«Ez da egia Zinealdea proiektua behin betiko utzita dagoenik. Zineazpiegiturak Oiartzun SL enpresa eragileak hala erabakita, stand by egoeran dago», adierazi dio Fernando Nebreda Oarsoaldea eskualdeko garapen agentziako gerenteak BERRIAri, Enrique Santiagok atzo egunkari honetan egindako adierazpenei buruz galdetu eta gero. Zinealdea proiektua Oiartzungo Lintzirin Gaina industrialdean kokatzen da, eta ikus-entzunezko enpresentzako azpiegiturak eskaini nahi ditu, Oiartzualdera sektore horretako konpainiak erakarriz lanpostuak eta aberastasuna sortzeko. Oraindik, ordea, 18.000 metro koadroko eraikin nagusia hutsik dago, bertan finkatuko diren enpresak jasotzeko zain.
Proiektu hau 2000. urtean jarri zen abian, Enrique Santiagok ideia eduki eta agentziari ideia aurkeztu zionean. «Hasiera-hasieratik ideia interesgarria iruditu zitzaigun», esan du Nebredok. «Madriletik Parisera ez dago horrelako aukerarik eskaintzen duen gunerik, eta gainera, estrategikoki Espainiako eta Frantziako ikus-entzunezko industrian eragiteko moduan ginen, Euskal Herriko bertako enpresak erakartzeaz gain». Bideragarritasun azterketak okerrekorik adierazi ez zuenez, Oarsoaldea garapen agentzia prest azaldu zen proiektuari euren babesa eskaini, eta martxan jartzen laguntzeko.
2002an, Zinealdea bultzatzeko, Zinemaldea SA sozietatea sortu zen, Oarsoaldea garapen agentziaren eta Zineazpiegiturak SL enpresaren arteko elkargune izango zena. Oarsoaldea agentziak kapitalaren %25 bildu zuen, eta Zineazpiegiturak enpresak gainerakoa, %75. 2005ean, Zineazpiegiturak SLren kapitala Zineazpiegiturak Oiartzun SL enpresa eragileari eskualdatu zitzaion, eraikitze lanak hasi aurretik. 2006an, Sprilurrek lurrak Oarsoaldea agentziari saldu zizkion, eta hark Zineazpiegiturak Oiartzun SLri. Enrique Santiagoren arabera, «salerosketa prozesu horretan, Oarsoaldea agentziak etekinak izan zituen, eta gerora ez du behar bezala erantzun».
Salerosketan mozkinik ez
Oarsoaldea agentziak, berriz, hori ez dela egia adierazi du. Salerosketaren kostuan bi osagarri zeuden: alde batetik, lurren euren kostua, eta, bestetik, 2000tik 2006ra bitartean izandako kudeaketa gastuei zegokien portzentajea. Gastu horiek bideragarritasun azterketak, bilerek, eta proiektua aurrea atera ahal izateko eskainitako baliabideak ordaintzen zituzten. «Modu honetan, proiektua martxan jar zedin aurreratu zen diru publikoa berreskuratu zen, baina agentziak ez du inolako irabazirik izan». Oarsoaldea agentziaren arabera, gainera, nabarmentzekoa da sozietate publikoak proiektua sustatzeko beharrezko bultzada eman ondoren egindako gastu publikoa berreskuratzea. «Nahiz eta erakunde publikoek dirua eman behar dutela argi izan, kontuan hartzekoa iruditzen zaigu kostu publikorik sortu ez izana».
Gerora, proiektua aurrera ateratzeko %100ean inbertsio pribatuan oinarrituko zela erabaki zenean, Oarsoaldea agentziak Zinemaldea SA enpresako bazkide izateari utzi zion, inbestitzailea ez izanik sozietatearen zati zertan izan ez zuela erabakita. Hala ere, Santiagok dioenaren aurka, ez dio sekula proiektua kontrolatu eta gainbegiratzeari utzi. «Joan den astean bertan egin genuen bilera bat enpresa eragileko bazkide nagusiekin». Gainera, jakinarazi dute lurrak enpresa eragileari saldu zitzaizkionean orubea ikus-entzunezko azpiegiturak eraikitzeko izango zela hitzartu zela, eta baldintza hori ez dela hautsi. «Jasotako eraikina ikus-entzunezko enpresen jarduera asebete ahal izateko beharretara moldatua dago. Horretarako baldintza guztiak betetzen ditu».
Gainera, proiektuak aurrera jarraitu ez badu, enpresa eragileak hala erabaki duelako dela adierazi dute, eurek ez dutela inolako erantzunkizunik proiektuaren atzeratzean. «Zinealdea geldirik badago, ez da bertan interesik ez dugulako, Zineazpiegiturak Oiartzun SL enpresak ikus-entzunezko merkatuaren egoera ikusirik, hausnarketarako eten bat egitea erabaki duelako baizik». Agentziaren arabera, gaur egungo krisi egoeran, erakundeen aldetik dirulaguntzek behera egin dutela ikusirik, enpresak eragilea enfoke estrategiko egokia bilatzeko denbora hartu beharra komenigarria ikusi du.
Are gehiago, euren esanetan, 25 milioi inbertitu eta ikus-entzunezko industriak soilik erabil dezakeen eraikin bat eraiki ostean, ez du zentzurik proiektua bertan behera uzteak.
Santiagok «utzikeria» eta «interesik eza» egotzi zizkion agentziari. Hori ez da, ordea, horrela, eurek diotenez. «Santiago proiektuaren sortzaile nagusia bada ere, gaur egun Zineazpiegiturak Oiartzun SL enpresa eragileko bazkide soila baino ez da. Eta guri sozietate publiko moduan enpresaren gehiengoa biltzen duen ordezkaritzarekin negoziatzea baino ez dagokigu. Hortik kanpo, ez dugu inolako eragite ahalmenik. Oraintxe bertan, enpresa eragilea da lurraren jabe eta proiektuan inbertitu duena».
Alde horretatik, agentziak argi du bere egitekoa, proiektuaren nondik norakoak gainbegiratu eta koordinatzea, behar bezala betetzen ari dela, eta adierazi du enpresak proiektuarekin jarraitu aurretik denbora tarte bat hartzea erabaki badu errespetatu egingo duela.
Santiagok kudeaketa txarra dela-eta agentzia salatuko duela jakinda, agentziak adierazi du horretarako eskubidea duela. «Dena den, gu oso lasai gaude; ez dugu kudeaketa okerrik egin, eta proiektuaren ordezkariekin harremanetan eta elkarlanean jarraitzen dugu». Hala ere, ez dute uste auzitara jotzeak proiektuari mesederik egingo liokeenik. Zinealdearen irudiari eragiten badio. proiektuaren etorkizuna baldintza dezakeelakoan daude. «Gu auzia gure artean bildu eta hitz eginez konpontzearen aldekoak gara».
«Zinealdea hilik ez, etenda dago», dio Oarsoaldea garapen agentziak
Proiektua ez atzera ez aurrera dagoela, eta orain Enrique Santiago ez dela proiektuaren ordezkari jakinarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu