Literatura

Zen maisua idaztearen artean

Ray Bradbury idazle zendu berriak ia laurogei urte eman zituen idazteko zereginari estu lotuta. Eskarmentu horretan ikasitakoak azaldu zituen 'Zen in the Art of Writing' liburuan.

2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Bizialdi osoa eman zuen Ray Bradburyk idaztearen artea lantzen eta lanerako metodoa fintzen. 12 urte zituelarik hasi zen idazten, eta 91rekin hil arte aritu izan da zeregin horretan. Hastapenetan, egunero 1.000 hitz idazten zituen, gustuko idazleak imitatuz gehienbat. Gai posibleetarako hitz-zerrendak egiten hasi zenean ohartu zen, hain zuzen, bertan azaleratzen ari zirela inkontzientean gordetako hainbat gertakizun.

Zen in the Art of Writing (Zen idaztearen artean) ez zuen liburu izateko idatzi. Izenburua nahita jarri zion, ez soilik deigarri izateko asmoz, ezta Zen budismoarekin lotuta zegoelako ere. Izatez, budismoaren Zen adarrak zerikusi gutxi du idaztearen artearekin, baina praktikan oinarritzen denez, horretan bat egiten du Bradburyren ideiekin. 1961 eta 1990 urteen artean idatziriko 11 artikulu edo saiakera labur biltzen ditu liburuak. Idatzi guztiak mugitzen dira ardatz beraren bueltan: idaztearen artea. Egilea ez da erreferentzietan eta orokorkerian galtzen; bere esperientziatik abiatuta, irakurleei zintzoki azaldu nahi die eskarmentu horretan ikasitakoa.

Bere idazteko metodoa hiru ekintzatan laburbildu zuen: lan egin, lasaitu, eta ez pentsatu. Egunero-egunero lan egitearen poderioz, erritmo bat hartzen du lanak, eta idazleak gorputzean antzematen du aldaketa, Bradburyk dioenez. Jada ez dago hasierako tentsioa, izan ere, hura desagertzean dator lasaitzea. Une horretan hasten da burua askatzen eta ez pentsatzen; orduan sortzen da Bradburyk bilatzen zuen benetakotasun hori. «Goizero-goizero, ohetik salto egin eta mina bat zapaltzen dut. Mina hori neu naiz. Leherketaren ostean, egun osoa ematen dut pusketatxoak bilduz».

Bradburyren ustez, bizitzan ez da deus benetako sormena gainditzen duenik. Baina nondik dator sormen gaindiezin hori? Norbere egiatik. Nork bere egia esan behar du, ez besterentzako gezurra. Bradburyk arbuiatzen zituen bai gezurti komertzialak, bai abangoardiako gezurtiak. Haren ustez, gezurra esateko bi modu baitira diruagatik idaztea, edota esnobismoagatik.

Baina nork beretik idaztea ez da aski. «Idazle batek idazten badu indarrik gabe, suhartasunik, maitasunik gabe, dibertitu gabe, orduan erdibideko idazlea izango da. Izan ere, horrek esan nahi du begi bat merkatuan jarria duela, edota belarri bat abangoardietan, eta, horrenbestez, idazle hori ez dela bera izaten ari. Ez du bere burua ezagutzen ere. Idazle baten lehenengo betebeharra jarioa da: sukarraldiz eta gainezkaldiz beteriko izakia izatea. Indar horren faltan, hobe luke muxikak landatu edo zanga-zuloak egingo balitu».

Idazlearen dieta

Idazleak beharrezkoa du, bestalde, Musari (edo sormena) bere ondoan eustea. Horretarako, Bradburyren esanetan, bizitzaren gose izan behar du, eta Musa etengabe elikatu. Derrigorrezkoa da adi egotea, baita denetarik jatea ere. «Gure kultura eta garaiotan, zaborrez bezain aberats gaude altxorrez. Batzuetan apur bat zaila da altxorra zaborretik bereiztea, hortaz geure burua bridatzen dugu, iritzia azaltzeko beldur. (…) Zorionez, aski zentzudun izan naiz, eta sekula ez diot utzi mugitzeari, ikasteari, hazteari».

Literatur dieta egiteko gomendioak ere ematen ditu Bradburyk: «Irakur ezazu poesia egunero. Ona da poesia, lantzen dituelako gutxi erabiltzen ditugun giharrak. (…) Poesia liburuetan ideiak topa ditzakegu nonahi; hala ere, ipuingintzako maisu gutxik gomendatzen dute horiek irakurtzea». Saiakerak ere goraipatzen ditu: «Munduaren neurriak, itxura eta koloreen zentzua ulertzeko lagunduko dizuten liburuak irakur itzazu».

Eta ipuinak eta nobelak? Jakina. «Zuk idatzi nahiko zenukeen moduan idazten dutenen lanak irakur itzazu, pentsatzen dutenak zuk pentsatu nahi duzun moduan. Baina baita zure moduan pentsatzen ez dutenak ere, zuk nahi ez duzun moduan idazten dutenak. Utz ezazu zeure burua joaten luzaroan hartuko ez dituzun norabideetarantz».

Zen in the Art of Writing liburuan beste hainbat kontu interesgarri ere aipatzen ditu Bradburyk. Esaterako, 12 urte zituela zirkuan ezagutu zuen pertsonaia hark (Mr. Electrico) eskua buru gainean jarri eta «bizi hadi betiko!» esan zionekoa. Azaltzen ditu, era berean, bere ipuin askoren iturburuak, baita bere libururik ezagunenen (Fahrenheit 451 eta Martian Chronicles) nondik norakoak ere. Bradburyk aitortzen du bere mundu fantastiko gehienen jatorria AEBetako Waukegan jaioterrian dagoela. Unibertsoa etxean dagoela, alegia.

Azkenik, zientzia fikzioaren gorazarre egiten du Ray Bradburyk, eta behar-beharrezko irizten dio halako liburuak eskoletan irakurtzeari. Laburbilduz, modu ezin naturalagoan azaldu zituen idaztearen artifizioak, eta honako ideia hau azpimarratu: gozarazteko, gozatu egin behar dela. «Beraz, izan zaitezte pragmatikoak. Ez bazaudete gustura zuen idazkerarekin, eman iezaiozue aukera bat nire metodoari». Hala, berak uste du aise aurkituko diogula «lana» hitzari beste sinonimo bat: «maitasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.