Eneritz Zabaletak irabazi du Aiziritzeko (Nafarroa Beherea) finalerdia, eta Maddalen Arzallus eta Ramuntxo Christy ere utzi ditu finalerako Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko bigarren finalerdiak. Horrela bada, finalerdi bakoitzetik hiruna bertsolari sailkatu dira Baionan, azaroaren 15ean, jokatuko den finalerako: Sustrai Colina, Odei Barroso eta Xumai Murua Larresoroko (Lapurdi) finalerditik, eta Zabaleta, Arzallus eta Christy Aiziritzetik. Seikotean Christy da finalean lehen aldiz kantatuko duen bakarra. Arzallus finalera itzuliko da: lehen edizioan parte hartu zuen, eta finalera iritsi zen; ondorengoetan ez zuen parte hartu.
Bideoa: finalaurrekoaren osteko adierazpenak ('Ipar Euskal Herriko Hitza').
[YouTube]http://youtu.be/iYL8dFjK-sk[/YouTube]
Patxi Iriart, Aitor Servier eta Egoitz Zelaiak osatu dute seikotea Aiziritzen. Zabaletak 300,5 puntu lortu ditu; Arzallusek, 298; Christyk, 296; Iriartek, 289,5; Servierek, 285; eta Zelaiak, 282. Besteak beste, Christyren eta Iriarten umoreak eraginda, Larresorokoa baino saio beroagoa izan da Aiziritzekoa. 280 bertsozale bildu dira Herriko Gela egokituan.