Zea Mays apirilaren 9an itzuliko da, hilabeteetako etenaren ondoren

Aiora Renteriaren minbiziak agertokietatik kanpo izan du taldea azken boladan, baina bueltan direla iragarri dute. Bilboko Santana aretoan izango da itzulerako eta 25. urtemugako lehen kontzertua

Zea Mayseko abeslari Aiora Renteria kantuan, 2018ko Hatortxu Rock jaialdian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Andoni Imaz - Itziar Ugarte Irizar
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Negua indarrak hartzen igaro ostean, udaberriarekin batera loratuko da berriro Zea Mays. Taldea agertokietatik kanpo egon da hilabete batzuez, Aiora Renteria abeslariak umetokiko minbizia izan duelako. «Oholtzan eusten nauen gorputzak lehentasunez zaintzeko deia egin dit», esan zuen azaroaren 1ean, albistea ematearekin batera. Urgentziazko ebakuntza bat egin behar izan zioten, baina, atzo iluntzean sare sozialetan iragarri zutenez, «atseden hartu ondoren eta zaintza pertsonalari denbora bat eskaini ostean», bueltan da taldea.Aurten 25 urte beteko dituzte agertoki gainean, gainera, eta hori ospatzeko lehen kontzertua apirilaren 9an emango dute, Bilboko Santana aretoan, 25 urte joan dira ta! izenpean.

Garaiari buruz hitz egiteko balio lezakete taldeak iaz atera zituen bi lan laburrek: Adore eta Kemena. Bina kantakoa bakoitza. «Beldurrik gabe jarraitu/ denari buelta eman/ ta ahaztu/ ta berriro hasi, ta nahastu/ ta zerotik hasi, ta aldatu», abestu zuen Renteriak Zuk borroka hasi kantuan.

Itzulera eta kontzertua soilik ez, single berria prest dutela ere aurreratu du taldeak: martxoaren 3an argitaratuko dute. «Denbora honetan proiektu berrietan lan egiteko aukera ere izan dugu», adierazi dute.

Apirilaren 9ko kontzerturako sarrerak, berriz, bihar jarriko dituzte salgai, 12:00etatik aurrera, zea-mays.com helbidean. Bidenabar, musikariek abagunea baliatu nahi izan dute zaleei esker ona adierazteko ere: «Oso eskertuta gaude orain arte jasotako babesagatik, eta denok batera abestiek duten indarra partekatzeko gogotsu gaude».

Renteriak (ahotsa), Iñaki Imaz Piti-k (gitarra), Ruben Gonzalezek (baxua) eta Asier Basabek (bateria) sortu zuten taldea, 1997ko ekainean, Bilboko Errekalde auzoan. Orain bi urte argitaratu zuten beren bederatzigarren diskoa, orain arteko azken lan luzea: Atera. Laurek elkarrekin grabatu zituzten kantak estudioan, soinua zuzeneko emanaldi baten ahalik eta antzekoena izan zedin. Izan ere, urte hauetan guztietan ehunka kontzertu eman dituzte, eta horietan erakutsitako indarra bihurtu da taldearen ezaugarri nagusietako bat. Sendoa eta energia bizikoa da haien musika, eta askotariko bideak ibili ditu rockaren lurralde zabaletan.

Disko gogoangarri ugari egin dituzte. Elektrizitatea lanarekin (Gor, 2000) izan zuten lehen arrakasta handia. Hala azaldu zuen Xabier Doncelek Badok atarian: «Diskoari izena ematen dion abestia da ziurrenik Bilboko laukotearen ezagunena eta taldearen esentzia jasotzen duena: energia, intentsitatea, harmonia eta, guztiaren gainetik, Aiora Renteriaren ahotsa».

Haren ondoren egin zituzten Harrobian barnera begirakoa (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Sortuz, grabitatearen aurka indartsua (Oihuka, 2004), Morphina soinu astunekoa (Bonberenea Ekintzak, 2007), eta Era (Bonberenea Ekintzak, 2010). Aipatutako azkena bilakatu zen taldearen diskorik arrakastatsuena, Negua joan da ta eta Kukutza III kanten oihartzun handiari esker. Luze ibili ziren zuzenean aurkezten.

Izenburu laburreko lanak egin izan dituzte, oro har; musikaren moduan, kolpe bakarrean entzulearengana iristeko modukoak. Horrelakoa izan zen hurrengoa ere: Da (2013), taldeak berak editatutako lehenengoa, kantu zuzenez eta soinu berrituz osatua, betikoak eta berriak zirela iradokitzen zuena. Hurrengo lanean, Harro diskoan (Garden Records, 2016), sintetizadoreek beste leku bat hartu zuten: «Guk geuk sortutako programazio eta sintetizadoreen gainean jolastuz sortu ditugu diskoko kanta erdiak-edo. Eta, horri esker, freskotasunari eustea lortu dugu», azaldu zuen Pitik. Soinu horien presentzia areagotu egin zuten Atera-n, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.