Maria Castejon. Historialaria

«Zinema beti izan da oso patriarkala»

«Harrigarria» zaio Castejoni, fakultateak emakumez beteta egonik, zuzendarien artean %7 baino ez izatea. Dioenez, «botereduna» da ofizioa, eta boterea gizonak du oraindik.

Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko ekainaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arretaz ikertu ditu Maria Castejonek (Lizarra, 1975) hedabideetan ematen diren genero irudikapenak. Doktore tesirako, Espainiako Estatuko zinema aztertu zuen. Ongi ezagutzen du sektorean izaten diren ezberdintasunak.

Esan izan duzu asko direla zinema fakultatetan dauden emakumeak, baina hori gero ez dela islatzen filmatzeetan.

Horrek badu izen zientifiko bat: kristalezko sabaia. Esango nuke porlanezko sabaia ere badela. Askotan, film bat taberna batean ixten da, gaueko hamaiketan, kubata artean. Emakumeak ez gaude astearte gau batean taberna batean, edo ez behintzat gizonak dauden neurrian. Amatasunak ere eragiten du. Ezberdintasun handiko gizarte batean bizi gara, eta botere harremanek, oraindik ere, izaera maskulinoa dute, eta zinema zuzendari izatea boteredun izatea da. Gizon zuzendari batek ez dio uko egin behar izaten bere bizitza pertsonalari, baina emakumeak bai. Nik ezagutu izan ditut kasuak. Emakumeok ordaindu egiten ditugu halakoak.

Zinema gizartearen isla da, beraz.

Bai, noski. Harrigarria da: zenbat emakume daude komunikazio fakultateetan? Ia%70. Baina zuzendari emakumeak %7 dira.

Zinema egiteko orduan ere, alde handiak daude emakume eta gizon zuzendarien artean?

Neurri batean, bai. Bada berez hala izan beharko ez lukeen erantzukizun bat: emakume batek, kamera bat hartzen duenean, emakumeez hitz egin behar izatea. Emakume batek nahi duenari buruz hitz egin beharko luke: hartz zuriez, gerrate nuklearrez edo edozertaz. Ez du zertan gizateria salbatu. Baina egia da, nahiz eta orain dinamika hori apurtzen ari den, zinema beti izan dela oso patriarkala, eta ez direla pertsonaia protagonista femenino asko egon. Erreferentziak sortu behar dira: bigarren mailakoak izango ez diren emakumezko pertsonaiak, ez objektu eta ez santu izango ez direnak, eta ezta Pedro Almodovarrenak bezalakoak ere, neurriz gainekoak.

Emakumeen zinema esaten da. Beharrezkoa al da etiketa?

Emakumeen zinema genero bat da, eta baditu bere ezaugarriak. Baina egia da bizi garena bezalako gizarte batean zerbait emakumeena hitzarekin definitzen dugunean balioa kentzen diogula. Badirudi kafe bat pastekin hartzeko geratu den andre talde batentzako zerbait dela. Noski, emakumezkoaren unibertso horrek oso eragin mugatua du. Gizartea, oro har, gizonezkoena da, eta emakumeak horren parte gara. Baina emakume etiketa duena gurea da bakarrik, eta gizonak ez dira interpelatuak sentitzen. Begira zer pasatu den Mad Maxen azken filmarekin: erabat suminduta daude gizon asko, eta pentsatzen dute: «Zertan ari da emakume bat orain arte gurea zen akziozkozineman?».

Egiten dira emakumeen zinemari buruzko zinemaldiak ere. Iruñean, IPESena, adibidez —ostiralean hasi zen—. Zu ibilia zara lehenago horren antolaketan.

Hasieran, aldarrikatzeko egiten ziren, oso gutxi zirelako pelikulak zuzentzen zituzten emakumeak. Hasieran antolaketan egon zirenek esaten dute harri azpian bilatu behar izaten zituztela filmak, ez zegoelako. Azken urteetan gehiago daude, baina, esan dugun moduan, emakume zuzendariak ez dira %10era iristen. IPESen zinemaldiak 29 urte bete ditu aurten, eta oraindik badu izaera aldarrikatzailea. Askotan esaten dugu gustatuko litzaigukeela jai izaera baino ez izatea. Baina oraindik behar dira halakoak.

Ez al da mugatua halakoen eragina? Hara doan publikoak badu kontzientzia aurretik ere...

Iruñekoak badu publiko zabala, eta horregatik mantentzen da urteetan. Edonola, lehengo kontu berera itzultzen gara: emakumezkoen zinema diogunean, badirudi emakumeen kontua baino ez dela. Gauza bera gertatzen da feminismoarekin; gizarte osoari dagokio. Beraz, bai, badago ghettoak sortzeko arriskua. Horregatik dira garrantzitsuak Hollywooden hainbat aktorek —Patricia Arquettek eta Meryl Streepek, adibidez— abiatutakoa bezalako mugimenduak, masak mugitzen dituen feminismoa dakartelako.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gauza batzuk aldatzen ari dira, eta, zineman baino gehiago, interesgarria da telesailetan gertatzen ari dena, pertsonaia femenino oso indartsuak sortzen ari baitira. Baina publizitatean ez da ezer aldatzen, eta hori da kezkagarriena, jendearengana hori iristen delako gehien. Kontua ez da ez dela aldatu, atzera doala baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.