Ausart eta irmo, jaungoiko guztiak ukatzen dituen emakumea dela aldarrikatuz aurkeztu zuen bere burua Amaia Lasa Alegriak (Getaria, Gipuzkoa, 1948) duela 30 urte.Halaxe segitzen du orain ere, Itsasoko izaki liburu berrian (Maiatz), baina orduz geroztik ikasitakoa baliatzeari uko egin gabe.
Nola sortu da liburua, eta zer dela- eta argitaratu duzu Maiatzekin?
Itxaro Bordak idatzi zidan iaz, Eara joateko, berarekin batera hango Poesia Egunetan poema batzuk irakurtzera. Elkartu egin ginen irakurraldi hura prestatzeko. Poema batzuk baneuzkala esan nion, izenburu eta guzti bilduta, eta banuela liburu bat argitaratzeko asmoa, baina ez berehala. Poemak norekin atera nitzakeen galdetu nionean, esan zidan Maiatzekin ateratzeko. Ideia ona iruditu zitzaidan. Itxaro eta bion konplizitatearekin sortutako proiektua izan zen hasieran, eta gero Luzienek ere [Etxezaharreta] parte hartu du.
Poema berri eta argitaragabeekin batera, aurretik argitaratutakoak ere sartu dituzu liburuan.
Beti izan dut nire liburuetan aurrekoetako poema batzuk sartzeko ohitura; beharbada, oraingoan gehiago sartu ditut. Nahita eta pentsatuta egiten dut hori. Adibidez, Jaungoiko guztiak ukatzen dituen emakume bat naiz poema liburuan sartuta adierazten dut errebeldia mota bat bizirik dagoela. Lehendabiziko liburuan argitaratu nuen poema hori, 1971n, eta are lehenago idatzi, baina jarrera hori mantentzen dut. Lehengo lepotik burua, esaten den bezala. Baina adina eta adinaren mugak ahaztu gabe. Sartu ditudan gainerako poema zaharrak ere nire unibertsoa adierazten dutelako sartu ditut. Denboraren zentzua galdu egin dudala iruditzen zait, eta poema horiek ez ditut beste garai batekoak bezala sentitzen. Zaharrek iraganeko kontuak atzo gertatuak balira bezalaxe kontatzen dituzte. Niri ere antzeko zerbait gertatzen zait. Adinean aurrera egin ahala, denborarekin mugak hautsi egiten dituzu, eta batez ere poesia idazteko orduan jarrera hori izan behar dela uste dut, edo nire jarrera hori dela behintzat. Ezin duzu esan «orain hasiko naiz» eta «orain bukatuko dut». Ez dago denborarik mundu horretan.
Liburu bat argitaratzeak ere ez du ixten denbora atal bat, aro bat?
Niretzat, ez. Liburua idazten ari naizenaren lagin bat da, baina liburuak ez du ixten egiten ari zaren horren garaia.
Zer bilatu duzu poema berrietan?
Poesiaren munduan nahiko seguru sentitu izan naiz beti, neu ere poema irakurle naizelako, irizpideak ditudalako… Asko idaztea baino garrantzitsuago eta balio handiagokoa da, niretzat, zerbait berria asmatzea. Igual ez dut lortzen, baina jarrera hori da behintzat. Aldeak alde, Chopinek esaten zuen nota urdinaren bila ibiltzen zela. Lortu edo ez, hori da nire jarrera.
Zertan bereizten da zure liburu berria, aurrekoekin alderatuz gero?
Aurreko poemak berrirakurrita, diferentzia handiena lanketan ikusten dut. Lehen ez nion horrenbeste garrantzirik ematen formari, ez nuen horren kontuan hartzen nola esan. Edukiari ematen nion batez ere garrantzia. Bestetik, euskaraz ere gehiago ikasi dut, eta horrek ere garrantzia du.
Askatasuna , libertatea, da liburu honetan nahiz zure aurrekoetan ugarien ageri diren gaietako bat.
Uste dut oso zaila dela askatasuna zer den esplikatzea, baina askatasun gogo hori pertsona guztien egarria dela. Nik bereziki beti izan dut egarri hori. Hamabost bat urte nituen garaian zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, nik «libre» esaten nuen. Eta gogo hori agertu egiten da poemetan. Norbera dena islatu egiten da poemetan, edo egindako gauzetan.
Zertan dira ezberdin liburu berriko askatasunaren aldarria eta egarria, aurrekoekin alderatuz gero?
Bizitzaren esperientziak jakituria ematen dizu, edo kontzientzia. Jakitea askatasuna eskubide bat dela, baina eskatzen dizula zure aldetik zerbait. Libertatea, neuria poeman, neure askatasunarekin egindako solasaldi moduko bat dago, hausnarketa bat, eta poeman esaten dut nahiz eta aske izan nahi, beti babesle bila ibiltzen garela, askatasuna bizitzea ez dela erraza, kosta egiten dela.
Emakume izateak eta feminismoak ere agerpen handia dute.
Nik neure burua feministatzat daukat feminismoa ezagutu nuenetik. Baina nik ez dut feminista naizelako erabakitzen horretaz idaztea, idazten hasi eta nire errealitatearen zati hori agertzen delako baizik. Giza talde baztertu baten parte naiz, eta hori agertu egiten da, inongo biktimismorik gabe. Bakar-bakarrik esaten dut bazterketa hori existitzen dela, eta 70eko hamarralditik aurrera bazterketa hori deuseztatzeko ahaleginetan ari naizela. Niretzat oso garrantzitsua da, poesia idaztean, poesia idaztea eta ez panfletoak egitea. Hori hasieratik eduki dut argi. Barrutik sentitzen dut emakumearen bazterketa, emakumea naizelako, eta horregatik agertzen da nire poesian.
Koldo Izagirrek dio zurekin sartu zela emakumea euskal literaturan, zure literatura, alde horretatik, «fundazionala» dela. Laudoriotzat jo daiteke, baina arriskurik ere izan dezake: zu gai jakin batekin edo etiketa jakin batekin lotuta geratzekoa.
Niretzat hori kontu zirkunstantziala dela pentsatzen dut. Ni aspaldi hasi nintzen idazten, eta une hartan ez zegoen emakume idazlerik. Gizon idazlerik ere ez zegoen asko.Gogoan dut euskal idazleen bilera bat egin genuela Baionan, eta ni nintzela emakume bakarra, eta idazle guztien artean gazteenetakoa, gainera. Baina inork ez zidan ezer txarrik esan. Ez dut inoiz kontrakotasunik jaso. Alderantziz. Nire lanari balio gutxiago eman ote dioten emakumea naizelako? Hori posible da. Baina zuzenean kontra ez zait inor agertu. Nik ez neukan batere kontzientziarik une hartan. Zu hor zaude, zuk hori egin nahi duzu, borroka handi bat egiten duzu hori egin ahal izateko, eta kito.
Zergatik borroka?
Ezin zen poesiatik bizi. Zerbait bilatu behar nuen, lanbide bat, eta lanbidea eta poesia txandakatu. Nire hasierako borroka izan zen. Ez da txantxa lana egin eta gero denbora hartzea idazteko. «Seiretatik aurrera poemak idazten dituen poeta bat naiz ni…», dio nire poema batek.
Eta irakasle egin zinen.
Alde horretatik, uste dut irakaskuntza ofizio interesgarria dela, umeen munduan ere irudimenak eta sentsibilitateak leku handia dutelako, emozioak eta sentipenak bizitzen dira, haurrak horiek bizi egiten ditu eta ez ditu gordetzen. Ez dago kontraesan handirik bi mundu horien artean, irakaskuntzaren eta poesiaren munduen artean.
Itsasoko izakiizenburua du liburuak. Hala sentitzen zara, itsasoko izaki?
Itsasertzean jaioa naiz, itsasertzean bizi naiz eta itsasoaren parte sentitzen naiz. Gu itsasoaren elementu bat gehiago gara.
Amaia Lasa. Idazlea
«Zerbait berria asmatzea asko idaztea baino baliotsuagoa da»
Euskal poesiaren plazara itzuli da Amaia Lasa, 'Itsasoko izaki'-rekin. Bizitzaren eta askatasunaren aldeko jarrera irmoz idatzi ditu poemak, aurreko liburuetakoak bezala; baina formari garrantzi handiagoa emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu