Duela hemezortzi urte, Anthony Hegartyk The Johnsons taldearekin grabatutako I'm a Bird Now diskoarekin bere burua mundu osoan ezagutarazi zuenean, inor gutxik pentsatuko zuen zer-nolako ibilbidea egingo zuen handik aurrera. Lan hark modu agerikoan hitz egiten zuen pertsona trans gisa egiten ari zen bideaz —mina eta etsipena erakutsiz askotan—, eta, ahots miragarri bati esker, oihartzun eta errekonozimendu handia lortu zuen berehala.
Gerora, segitu zuen The Johnsonsekin jotzen eta grabatzen, baina trantsizioaren ondorioz, 2015ean, Anohni izenarekin, taldea atzean utzita eta sonoritate oso ezberdin batekin azaldu zen berriro plazara. Hudson Mohawke eta Oneohtrix Point Never musikarien ekarpenari esker, Hopelessness elektronika abstraktu eta ilunak bustitako lana da.
My Back Was a Bridge for You to Cross (2023) zortzi urteko etenaren ostean iritsi da, eta The Johnsons taldearekin grabatu du berriro ere Anohnik. Horrek berak ekarri du beste soinu aldaketa bat. Bere lehenengo diskoen moldeetatik hurbilago, Anohnik berak adierazi du Nina Simoneren eta What's Going On (1971) diskoko Marvin Gayeren eraginpean grabatu dituztela diskoa osatzen dituzten hamar kantuak, eta hori nabarmena da bilduma osoari darion soul kutsuan.
Maitasunaren alde
My Back Was a Bridge for You to Cross erresilientziari, borrokari, maitasunari eta ahizpatasunari buruzko lan bat dela ere azaldu dute diskoaren aurkezpen oharrek, eta azalera Marsha P. Johnson LGBTI eskubideen aldeko aktibistaren irudi bat eraman izana ere horren adibidea da.
Musikalki, berriz, Anohniren aspaldiko lanik argitsuena da, melodia gogoangarriak biltzen dituena. It Must Change-rekin hasten denetik, kantariak eta haren laguntzaileek —Leo Abrahams (gitarra eta pianoa), Chris Vatalaro (baxua), Sam Dicon (bateria), Rob Moose (hariak) eta Jimmy Hogarth (gitarra)— soinu erabat natural eta organikoa ondu dutela erakusten dute, musika beltzari aurrez aurre begiratzen diona, batzuetan modu ia katartikoan —Can't eta Rest kantuak, adibidez, soul crescendo sutsuz jantzita datoz—, eta besteetan molde barnerakoiak erabilita—Silver of Ice, Lou Reed lagunaren azken egunetako hitzak gogora ekartzen dituena—. Gitarra distortsionatuak lehen planoan jarrita, kantu bakar bat aldentzen da diskoari darion batasun horretatik: Go Ahead.
Zeharkatutako zubi bat
Azken urteetan landutako elektronika abstraktua atzean utzi, eta soul musikaz blaitutako disko batekin itzuli da Anohni: 'My Back Was a Bridge for You to Cross'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu