Zinema sukalderaino eramatea da Donostiako Zinemaldiaren Culinary Zinema sailaren helburua. 2010ean sortu zuten gastronomia ardatz duten filmak biltzen dituen atala, eta sei dokumental eta fikzioko film luze bat eskainiko ditu aurten. Tokyo Gohan saria eskuratzeko lehian izango dira guztiak, eta pelikulen edukiari lotutako afari batekin batera antolatu dituzte proiekzioak. Irailaren 5ean jarriko dira salgai emanaldi eta afarietarako sarrera-txartelak. 70 euroko prezioa izango dute afaria eta filmaz gozatzeko sarrerek, eta 7,20 eurokoa pelikula soilik ikustekoek.
Theater of Life filmak abiatuko du saila, eta Refettorio Ambrosiano jantoki sozialaren esperientzia kontatzen du lanak. Massimo Botturak sustatu zuen jantoki hori 2015eko Milango Erakusketa Unibertsalaren harira. Munduko 40 sukaldari ospetsuenetako batzuk bildu zituen Botturak, eta jantoki sozialerako jarri zituen lanean: zer, eta erakusketako pabiloietan alferrik galdutako elikagaiak soilik baliatuta. Hori da filmak kontatzen duena, eta Peter Svatek zuzendari kanadarrak zuzendu du.
Argentinaren erretratu bat eskainiko dute Mariano Cohn eta Gaston Duprat zuzendariek, herrialdeko jatordu ikonikoenaren bidez. Todo sobre el asado deitzen da Donostian eskainiko duten dokumentala, eta horixe izango du ardatz: errekia.
Intsektuak izango dira Bugs filmeko elementu zentrala. Izan ere, Nordic Food Lab izeneko laborategia gidatzen duen Rene Redzepiren ustez, hori da etorkizuneko elikadura, eta Andreas Johnsen zinemagileak laborategi horretan lanean aritzen diren bi sukaldariren nondik norakoak bildu ditu pelikulan.
Merkatuaren bihotzera
Soziologia laztantzen du Roberto Najera zinemagile mexikarraren Baja Taste dokumentalak ere. Kalifornia Hegoaldean garatzen ari den mexikar sukaldaritza berria da filmaren gaia, eta lau sukaldariren lanaren bidez aztertuko du fenomeno hori. Luis Gonzalez zuzendariak, berriz, Jordi eta Joan Roca sukaldariek Turkian egindako bidaia kontatuko du The Turkish Way dokumentalean, eta Naotaro Endo zuzendariaren lanari esker, munduko arrain eta itsaski merkaturik handiena ezagutu ahalko du barrutik ikusleak. Izan ere, Tokioko Tsukiji merkatuari buruzkoa da Tsukiji Wonderland filma.
Mitsuhito Shiradaren lana izango da saileko fikzioko lan bakarra: Mama, gohan mada? (Ama, zer dago afaltzeko?), eta Tae Hitoto idazle eta aktorearen nobela izango du oinarri.
Zeluloidezko gutiziak
Sei dokumental eta fikzioko film luze bat lehiatuko dira Gohar saria eskuratzeko Zinemaldiko Culinary Zinema sailean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu