Zereko zer hori

Agus Perez.
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Antzerkia

'Baginaren bakarrizketak'

Konpainia: Txalo. Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai. Egilea: Eve Ensler Zuzendaria: Begoña Bilbao. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Martxoak 11.

Zereko zer hori esan ohi dugu gauza baten izena gogoratzen ez dugunean, edo, lotsaren lotsaz, aipatu ere nahi ez dugunean. Baina Baginaren bakarrizketak izenburutzat duen obran gu guztiok munduratzeko erabili dugun pasabide magikoaren termino anatomiko eta hotza —bagina— aipatu da behin eta berriro, eta berarekin batera euskaraz zereko zer hori aipatzeko daukagun esamolde sorta izugarriaren berri izan dugu.

Lanaren izenburua Eve Ensler ekintzaile feministaren lanik famatuenaren itzulpen zuzena da, jatorrizko testua emakume askoren deklarazio pertsonal zintzoetatik jaio zelako. Hala ere, eta agertokiaren hasierako itxurak hala iradokitzen zuen arren —bakarrizketetan hainbatetan ikusi diren aulki altuak eta beraien pareko mahaiak—, nabaria izan da berbaldi isolatuen sentsazioa saihesteko ahalegina. Xede horretarako funtsezkoak izan dira dramaturgia arin eta sormentsua eta, beste ezeren gainetik, aktore bien elkar-ulertze garbia eta, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, uneoro oparitu diguten elkarlan aberasgarria.

Hori dela eta, nik esango nuke antzezlan honek bi balio nagusi dituela. Alde batetik, testuaren giza dentsitate ukaezina daukagu, pasarte batzuetan maila poetiko deigarria lortu duena. Eta bestetik, Aitziber Garmendiak eta Ainhoa Garaik eraikitako bikote eszenikoa aipatu behar dugu, benetan gozagarriak, gizatiarrak eta ñabardurez beteak izan direlako biek gorpuztutako emakume zahar eta gazteak, zoriontasunez beteak eta injustiziaz torturatuak, anartean umoretsu dirautenak eta, beste muturrean, beren baitan birrinduak izan direnak.

Baina esandako balioez gain, Inma Infiestaren euskaratzea azpimarratu behar dugu, erregistro estandarreko testua itzelezko jariotasunez kutsatu duelako, gaiari zegozkion samurtasuna eta berotasuna ahaztu gabe. Amaitzeko, nik bereziki eskertu dut orgasmo-intzirien erakusketa dibertigarriaren ostean etorri den amaierako testu pausatu eta sakona, harekin gogoratu dugulako munduan ez dagoela zereko zer hori baino gauza ganorazkoagorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.