DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Zhang Yimou txinatarraren film berriak abiatuko du Zinemaldia

Txinako Herri Errepublikako Iraultza Kulturalaren garaian lan esparru batetik ihes egiten duen gizon bati buruzkoa da Yi miao zhong filma, irailaren 17an Donostiako 69. Zinemaldiko Sail Ofiziala zabalduko duena.

Yi miao zhong filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDA
Gorka Arrese.
2021eko abuztuaren 20a
13:02
Entzun

Irailaren 17a eta 25a bitarte egingo da Donostiako 69. Zinemaldia. Gaur goizean jakinarazi dituzte Sail Ofizialean lehiatzeko falta ziren hiru filmen izenburuak eta zuzendarien izenak: Zhang Yimou (Txina, 1951), Yi miao zhong / One Second ; Thierry de Peretti (Korsika, 1970), Enquête sur un scandale d’Etat / Undercover; eta Michael Showalter (AEB, 1970), The Eyes of Tammy Faye.

Denera, hamasei filmek parte hartuko dute lehian. Arestian aipatutako hirurez gainera, beste hauek: Laurent Cantet (1961), ArthurRambo; Terence Davies (1945), Benediction; Ines Barrionuevo (1980), Camila saldrá esta noche; Alina Grigore (1984), Crai nou / Blue Moon; Claudia Llosa (1976), Distancia de rescate; Tea Lindeburg (1977), Du som er i himlen / As in Heaven; Lucile Hadzihalilovic (1961), Earwig; Fernando Leon de Aranoa (1968), El buen patrón / The Good Boss; Paco Plaza (1973), Laabuela; Iciar Bollain (1967), Maixabel; Zhang Ji, Ping Yuan Shang De Mo Xi / Fire on the Plain; Jonas Trueba (1981), Quién lo impide; eta Claire Simon, Vous ne désirez que moi.

Sail Ofizialean izango dira, baina lehiatik kanpo, Espainiako lau film gehiago ere: Carlos Sauraren Rosa Rosae, La GuerraCivil; Daniel Monzonen Las leyes de la frontera; Manuel Martin Cuencaren La Hija / The Daughter; eta Alejandro Amenabarren La fortuna.

Aurten Zinemaldiari hasiera emango dion Zhang Yimou zinemagilea estreinakoz lehiatuko da Sail Ofizialean, baina 1997an epaimahai ofizialeko burua izan zen, eta lau pelikula erakutsi izan ditu Perlak sailean. Yi miao zhong film berriak, hain zuzen, Txinako Iraultza Kulturalaren garaian lan esparru batetik ihes egiten duen gizon baten istorioa kontatzen du, eta urte askoan ikusi gabeko alabaren irudi batzuen bila ibiliko da. Wei Fan eta Yi Zhang aktoreek jokatuko dituzte filmeko pertsonaia nagusien rolak.

Thierry de Peretti zuzendari, aktore eta gidoilariaren Enquête sur un scandale d’Etat filmak narkotrafikoaz dihardu. Poliziaren ustelkeriaren lekuko den antzinako espioi baten garaiko kazetaritza ikerketa batean sakontzen du. Roschdy Zem, Pio Marmade, Vincent Lindon eta Julie Moulier ageri dira aktoreen artean.

Michael Showalter Oscar sarirako izendatua izan zen The Big Sick pelikularengatik (2017). The Eyes of Tammy Faye film berriak telebistako ebanjelista ospetsu baten gorakada eta gainbehera kontatzen ditu. Jessica Chastain, Andrew Garfield eta Vincent D’Onofrio dira aktore nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.