Harro. Hitz bakar horrekin izendatu du bere ibilbideko zortzigarren diskoa Zea Mays taldeak. 20 urte beteko ditu laukoteak 2017an, eta egindakoarekin pozik daudela adierazteko modu bat da izenburua. “Egin dugun guztiaren ondorio da Harro”. Harro daude egindako ibilbideaz, harro taldea hasi zuen laukotea mantentzen asmatu izanaz, harro 1.000 kontzertu baino gehiago eskaini izanaz, eta harro diskorako sortutako 15 kanta berriez ere. Orain arte kanta batzuk baino ez dituzte aurreratu, eta gaur jarri dute disko osoa salgai.
[youtube]https://youtu.be/oL5uD5tg93o[/youtube]
Aurreko diskoan egindako lanarekin pozik gelditu ziren taldekideak, eta formula errepikatzea erabaki dute horregatik. Dave M. Allen izan dute ekoizle oraingoan ere (The Cure), Tio Pete estudioan grabatu dute oraingoan ere, Jose Lastra izan dute soinu teknikari, eta Londresen nahasi eta masterizatu dute diskoa orain ere. Dena berdin, eta dena ezberdin, halere. “Gauza berri pila dauzka diskoak”, azaldu du Aiora Renteria abeslariak. Eta Iñaki Imaz Pitik eman ditu zehaztapenak: “Diskoko kanten erdiak programazio elektroniko gainean jolastuz sortu ditugu. Horri esker lortu dugu freskotasun bat abestietan”. Horrez gainera, kantak ohi baino laburrago atera zaizkiela ere zehaztu du gitarra jotzaileak. “Zuzenago sartu gara kantaren muinera. Gure diskorik laburrena da hau, horregatik. 15 kanta izan arren, 53 minutu inguru ditu”.
Ofizialki azaroaren 12an hasiko du taldeak diskoaren aurkezpen bira Bartzelonan, baina astebruru honetan hiru kontzertu sorpresa emango ditu Euskal Herrian. Ez dute kokapenik ez ordutegirik zehaztu nahi izan. “Kontzertuaren aurreko egunean emango dugu lekuaren berri gure sare sozialetan”. Areto txikiak izango direla aurreratu dute soilik.
[youtube]https://youtu.be/exDO7ZqplJ8[/youtube]
Garden Records zigilua sortu dute okasiorako. Taldearen diskoak kaleratzeko soilik sortu dute zigilua, eta, beraz, orain arte bezala, eurek jarraituko dute beren lana banatzen eta sustatzen. Gaur bertan jarri dute diskoa salgai beren Bandcamp orrian eta disko dendetan ere egongo da. Horrez gainera, Durangoko Azokan erakusmahaia jarriko dute, eta kontzertuetan ere salduko dute diskoa. Aurreko lanak banatzerakoan hainbat formula frogatu ditu taldeak, eta oraingoan eskura dituzten bide guztiak baliatu dituzte.