Musika

Zaramak hiru kantako diskoa kaleratu du

Hemeretzi urtez estudioko lanik kaleratu gabe egon ostean, EP bat eman du argitara Zarama taldeak: Sinestezina. “Singlearen filosofiaren alde egitea erabaki dugu”, azaldu du Roberto Moso abeslariak. Entzun kanta hemen.

Inigo Astiz
2013ko apirilaren 30a
14:40
Entzun

Aukera ikusi, eta baliatzea erabaki dute Zarama taldeko kideek. Baga Biga etxeak egin die EP labur bat kaleratzeko eskaintza, eta onartu egin dute erronka. Kanta berririk ez dute sartu, baina esanguratsua da urratsa. Kanta berriz osatutako disko luze baterako pausu bat, nolabait ere. Oraingoz, beren kanta zaharragoen zaharberritze bat eta bi bertsio batu dituzten diskoan, baina izan daiteke gehiago etorkizunean. Taldekideek azaldu dutenez, badute abesti berri sorta bat prest, baina pixkanaka joatea erabaki dute. Urratsez urrats. Baina aurrera. Roberto Moso abeslariak azaltzen du zergatik: "Gutxi dela? Baditugu kanta gehiago, baina oraingoz lan labur bat ateratzea iruditu zaigu inteligenteena".

Urteak badaramatzaten arren, oraindik ere gustora aritzen direla dio Mosok, eta jarraitu egingo dutela aurrera hala jarraitzen duten bitartean. 80ko hamarkadan sortu zen taldea eta euskal rockaren ikono nagusietariko bat izan da gerzotik. 1994an taldea desegitea erabaki, eta 15 urtetara erabaki zuten itzultzea, eta zuzeneko disko bat ere grabatu zuten. 19 urte badira, ordea, azken estudio lana kaleratu zutenetik. Horregatik da garrantzitsua Sinestezina. Tontxu Tabares aldeko gitarra jotzaileak Santurtzin duen S.T.S. Estudioan grabatu dute diskoa, eta gustora daude taldekideak emaitzarekin.Moso: "Etxean bezala egon gara. Presiorik gabe".

Jatorrizko kritika berreskuratuta

Taldekideen hitzetan, beren sorterriari eskainitako "mindutako maitasun kanta bat" da single gisa hautatu duten kantua: Sinestezina. Eta gora beheratsua da haren ibilbidea. Santurtzin 1994an egindako ibilaldirako sortu zuten kanta, baina hitzetan euskarari buruzko erreferentzia argirik ez zegoela eta, atzera bota zuten antolatzaileek. Horregatik, bai, baina ez horregatik bakarrik. Izan ere, zorrotza du eztena kantak: “Bingoa zabaldu dute non zinea geneukan./ Anabasa gorrian jada ez dugu fabrika/ Gure haurtzaroko landetan/ hamar pisuko etxea./ Non dago maite nuen herri kuttuna?/ Non hemen dirudun bihurtu direnak?”. Gero moldatu egin zuen kantua Urreztieta Konexion taldeak Trapagan ospatutako Ibilaldirako. Aldatu egin zizkieten hitzak horretarako Zarama taldeko kide izandako musikariek, eta 1996ko kantu ofiziala izan zen. Orain, jatorrizko bertsioa da grabatu dutena. Jatorrizko hitzekin. Jatorrizko kritikarekin. “Hori da beti gehien gustatu zaiguna”, azaldu du Mosok.

Horrez gainera, Jon & Johny Cash eta Bring a little loving kantuak ere badakartza diskoak. Johny Cash musikariari egindako omenaldi bat da lehena. Kantugile amerikarrari eskainitako bilduma baterako sortu zuten berez kantua, baina orain diskorako berreskuratzea erabaki dute. Boisen jaiotako gizon baten istorioa kontatzen du kantak. Erdi inglesez, eta erdi euskaraz. "Ni jaio nintzen Boisen/ John da nire izena./ Familian beti/ I was told that I/ nintzen from a very old herria". Baina zer ikusi gutxi izango du berak ezagutuko duen Euskal Herriak, gurasoek kontatutako harekin. Eta euskara eta inglesa nahasten ditu Diskoko azken kantak ere. The Easybeats taldearen abesti baten bertsioa da, baina moldatu egin dituzte hitzak hemen ere, eta euskaraz amaitzen dute kantuan.

Maiatzaren 26an Portugaleten ospatuko den Ibilaldian izango dira zuzenean oraingoz, eta bideoklip bat grabatzeko asmoa ere badutela aurreratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.