Slavoj Zizek. Filosofoa

«Zerotik hasi behar dugu»

Esloveniako filosofoa Euskal Herrira itzuli da eta Bilboko Gutun Zuria jaialdia zabaldu du. Estatuaren balioa aldaketarako tresna gisa aldarrikatu du. «Ez da haren kontra borrokatu behar, hartaz jabetu baizik», esan du.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Jon Benito.
Bilbo
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Globalizazioaren balio positiboaz hitz egin zuen Slavoj Zizekek komunikabideen aurrean eginiko agerraldian, metropoliaren ardatzetik sare funtzionamendurako berdinetik berdinerako elkartrukearen aukeraz. «Hollywoodek lehen baino indar gutxiago du, Hego Koreako eta Danimarkako filmak ikusten ditugu orain eta lehen ez zen posible». Bilboko Alondegian atzo hasitako Gutun Zuria jardunaldietan hartu zuen parte atzo.

Ezkerraren desagertzea edo honen erreferente falta salatzen duzu maiz. Baina balio ote du mende berriaren eredu bezala XX. mendeko ezker ereduak? Ez ote litzateke beste balore batzuen gainean eraiki behar ezker berri bat?

Ezkerrarentzat, Urriko Iraultzarekin hasitako aroa 1990ean amaitu zen. Esperientzia komunista amaituta, pentsatu genuen: «ongi da, komunismoak porrot egin du, sozialdemokrata gisa jokatu behar dugu». Baina orain sozialdemokrazia bera ari da desintegratzen. XX. mendeko ezkerraren amets sekretua subjektu kontzientea vs. demokrazia ordezkatzailea zen, nolabaiteko erakunde autogobernatu eta berehalakoa.

Nik uste dut hori baino aurrerago joan beharko genukeela orain. Hori da Toni Negrirekin dudan liskarra: berak uste du neurri batean jendarteak agintea har dezakeela. Baina, adibidez, begira ezazu Imperium liburua eta gogoratu berak hura desagertzen zenerako proposatzen zuena: gutxieneko soldata denentzat, herritar unibertsalaren eredua… Baina horiek Estatuari zuzendutako eskaerak dira! Nik uste dut zerotik hasi behar dugula, nolabait.

Estatuaren erabileran ez duzu ukatzen aldaketarako erakunde bezala. Zuk diozu, ez dela txarra berez, antolaketa eredu bat gehiago dela. Baina zer nolako lekua izan dezake merkatu arauek estatu egiturak gainditzen badituzte?

Ez dut, Negri bezalako jendeak esaten duen bezala, estatua desagertzen ari denik uste. Kapitalismo globalean estatuak gero eta indartsuagoak dira. Begiratu benetan arrakastatsuak diren ekonomiak. Singapur, adibidez. Han kapitalaren eta estatuaren arteko kolaborazioa dago eta estatuak bankuak kontrolatzen ditu… hori da gaur egin daitekeena. Erresuma Batuan bertan ari dira bide hori jarraitzen. Eguneroko bizitzan ere estatua da babes unitate berria. Azpiegitura handiagoa behar duzu: ura, agiri ekologikoak, hezkuntza… Nork antolatu dezake hori estatuak ez bada? Hori esan nahi nuen hasieran aipatzen nuenean bertan behera utzi behar dela autogobernu lokal eta berehalakoaren mitoa. Ez, inoiz baino gehiago, horretaz jabetu behar gara, estatua edo nahi duzun bezala deitu, eskala handiko koordinazio mekanismoak behar ditugu, eta ez dugu horren kontra borrokatu behar, haien agintea hartu behar dugu. Ados egon gaitezke oraindik Marxen irakurketarekin, estatua dela dominazio sozialerako tresna... baina hori da ezkerraren betiko kontraesana: printzipio sendoak ditu, baina jarrera pragmatikorik ez.

Zentzu horretan, ez zait gustatzen ezker moralista. Begira gaur egun Libian. Ezkerrak dio: «oh, itxura egiten ari dira!. Esku-hartzea giza eskubideak babesteko dela diote, baina egiatan petrolioaren kontrola da bilatzen dutena». Noski, hori horrela da! Denok dakigu! Zer da garrantzitsua? Ea beraiek oraindik ezkutuan sinesten duten inperialismoak esku hartuko duela giza eskubideen alde? Ez gaitezen joko moral horretan sartu!.

Estatuaren garrantzia azpimarratzen duzu, eta aldi berean, ez al dago hori lurralde autonomoek Europarekin eta globalizazioaren ideiarekin indarra hartuko duten zure baieztapenarekin kontraesanean?

Ni ez nago europarrek botere handiagoa hartzearen kontra, kontua da botere hori ze botere mota den. Gaurko arazoa da zer nahi duten europarrek. Ikuspegi ezberdinak daude. Baduzu Europa teknokratiko bat, neoliberal bat, kontserbadore bat… baina baduzu Europa tradizional, erradikal eta berdinzalea ere.

Euskal Herrian jabetu behar zarete, Europa zenbat eta indartsuagoa izan hobe dela zuentzat, prozesu horretan, galtzaileak, nazio-estatu handiak izango baitira. Ez zenukete beldurrik izan behar. Galdera da nolako Europa nahi dugun. Ni ere ez nago ados Europaren proiektu aldaezinaren ideiarekin, eta kritikoa naiz ekialdeko herrialdeak Europar Batasunean azkarregi sartzen ari direla diotenekin.

Garai hauetan biolentziak sistemak legitimatzeko berme izaten jarraitzen du. Baina erresistentziarako tresna ere izan daiteke oraindik?

Ez nago biolentzia modu sinplista batean gaitzesteko prest. Grezian grebak eta manifestazioak zeudenean eta ikasleek Londresen protesta egiten zutenean, leiho batzuk hautsi zituzten eta abar, eta komunikabideetan oihartzuna izan zuen gaiak. Nik babestu egin nituen gertakari haiek. Erraza da gaitzestea, baina leiho pare hori hautsi gabe ez ziren albistegietako berri nagusia izango. Beraz, legitimoa da! Niretzat hau da ikuspegi progresistaren ABCa: zer da biolentzia? Biolentzia ez da bakarrik palestinarrek bonba bat jartzen dutenean. Biolentzia egunero Zisjordanian gertatzen dena da, biolentzia administratiboa… Ikus dezagun argazkia bere osotasunean, ez gaitezen gauza bakarrarekin geratu, ez dezagun fokoa bonbetan bakarrik jarri.

The Guardian-en idatzi nuen artikulu batean zera jarri nuen tituluan: Zer gertatzen da ezer gertatzen ez denean? Ez dezagun fokoa jarri bonbetan eta galdetu diezaiogun geure buruari zer gertatzen den ezer gertatzen ez denean.

Duela 5 urte, Israelen, elkarrizketa bat eman nuen bonbak lehertzen ari zirela eta nire lagun liberalek esan zidaten: bonbak dauden bitartean ezin da negoziatu. Zisjordanian badira bost urte bonbak egon ez direna, eta zer gertatu da? Hobetu da palestinarren egoera? Ez. Hori da izua erabiltzeko argumenturik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.