Zenbat Gara elkarteak eta Kanaldude telebistak jasoko dituzte aurtengo Elkar sariak

Ibilbidearen Saria jasoko du Zenbat Gara-k, eta Proiektuaren Saria Kanaldudek. Elkar fundazioak 2016tik banatzen ditu, eta hamargarren aldia da aurtengoa. Sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 3an izango da, Bilboko Kafe Antzokian.

Joanmari Larrarte Elkar Fundazioko lehendakaria eta sarituak, gaur, Elkarren egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU
Joanmari Larrarte Elkar Fundazioko lehendakaria eta sarituak, gaur, Elkarren egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Aduna
2025eko maiatzaren 13a
11:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal proiektu, kolektibo, egitasmo eta bestelako taldeak saritzen eta omentzen ditu Elkar fundazioak Elkar sarien bitartez. Bi sari ematen ditu: Ibilbidearen Saria —urtero ematen dena—, kolektibo batek «urte luzez» egindako lana aitortzeko, eta Proiektuaren Saria, martxan den edo berria den kultur egitasmo bati ematen zaiona. Bi urtetik behin ematen da sari hori. Gaur bertan jakinarazi dituzte zeintzuk izango diren aurtengo izendatuak: Zenbat Gara elkartearentzat izango da Ibilbidearen Saria, eta Kanalduderentzat Proiektuaren Saria.

Joanmari Larrarte Elkar fundazioko lehendakariak adierazi duenez, «joan den mende amaieratik hona egindako bideagatik» erabaki dute Zenbat Gara saritzea. 1990eko hamarkadan sortu zen elkartea, Bilbon, Gabriel Aresti euskaltegiaren inguruan. Bilbotarrak euskalduntzea eta saretzea izan da hasieratik haren helburua, eta asko dira aurrera eraman dituen egitasmoak: Kafe Antzokia, Bilbo Hiria irratia, Algara konpartsa, Erroa argitaletxea... «Euskaraz bizitzeko eremu seguruak eskaintzen zaizkio euskaldun orori, arnasguneak», gehitu du Larrartek.

«Gizartea aldatu da, baina, tamalez, Bilboko panorama linguistikoa ez da aldatu»EIDER CORTEZOZenbat Gara elkarteko kidea

Elkartearen sorreran Bilbon bizi zen egoera soziolinguistikoaz oroitu da Eider Del Canto, elkarteko kidea. Bere esanetan, Gabriel Aresti euskaltegian ikasitako «ehunka» ikaslek ez zuten euskaraz aritzeko inongo aukerarik: «Ostalaritza, kultur ekitaldiak, aisialdia... dena gaztelaniaz zen. Haurrek ere ez zuten euskaraz jolastu, bizi edo amesteko aukerarik ere».

Bide «luzea» egin dutela azaldu du Del Cantok, baina duela 30 urteko Bilbo hartatik gauzak ez direla hainbeste aldatu ohartarazi du. «Gizartea aldatu da, baina, tamalez, panorama linguistikoa ez da aldatu», gehitu du alboan duen Eider Cortezok. Hirian Zenbat Gara-ren zein bestelako elkarteen lana beharrezkoa dela uste dute bi kideek. Cortezo: «Erronka badaukagu, euskaldunak egon badaude. Gure artean elkartzen eta saretzen jarraitu behar dugu».

Ate berriak irekitzea

Proiektuaren Elkar Saria, berriz, Kanalduderentzat izango da. 1997an Aldude ibarrean (Nafarroa Beherea) sortutako telebista da. Txikitik hasi baina denboraren poderioz handituz joan den hedabide bat da, eta egun Ipar Euskal Herri osoko telebistetan dago ikusgai, bai eta Internet bidez ere. Kanalduderen egokitzeko ahalmena azpimarratu nahi izan du Elkar fundazioko lehendakariak: «Urtez urte, euskarazko telebista eskaintza ingurura zabaltzeko helburua zuela, etengabe joan da egokituz unean uneko aukerak eta beharrak kontuan hartuta».

Euskararen afera da, Kanalduderi dagokionez ere, gainditu beharreko erronketako bat. Ipar Euskal Herrian, 350.000 biztanle ingurutik %20 inguruk soilik hitz egiten dute euskaraz. «Gutxi dira, baina geureganatu nahi ditugu», esan du Pantxika Maitia Kanaldudeko kideak. Bestalde, Aldudeko herritarrekin elkarreraginean aritzeko eta bertako dinamika kolektiboen berri emateko egiten duten lanketa ere azpimarratu ditu.

«[Kanaldude] Urtez urte, euskarazko telebista eskaintza ingurura zabaltzeko helburua zuela, etengabe joan da egokituz unean uneko aukerak eta beharrak kontuan hartuta»JOANMARI LARRARTEElkar Fundazioko lehendakaria

2018az geroztik Bidarrain (Nafarroa Beherea) du egoitza telebistak, eta horrek aukera berriak eskaini dizkio. Gainera, Frantziako Gobernuak, lehen aldiz, Kanaldude telebista gisa aitortzeak ere lagundu die: «Dinamika eta ate berriak irekitzeko aukera eman digu, baita garapenerako perspektiba izatekoa ere», azaldu du Eki Pagoaga kideak.

Besteak beste, azken urteetan garatzen ari diren sorkuntzaren inguruko gogoetari tiraka, Ipar Euskal Herriko zinemagileak laguntzea erabaki dute. Hiru film labur, fikziozko bi film luze eta bi dokumental ekoizteko deialdiak dituzte martxan. Gainera, laster zineman eta ikus-entzunezkoetan lan egiteko gune bat irekiko dute euren egoitzaren ondoan. Elkar saria dinamika horiekin aurrera jarraitzeko bultzada izango dela gehitu du Pagoagak. 10.000 euroko diru saria jasoko dute.

Bilboko Kafe Antzokian izango da sariak banatzeko ekitaldia. Aurtengo sarituei egindako keinu bat dela adierazi dute antolatzaileek. Datorren ekainaren 3an izango da, asteartez, 18:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.