begona del teso
Eppur si muove

Zanpatuko zaitu makinak, eta kokoak kolpatuko

2025eko irailaren 5a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizakiok zeruetan hegan, lurrean ibili eta uretan igeri egiten duten izaki guztien artean arraroenak, bitxienak, ulertezinenak garela nork ukatuko?

Gure fantasiek ez dute, orokorrean, inolako zentzurik. Gure sinesmen asko (ia denak) gezur ederrak dira, eta gure beldurrak, ai, gure beldurrak! Gehienek ez dute ez fundamenturik, ez oinarririk, ez zimendurik, baina zelako gogo biziz besarkatzen ditugun, zeinen gozo kulunkatzen garen beren beso-atzaparretan…

Jarraitzen dugu gurean Jaws filmaren 50. urteurrena ospatzen. Pantailetan zein artikuluetan, akelarretan ere bai. Bitartean, marrazo batek janda hiltzea kasik ezinezkoa dela frogatzen saiatzen dira, estatistika zorrotzak erabiltzen, komunikabide serioak, zientzia dibulgaziozkoak.  

Saiatu bai, lortu sekula ez. Spielbergen, Peter Benchleyen eta John Williamsen pelikula berriro ikusi genuen bart, eta, gaur eguerdian, duela 50 urteko izu berak harturik sartu gara Kantauriko uretan. Baina berriro diotsuet, ikara hori atsegina da, abegikorra, bat egiten gaituelako zinemaren magia beltzarekin.

Spielbergen, Peter Benchleyren eta John Williamsen pelikula berriro ikusi genuen bart, eta, gaur eguerdian, duela 50 urteko izu berak harturik sartu gara Kantauriko uretan

National Geographic aldizkari eta elkarte txit gorenak luzaturiko datuen arabera, errazagoa da tabakoa, kafea edo kondoiak banatzen dituen makina batek zapaldua hiltzea tiburoi batek janda baino. Ratioa honetan datza: 80 milioi aukeraren artean, bat dago vending makina batek zu zanpatzeko. Gehiago esango dizuet: kokondoaren fruituak 2,5 kilo ere pisa ditzake. Eta altuera handikoak dira arbola horiek; beraz, bat zure gainean eroriz gero, kaputt. Ratioaz galdetzen didazue? Ba sinetsi ala ez, urtero mundu zabalean 150 gizaki hiltzen dira koko batek joak.

Eta zer du horrek ikusteko marrazoekin eta Jaws-en 50. urteurrenarekin? Handia, baina. National Geographic-en datuen arabera, kokoak eta vending makinak marrazoak baino hiltzaile trebeagoak dira, dudarik ez izan. Azterketa eta kalkulu matematikoak egin eta gero, argi geratzen da gutako inor tiburoiek eraso eginda hiltzeko beta 264,5 miliotik bat dela. Hala eta guztiz ere, nork bere erara eta nahiera gobernatu ohi ditu zientziak jasotako zifra guztiak. Ezin ukatu, esaterako, azken urteotan 285 marrazo oldar izan direnik. Ezta erasoaldi horien ondorioz hamahiru hildako suertatu direla ere. Ezin ahaztu (nahi ere ez) Hawaiin, 2003an, 13 urteko Bethany Hamilton surflariari besoa kendu ziola Carcharodon carcharias izugarri/sekulako/itzel batek. Ez pentsa, Bethanyk ez zion utzi surfari. Oso burutazio ona naturarena gu bi hanka, bi beso, bi begi, bi belarri, bi birika, bi giltzurrunekin hornitu izana. Maiz, batekin nahiko. Lastima bihotz bakarra edo burmuin bakarra izatea. Batek daki, akaso hobe…

Steven Spielbergen 'Jaws' filma
Steven Spielbergen Jaws filmaren sekuentzia bat.

Hori guztia komentatzen dizuet egia bati erreparatzeko: kontuan edukita, gure ustez, izaki arrazoidun bakarra garela Unibertsoan, nahiko irrazionalki aritzen gara ia beti. Are gehiago gure beldurrekin. Alta, irrazionalkeria hori zinemaren onerako da, maisuki artatzen dituelako gure terrore funsgabeak.

Zinemak laguntzen gaitu gure erruaz ahazten ere. Adibiderik nahi? Zinemak sekula ez digu esango planetan dagoen harrapakari handiena garenik. Bai, tiburoi batek jan egin zuen Bethanyren besoa, baina guk, bueltan, 100 milioi marrazo hiltzen ditugu urtero. Beren hegatsaz egindako zopa gustuko dugulako…

Arrazoidunak omen gara, baina irrazional aritzen gara pantaila aurrean, bizitzan nola. Zinema —bere burua ere fagozitatzen duen piztia paregabea, hots— lekuko, zinema eragile, kulpante.

Horren guztiaren inguruan gogoeta egiteko, plazer ikaragarria hartzeko ere bai, joandako garaietakoa izan arren, irmo eta fier dirauen zinema mota bat dastatzeko, Sitgesko zinemaldi fantastikoan estreinatu eta gero Euskal Herriko pantailetan izango den Victor Matellano eta Angel Salasen Aquel último tiburón dokumentala gomendatzen dizuet. Izan ere, oraindino ez dira amaitu 50. urteurrenaren ospakizunak. Ez aretoetan, ez eta gure oroitzapen gordailu intimoetan ere.

 Kontuz kokondo baten ondotik pasatzerakoan. Eta urrundu pixka bat kafe makinatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.