Zazpi herrialdetako kantu inprobisatzaileak bilduko dira Donostian, uztailean

Europa bat-batean topaketan, jardunaldi akademikoak egingo dituzte goizez, eta emanaldiak arratsaldez. Jaialdia izango da azken egunean

Joan den apirilean Iruñean egindako saioa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa hartuko du Donostiak uztailaren 11tik 16ra. Astebetez, jardunaldi akademikoak egingo dituzte goizero, Miramar jauregian, eta arratsaldez, berriz, emanaldiak izango dira hiriburuko hainbat lekutan. Zazpi herrialdetako kantu inprobisatzaileak bilduko dira topaketan: Austria, Gales, Herrialde Katalanak, Kuba, Mexiko eta Zipreko ordezkariak ariko dira Donostian, Euskal Herriko bertsolariekin batera. Azken egunean, jaialdia egingo dute Kursaalen, egitasmoari amaiera emateko; aste osoan topaketan parte hartu duten inprobisatzaileak izango dira ekitaldian.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak elkarlanean antolatu dute topaketa. «Munduko beste kantu inprobisatuak ezagutzea, adierazpide ezberdinen arteko zubiak eraikitzea, eta bertsolaritza gure mugetatik kanpo ezagutaraztea» dira egitasmoaren helburuak, antolatzaileek azaldu dutenez. Iazko udazkenean, lehen bi topaketak egin zituzten, Bartzelonan eta Leonen (Espainia), eta aurtengo apirilean, berriz, Euskal Herrian zehar zazpi ikuskizun eskaini zituzten Herrialde Katalanetako, Kurdistango, Sardiniako eta Euskal Herriko inprobisatzaileek. Hala, egitasmoak hirugarren geltokia izango du uztailean.

Arratsaldeko emanaldiak ez dira beti leku berean izango: Donostiako portuan egingo dute bat, alde zaharrean beste bat... Emanaldietan, atzerriko ordezkariak eta bertsolariak elkarrekin ariko dira. Besteak beste, Manex Agirre, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio ariko dira kantuan. Itzulpen zerbitzua ere eskainiko dutesaio guztietan.

Emanaldi horiek «modu xeheagoan ulertzeko gakoak», berriz, goizero Miramar jauregian egingo diren jardunaldi akademikoetan emango dituzte. Haietan izena emateko epea ireki dute jada.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.europabatbatean.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.