Egilea: Alberto Ladron Arana.
Argitaletxea: Elkar.
Zer barkaturik ez Alberto Ladron Aranaren seigarren nobela dugu. Itzalaren baitan-ekin Irun Hiria saria eskuratuta hasi zuen iruindarrak bere ibilbide literarioa. Bigarrenarekin, Xake Mate-rekin, oihartzun nabarmena erdietsi eta harrezkero idatzitako nobelen bidez gure arteko genero-literaturako autore oparoenetakoa bihurtu da, bereziki, suspense edo intrigazko nobelen autore nabarmenetakoa. Azkeneko hau, aurrekoa —Ahaztuen mendekua—bezala, Ateko Banda sailean argitaratutakoa, ez da salbuespen, literatura genero horretan kokatutako nobela baita bete-betean.
Mikel Izu depresioagatik bajan dagoen zorigaitzez beteriko gizona dugu, mundu garaikideko kalamitate antiheroiko horietako bat. Aspaldi da Julen izeneko bere anaiarekin harremana galdu duela baina ezustean harekin zerikusia duen katramila batean nahasten da. Horrela da abiatzen nobela honetako istorioa. Egiatan, bi hari nagusiz osatzen da. Aipatutako Julenen afera dugu alde batetik, nobelaren erdigunea dena; bestetik, bat-batean agertzen den Lucia andaluziarrarena —eta haren aitonaren istorioa—, zeina lehenengoarekin txirikordatzen baita hasiera-hasieratik. Irakurleak, hala, bi istorio horiek mahaigaineratzen dituzten galderek akuilatuta egingo du orrialdeetan aurrera, Julenen nondik norakoak eta Luciaren aitonarenak ebatzi nahian.
Liburu luze samarra dela esan badezakegu ere, gertakariak abiada bizian kontatzen dira, eta handiak dira istorioak ematen dituen jirabirak. Horrekin loturik, dialogoa Ladron Aranak erruz erabiltzen duen baliabidea da, eta bizitasun hori areagotzen laguntzen du. Horretaz gain, nagusiki Mikel protagonistaren ahotik etorritako umore ateraldiek halako ukitu graziaduna ematen diote kontakizunari. Horrengatik guztiarengatik, eta intrigaren neurriaren taxuzko erabilerarengatik, irakurle askorentzat erakargarria izan daitekeen nobela dugu Zer barkaturik ez. Alabaina, niri ez zait hain erakargarria egin, tamalez.
Sarritan aipatu izan da nobelen irakurketa fikzioko hitzarmen baten menpe egon ohi dela; alegia, irakurleak soilik nobelak proposatzen dituen mundu eta modu narratiboak bere eginez gero egin ahalko duela kontaketan aurrera. Bada, inpresioa dut hitzarmen horrek huts egin, eta ezin izan diodala nobelaren amuari ongi heldu. Izan ere, hasteko, liburuko pasarte ugari sinesgarritasun handirik gabekoak begitandu zaizkit, eta, zenbaitetan, istorioa ustekabekoz ustekabeko eraikitzen dela iruditu zait. Halaber, gertakariei buruzko argibide sobera ematen direla, elkarrizketa luze eta astunegietan txertaturik maiz. Pertsonaia gehienak ere ongi ondu gabekoak eta estereotipatuak dira. Mikelen lagun Patxi izan daiteke horietako bat, baina batez ere emakumezkoak —Lucia eta Esmeralda—, zeinak nobela bateko pertsonaia biziak bainoago Las Mama Chicho-etako kide baitirudite. II. Mundu Gerran Euskal Herrian kokatutako istorio bat azaltzen zaigu —Luciaren aitonaren istorioa— orobat, baina pasarte horrek ez du laguntzen ez historiaren zirrikituetan sartzen ezta haren irakurketa kritiko bat egiten ere.
Ramon Saizarbitoriak Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean esan berri du literatura—ingelesen litery fiction— eta genero-literatura bereiztearen aldekoa dela. Neroni ere iritzi berekoa naiz. Garbi dago, besteak beste, bi literatura molde hauetako fikzio-hitzarmenak arras ezberdinak direla. Hartara, bereizketak ongi eginda, ni bezalako kritikari ipurterreak kalakan ibiltzeari utziko genioke. Arazoa, ezbairik gabe, nirea ere badelako, ez dagokidan lekuan muturra sartzeagatik.
Literatura
'ZER BARKATURIK EZ'. Fikzio-hitzarmenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu