto arnasten da», Zanettiren hitzetan. «Denoi gertatu zaigu: bizitzan noizbait etxetik irten beharra duzu hazteko. Eta Lola hazten ari da etxe barruan gertatzen ari denarekin ere, baina onik ere ez dio egiten, eta atera beharra du, beste leku batetik itzuli eta gertatzen ari denari esanahia jartzeko».

Azterketak gainditzen baditu lortuko du ihes egiteko aukera, Alemaniara truke batera joatekoa. Ikasi ere, eskola alemaniar batean ikasten baitu. Zuzendariak ere hala egin zuen bere garaian —Ballesterkoa da; alemaniarren komunitate handia dago han—, eta ikasi zuen eskola berean filmatu dute pelikula, baita familiaren orduko etxean ere. «Zentzu askotan, garai hartan bezala dago Ballester, eta hori arraroa izan da».

Lekuan soilik ez, zuzendaria nerabe zeneko garaian ere girotu dute filma, eta Aguilarrek irriz esan du «eskola magistral batzuk» hartu dituela kaseteak errebobinatzen ikasteko. «Ez dakit azaltzen, baina nostalgia moduko bat eragin dit garai hark».

Duela bi urte Zinemaldiko Koprokduzio Foroan ere parte hartu zuen Alemania-k, eta Artekino International Prize saria jaso. Ordukoa gogoan, film baten atzeko aldea «lan oso nekeza» dela nabarmendu du Zanettik, eta irudipena du ez dela behar beste aitortzen hori. «Etengabe zaude zintzilik, gauza bakoitza aterako den ziur ezin jakinda. Eutsi egin behar da, eta, krisiak datozenean, horiek ere zeharkatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.