Zentsuraren atzaparretik ezin atera

Fermin Muguruzak kontzertua eskainiko du abenduan, zentsura salatzeko. Adierazpen askatasunik ezak askotan jarri du jomugan kultur mundua; auzi bati aurre egin, sormen lanak erretiratu, isunak ordaindu edota barkamena eskatu behar izan dute artista askok.

Itziar Ituño, Jon Maia eta Ramon Agirre, Sarek deitutako manifestazioan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Itziar Ituño, Jon Maia eta Ramon Agirre, Sarek deitutako manifestazioan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko apirilaren 22a
05:10
Entzun

Borreroak bezala, zentsurak ere baditu milaka aurpegi, eta horietarik asko ezagutu ditu Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak, Kortatu taldea sortuz geroztiko ibilbidean. Nola Muguruzak hala hura aintzat hartzen dutenek. Berriki, Bellreguard-eko (Valentzia, Herrialde Katalanak) Joan Fuster institutuko zuzendaritzako sei kide eraman dituzte epailearen aurrera, Toni Espinar margolariaren horma irudi bat jartzeagatik zentroan. Funtsean Fermin Muguruzaren erretratu artistiko bat da, Black is Beltza 2 filma aurkeztera joan zenerako egina. Doktrinamenduaren aurkako hezitzaileen elkarteak ezarri zien kereila institutuko arduradunei, «terrorismoa goraipatu» egin dutelakoan; eta epaileak, onartu.

90eko hamarraldira joz gero, Fermin Muguruzarekin batera, Negu Gorriak-eko taldekideek, Angel Katarain soinu teknikariak, Jon Maia bertsolariak eta Esan Ozenki argitaletxeak pairatu zuten adierazpen askatasunik eza, Enrique Rodriguez Galindok —garai hartan Guardia Zibileko teniente koronel eta Intxaurrondoko kuarteleko buru— auzitara eraman baitzituen Ustelkeria abestian (Gure jarrera, Esan Ozenki, 1991) haren aipua egiten delako. Zehazki, «bere ohore eskubidean sartze ez-legitimoa» egitea leporatu zien. Abestia behin betiko isiltzea ez ezik, zigor ekonomikoa ere eskatu zuen Rodriguez Galindok —90.000 euro inguru—, eta horrek, Negu Gorriak taldearen etorkizuna ez ezik, kolokan jarri zuen Esan Ozenki diskoetxearen bideragarritasuna ere.

Bide judizial luze eta bihurri baten ostean —eta tartean Hitz Egin! kereilatuen aldeko elkartasun kanpaina ezagututa—, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Rodriguez Galindoren eskaera. 2000ko ekainaren 7an eman zuen ebazpena, eta zazpi hilabeteren ostean ospatu zuten Negu Gorriak taldeko kideek, 2001eko otsailean hain zuzen, Gurea da garaipena izenburupean hiru kontzertu emanda. Kide bakoitza bere kasa zebilen ordurako.

Garaitsuan, Flitter musika taldeari 900.000 pezetako isuna ezarri zion Gasteizko epaitegiak, Ke hace aquí abestian Ertzaintza iraintzea egotzita, zuzeneko erreferentziarik egiten ez zion arren. «Zipaio» hitza erabiltzea izan zuten bekatu, eta horregatik zigortu zituzten. Isunari aurre egiten laguntzeko, kontzertua antolatu zuten Iruñean.

Mende hasiera latza

Su Ta Gar taldeak hainbat kontzertu galdu zituen 2003an, horietarik batzuk Euskal Herritik kanpo. Lehenengoa Gasteizen galdu zuen, Aitor Gorosabel kantariak esan zuenez, «preso politiko batek idatzitako kantu bat zela-eta liskarrak hasi zirelako». Hura gertatu eta gero, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak haien kontratazioak galarazteko kanpaina bati ekin zion. Elkarte horrek, izan ere, musika talde eta kontzertu asko jo zituen okerreko begiz, tartean Fermin Muguruzak eta Manu Chaok Malagan eta Murtzian (Espainia) eskaini behar zituztenak. Urtebeteren buruan, 2004ko maiatzean, Soziedad Alkoholika taldearen aurkako salaketa aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta La Razón eta El Mundo egunkariek hauspotu egin zuten kanpaina. Gorabeheratsua izan zen bidea, baina azkenerako errugabetzat jo zuten Soziedad Alkoholika taldea, 2006an. Alabaina, 2015ean berriro haizatu zituzten akusazioak, Flitter taldearekin batera Madrilgo Vista Alegre zezen plazan eman beharreko kontzertua zela eta. Kontzertu hura ere bertan behera utzi zuten.

Soziedad Alkoholika errugabetu zuten urte berean, Berri Txarrak taldeari egokitu zitzaion txanda, eta jo ezinik utzi zuten Madrilen. 2015ean ere izan zen haien aurkako saiorik, Zaragozan hain zuzen, baina antolatzaileek eutsi egin zioten deialdiari —NATOren aurkako kontzertua zen—, eta, PPkoen asmoak asmo, egin egin zen kontzertua. Evaristo Paramos La Polla Records eta Gatillazo taldeetako abeslaria, berriz, atxilo hartu zuten Jerez de la Fronteran (Espainia), kontzertua amaitu ostean, 2018an. Isuna ere jarri zioten, «Polizia iraintzeagatik».

Musika munduak pairatu duen zentsurak luzea du itzala, eta urrutikoak sustraiak. Ezin ahantzi 80ko hamarraldiko kasuak. Eskorbuto taldeko kideak itxuragatik atxilo hartu eta haien testuak deskubritu eta irakurri ostean, Terrorismoaren Kontrako Legea ezarri zieten 1983an, Madrilen. Vulpes taldearen afera ere sonatua izan zen. Espainiako telebistako agerraldi bat zela eta, Estatuaren Fiskaltzak Loles Vasquez taldekideari salaketa jarri zion, «eskandalu publikoa» egotzita. Eskorbutokoen aurkakoak bezala, saiakera horrek ere ez zuen aurrera egin.

Baita arte munduan ere

Musikari izan edo beste kultur arloren batean aritu, zentsurak jomugan izan ditu beti presoak, preso ohiak eta haien aldeko politikak ahotan hartu edo sostengatu dituzten artistak. Itziar Ituño aktoreak badu zer esanik gaiaz. Salbuespeneko espetxe politikaren aurkako mobilizazioetan parte hartu izana hura kriminalizatzeko arrazoi bilakatu du Espainiako eskuin muturrak, eta, horren ondorioz, eten egin dizkiote laneko zenbait harreman, besteak beste, Iberia hegazkin konpainian egindako kolaborazioa edota BMW automobil markarekin zeukan hitzarmena. Hika teatro konpainiak ere—Ituño konpainiako kideetako bat da— zentsura salatu zuen martxoan, PP eta Vox alderdiek Tarara ikuskaria eman ezinik utzi zituztelako, Moralzarzal udalerrian, Madrilen.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA - PIRRITX PORROTX
Pirritx eta Porrotx pailazoak, emanaldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Zentsura kasurik enblematikoenetako bat Pirritx eta Porrotx pailazoena da. Haien aurkako kanpaina sutsu bat jarri zuten abian duela 24 urte, ETAk haien herriko zinegotzi sozialista bat hil eta ekintza ez gaitzesteagatik, eta oraindik ere indarrean dirau hainbat tokitan. Beren jardun pertsonala eta artistikoa nahasi izana gaitzetsi zuten taldekideek.

Donostia 2016 egitasmoak bi sortzaileren lanak zentsuratu zituen Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketan; euskal presoek egindakoak ziren biak ala biak. Mikel Antza idazleari, berriz, Nafarroako bost herritan udal irakurle taldeak dinamizatzea debekatu zioten iaz, Covite elkarteak jarritako salaketaren ondorioz. Zinema munduak ere ezagutu du polemika. 2012an, Barrura begiratzeko Leihoak filmak—euskal presoen egoera du ardatz— diru laguntzari uko egin behar izan zion Espainiako Barne Ministerioaren presioagatik. Bestalde, Donostiako Zinemaldian ezin izan zuten estreinatu, eta ETBk proiektatu zuenean ere protestak sortu ziren.    

Bortizkeria goratu izanaren argudioa beste hainbat gaitan ere aplikatu da: 2001ean, Guezmer marrazkilariari 1.500 euroko zigorra ezarri zion Frantziako Justiziak, Ekaitz aldizkarian New Yorkeko Dorre Bikiei buruzko iruzkin bat egiteagatik. Jose Antonio Rodriguez Gonzalez, Javier Luis Ripa Jimenez eta Nicolas Juan Lococo Cobo umoristak «oso gutxigatik» errugabetu zituzten 2008an, Deia eta Gara egunkarietan Espainiako erregearen gaineko txantxak egin zituztenean.

Eliza katolikoaren jarraitzaileek ere askotan jo dituzte begiz artistak. Abel Azkonak Iruñeko Erorien Monumentuko arte aretoan zabaldutako erakusketa batek hautsak harrotu zituen 2015ean, ostia kontsakratuz pederastia hitza azaltzen zuelako haren pieza batek. H28 aldizkari satiriko digitalak ere ezagutu du zentsura, 2016an bi irudi bota baitzizkion atzera Nafarroako Komiki Azokak. Horietariko batek Opus Dei talde kristaua eta pederastia aipatzen zituen. Bilboko 2017ko Aste Nagusian, berriz, Hontzak konpartsaren txosnako dekorazioa erretiratu zuten, Kristoren gorputza zatika saltzen zuen harategia erakusten zuelako marrazki batek.

Zerrenda beltz luze baten lagin aipagarri bat baino ez da honainokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.