Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Zerrendak egitearen magia

2024ko apirilaren 14a
05:10
Entzun

Azkenaldian arduratu xamar nenbilen nire ohar-koadernoa hausnarketaz edo poemaz baino, zerrendaz beteago egon ohi zelako; astean zehar egin beharrekoak, hurrengo hilabeteetako hitzorduak… Oporretan ere, nahiago egunak zerrendatzea prosa eder eta zainduan eguneroko bat idaztea baino. Whatsappean beste hainbeste; erosketen eta liburu gomendioen zerrenda, bata bestearen segidan. Zerrendak lekuoro, uneoro. Zeren eta bai, atsegin hartzen dut mundu kaotikoa, eguneroko frenetikoa antolatzean zerrendatan. Baina aitor dut hau ere, atsegin horrek larritzen hasia ninduen. Zerrendak ez baitira estetikoak, edo artistikoak, edo filosofikoak. Alabaina, aurrekoan Harkaitz Canoren azken poema liburua irakurri nuen, eta zerrenden izaera poetiko marabillosoaz ohartu, eta larridura baretu zitzaidan. Gaurkoan, bada, beste zerrenda bat, azkenaldian egin didaten galdera bati erantzuteko erabiltzen hasiko naizena: nolakoa da liburu bat idazteko prozesua?

Badira urteak ematen ahal dituztenak liburua pentsatzen, ernatzen, eta, batez ere, badira liburua idazten luze dihardutenak. Goetheren Fausto datorkit burura: 1772koak dira lehen zirriborroak, eta 1832an, hilzorian zela, idatzi zuen liburuaren azken esaldia. 60 urteko liburu-erditzea. Baina badira ernatze luzekoak (ez agian Goetherenak bezain luzekoak) eta erditze laburreko liburuak ere: aurrekoan Castillo Suarezi aditu nion berak denbora luzez izaten dituela poemak buruan bueltaka, baina aste gutxian idatzi. Louise Glückek ere, Basairisa idazteko, antzekoxe: bi urtez lorezaintza liburuak besterik ez zituen irakurri eta liburua aste gutxian ondu zuen.

Badira modu naturalean erditu diren sorkuntzak: Nietzschek ia dena paseoan idatzi zuen, mendiak lagun zituela, koaderno ttiki batean, arkatzez, eta gauza gutxi aldatzen zuen gero. Baina badira haur-egite medikalizatuak ere, editorearen bisturiaren azal hotzari esker erditu direnak; entzuna dut Carverren editorea izan zela haren estilo zorrotzaren erantzulea.

Badira guraso gazteko sorkuntzak ere, denbora galdu gabe egiten dituztenak egin beharrekoak: Rimbaudek 16 eta 20 urte bitartean idatzi zuen guztia. Eta badira guraso izatea berandu erabakitzen dutenak ere: Sherwood Andersonek 43 urterekin argitaratu zuen bere lehen lana (zeina, gure zorionerako, euskaraz irakur dezakegun Joannes Jauregiren itzulpenari esker).

Badira leku eta jarrera arruntetan jaiotzen diren lanak (gehienak, esango nuke), baina badira kontrara munduratu direnak ere: Wittgensteinek lubakietan idatzi zuen Tractatus, eta Virginia Woolfek zutik idazten omen. Aldiz, T.S. Elliotek aurpegia berdez margotzen zuen, idazten zuenari arrarotasun ukitua kutsatzeko-edo, eta Schillerrek sagar ustelak zituen idazmahaian, haiexen usainak inspiratzen zuelako.

Jack Kerouacek 1951eko hiru astetan idatzi zuen 'On The Road' eleberria.
Jack Kerouacek 1951eko hiru astetan idatzi zuen 'On The Road' eleberria.

Badira lehenengoaren itzaletan geratu diren seme-alabak. Carmen Laforet datorkit burura: Nada-ren arrakastaren ostean, horixe ba, nada. Baina badira ume asko izan dituztenak, Opuseko familiak nola, bata bestearen atzetik eduki dituztenak (batzuk elkarren artean antzekoegiak direnak). Badira trilogiak eta tetralogiak. Eta badira umetoki desberdineko bixkiak: Mary Shelleyk Frankenstein erditu bitarteko hilabeteetan bera ere haurdun zegoen. Benetako umetokian izan zituen sorkariek, ordea, abortua edo heriotza goiztiarra izan zuten emaitza. Imajinazioan ernaldu zuena, ordea, hilezkor bihurtu da.

Literaturaren historian ere badira ume lapurtu franko, inkubagailutik ebatsiak izan direnak euren sortzaile sarritan andrazkoei; badira guraso ezezaguneko kreaturak ere, guraso anitzekoak, badiren bezala minez erditzen direnak. Eta nola ez ahaztu, klonazio bitartezko sorkuntzak, geroz eta ohikoagoak azken hauek: adimen artifizialaren bidez datozenak mundu honetara. Eta zenbatetan haurdunaldi psikologikoa: pentsatuz badatorrela sorkuntza, eta gero, deus ez; ez erditzerik, ez sorkaririk, ez ezer.

Literaturaren historian ere badira ume lapurtu franko, inkubagailutik ebatsiak izan direnak euren sortzaile sarritan andrazkoei; badira guraso ezezaguneko kreaturak ere, guraso anitzekoak, badiren bezala minez erditzen direnak.

Baina guzti-guztietan, astia behar da. Ideiak likido amniotikoan hazi daitezen, poetikak osatu daitezen, pertsonaiek fetu izateari utzi eta haragiztatu daitezen. Eta astia diot, eta ez denbora, zeren eta bada ñabardurarik batetik besterakoan. Denbora behar dugu harrikoa egiteko, edo azterketak zuzentzeko, edo ohea egiteko. Baina astia ez da denbora, ez bada kalitatezko denbora, benetan nahi dugun modura kudeatzeko denbora. Astia behar da egunerokotasunari elementuak lapurtu eta eder bilakatzeko, zerrenda batekin poema bat egin daitekeela erakusteko. Astia da aztiak erabiltzen duena magia egiteko, alegia, literatura egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.