Begia biluztea. Hori proposatzen du Asier Mendizabal artistak. «Garenaren narratibari eusten dioten zeinu, konbentzio eta materialak beren literaltasunean begiratzeko gai baldin bagara, beti kontatuko digute kontatuko digutela dirudien baino gehiago». Eta Bilbon jarri du orain berak begia, Unamuno plazan dagoen Miguel Unamuno idazle eta pentsalariari eskainitako bustoan, zehazki. Hari eusten dion koloman, zehatzago. Zergatik? Konbentzioaren arabera, Unamuno omendu eta goratzeko omen den koloma korintoar horrek lau metroko garaiera duelako, eta horrek pizten duelako Mendizabalen susmoa. «Garaiera horrek babestu egiten du monumentua balizko bandalismo ekintzez. Eta ez da kasualitatea, gutxienez bitan bukatu baitu Unamunoren bustoak ibaiaren hondoan». Hori da Mendizabalen erakusketaren abiapuntua, eta bilduma hori hautatu du Bilboko Carreras Mugica galeriak Heros kalean zabaldu duen eraikin berria estreinatzeko. Azaroaren 20ra arte egongo da zabalik.
«Nire asmoa ez da hainbeste, bustoaren kasu partikularra aztertzea, baizik eta garenaren narrazioa egiten duten irudikapen kanoniko eta hegemonikoei gertatzen zaienari buruz aritzea. Nola formateatzen den narrazio kontsentsuatu hori, edo ustez kontsentsuatu hori». Eta hain zuzen ere, hori ilustratzeko darabil Unamunoren kasua. Lau metroko koloma klasiko gainean dagoen buru baten estatua txiki hori. «Historia nahiko konplikatua izan du irudi horrek». 1936an bota zuten lehenengoz bustoa Ibaizabalera frankistek. Eta 1999an ezagutu zuen ibai hondoa bustoak bigarrenez. Guardia Zibilak tiroz hildako Txabi Etxebarrieta ETAko kidearen omenezko ekitaldi ostean izan zen. Unamuno zalea zen Etxebarrieta, eta horregatik egin zuten omenaldia Unamuno plazan, pentsalariaren busto pean. Ekitaldia amaitzean, ordea, norbaitek burua hartu eta San Anton zubitik behera bota zuen. Hori kontatzen du artistak.
Bandera gorri ñimiñoa
Orain hiru urte hasi zen Mendizabal erakusketa prestatzen. «Erakusketa txiki eta intimo bat egin nahi nuen». Lana Henao kaleko eraikinean erakustea zen ideia, baina Carreras Mugica galeriakoek eraikin berria erosi, eta aretoarekin batera joan da erakusketa ere hazten. Abiapuntua Unamunoren bustoa izan arren, Unamunorenak baino gehiago ere biltzen ditu bildumak horregatik. Mendizabalek dioenez, ordea, mantendu egin da ideia orokorra. Artelana hartzen duen materialak artelanak berez kontatu nahi duen baino gehiago erakusten du beti. Berriz Mendizabalek: «Konbentzio kulturalak hitzez hitz begiratzen hasten garenean, lehen ikusten ez genuena ikusten hasiko gara».
Eta ideia hori dago erakusketako beste piezen oinarrian. Txinako kultur iraultzan artistek betebeharreko baldintza ideologikoei buruz mintzo da, adibidez, bandera gorri ñimiño bat ageri duen Txinako paisaia baten litografia. Eta Agustin Ibarrolaren langileei buruzko xilografietan teknika kontua zen eskematizazioa. Baina proletarioak irudikatzeko sinbolo politiko bilakatzeraino garatu zen. Testu bat ere prestatu du Mendizabalek erakusketarako, baina dioenez, kasik beste pieza bat gehiago da idatzia. «Ez da erakusketaren azalpen bat. Geruza bat gehiago da. Zeinuen irakurketa desautomatizatzea da nire proposamena, eta ikusleari konpromisoa eskatzen dio horrek».
Oteizaren poesia
Mendizabal nahi zuten inauguraziorako Carreras Mugicako galeristek. «Oso garai ona bizi du, eta horregatik nahi genuen bera espazioaren irekierarako». Izan ere, Sao Paulon izan da orain aste gutxi. Oteizak 1957an egindako lana berriro hartzeko eskatu zioten han, eta hasieran duda egin bazuen ere, onartu egin zuen eskaria. Oriotarrak Cesar Vallejo poetaren omenez sorturiko hilarri bat izan du lanerako ardatz. «Aurrez ere ikertua nuen Oteizaren lana, baina bultzada intimo baten ondorioz. Oraingoan kanpoko eskaria izanik, duda nuen». Azkenean, pozik geratu da emaitzarekin, ordea. Itzultzeko gogoz. «Uste dut itzuli egingo naizela Oteizaren eta poesiaren arteko harreman hori aztertzera».
Zeri eusten dioten kolomek
Asier Mendizabal artistaren lanekin zabaldu du Carreras Mugica galeriak bere areto berria Bilbon.Miguel Unamuno idazlearen omenezko bustoa da erakusketaren abiapuntua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu