Zinebi, guraizeei itzuri eginda

Bihar hasi eta hilaren 24ra artean, 72 film labur lehiatuko dira Zinebi jaialdian; Euskal Herrikoak dira horietako zortziCarlos Saura espainiarra eta Patrice Chereau frantziarra omenduko ditu zinema jaialdiak

Carlos Rodriguezen Berriro igo nauzu sail ofizialean lehiatuko da Zinebin. Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Murrizketen guraizeei ihes egitea lortu du Zinebik. 600.000 euroko aurrekontuarekin abiatuko da Zinema Laburraren eta Dokumentalaren Bilboko Jaialdia. Handiro hasiko da bihar. Arriaga antzokian egingo dute inaugurazio ekitaldia, Carlos Saurari Ohorezko Mikeldia emanez eta Sail Ofizialean eskainiko dituzten zortzi euskal film laburrak emanez. Azaroaren 24ra bitartean iraungo du jaialdiak. Film irabazleen emanaldiarekin amaituko da film laburren jaialdia. Emanaldi gehienak Golem zinema aretoetan eta Alondegiko auditoriumean izango dira, baina baita beste leku batzuetan ere, Kale Nagusiko BBK aretoan, Arte Eder Museoan eta Guggenheim Museoan. Inaugurazio eta amaiera ekitaldiak Arriaga Antzokian izango dira. Karteldegiari, ordutegiei, prezioei eta beherapen bereziei buruzko informazioa www.zinebi.com webgunean dago ikusgai.

Sail Ofiziala

Hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez, 72 filmek parte hartuko dute Sail Ofizialean: fikzioa, dokumentala eta animazioa dira hiru generoak. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean 8 euskal zinemagileek egindakoak dira. Bihar emango dituzte zortziak inaugurazio ekitaldian: Tucker Davila Wooden Los perfeccionistas (fikzioa), Unai Gareteren Aner (fikzioa), Martin Roseteren Voice Over (fikzioa), Gentzane Martinez de Osabaren Je me souviens (dokumnetala), Carlos Rodriguezen Berriro igo nauzu (dokumentala), Isabel Hergueraren Bajo la almohada (animazioa), Ander Mendiaren Beerburg (animazioa) eta Angel Sandimasen Gernika (animazioa). Azaroaren 23an jakinaraziko da Zinebiren palmaresa.

Mikeldia sariak

Carlos Saura zinemagile espainiarrak jasoko du omenezko garaikurretako bat. Bestea Patrice Chereau zuzendari eta aktoreari emango diote, jaialdiko amaiera galan, hilaren 23an. Sauraren film entzutetsuenak emango ditu Zinebik, zinemagileari gorazarre egiteko modurik onena haren lana erakustea dela iritzita. Hartara, La Caza (1965), Peppermint frappe (1967), La prima Angélica (1973), Elisa, vida mía (1977) eta Flamenco (1995) ikusi ahal izango dira Bilbon. 80 urte izanagatik ez du erretiroa hartu Saurak. Pablo Picasso Gernika margolana sortzera bultzatu zuten gertaeren inguruko lana filmatuko du heldu den urtean Bilbon eta Bizkaiko beste toki batzuetan. 33 días izango du izenburu lanak.

Chereau ez da saria jasotzera soilik etorriko Bilbora. Arriagan Le gran inquisiteur bakarrizketa aurkeztuko du, Fiodor Dostoievskiren Karamazov anaiak lanaren zati batean oinarrituta. Halaber, Guggenheimen solasaldi bat izango du ikus-entzuleekin, Ceux qui m'aiment prendront le train 1998ko filmaren emanaldiaren ondotik. Beste film batzuk ere emango dituzte Zinebin: Intimacy (2001), Son frère (2003) eta Gabrielle (2005).

Epaimahaia

Sariak nazioarteko epaimahai batek erabakiko ditu. Hauek dira aurtengo kideak: Khan de la Cruz zinemagile, konpositore eta idazle filipinarra, Lina Al Abed zinemagile siriarra, Alan Griffin antzezle eta zuzendari australiarra, Gracia Querejeta zinemagile espainiarra eta Jon Mikel Euba artista. Sortzaile horien guztien lan garrantzitsuenetako batzuk erakutsiko dira jaialdian. Sail Ofizialeko film laburrez gain, aurten jasotako 3.505 filmen artean, lehiaketatik kanpoko erakusketa programatu du Zinebik. 66 film aukeratu dituzte.

'Beautiful Docs'

Dokumental generoa beti zaindu izan du Zinebik bere mende erdi pasatxoko ibilbidean. Formatu luzeko dokumentalak bultzatzeko Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama zikloa aurkeztuko du estreinakoz aurten, datozen urteetan sail finko bilakatzeko helburuarekin.Duela ez asko egindako 12 filmek osatzen dute zikloa. Herrialde ugaritakoak dira, eta gai nahiz lengoaia desberdinak lantzen dituzte. Gehienak nazioarteko jaialdi nagusietan sariak irabazitakoak dira dokumentalen atalean. Tartean estreinaldi erabateko bat izango da: Andres Linaresek, Twiggy Hirotak, Alfonso Domingok eta Daniel Quiñonesek 15-M mugimenduari buruz egindako Dormíamos, despertamos emango dute azaroaren 22an, Golem zinema aretoetan (20:00).

Bertoko begiradak

Zinebi jaialdiak arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi Euskal Herrian egindako bost ekoizpen lani Bertoko begiradak zikloaren barruan. Hiru dokumental eta fikzioko bi lan ikusi ahal izango dira. Dokumentalen artean Pedro Olearen Ballets Olaeta. Una vida en Danza lanaren behin betiko muntaketaren 25 minutu inguru eskainiko dira primizia gisara. Oleak berak aurkeztuko du lana azaroaren 17an. Joseba Gorordoren La Otxoa. La vida sin complejos, Juanfe Garces eta Iker Basurkoren Pakea Bizkai0a.Expedicion Groenlandia y Terranova, Ana Murugarrenen La dama guerrera. La leyenda de Ana Velasco eta Algis Arlauskasen Patria lanek osatzen dute zikloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.