Iazko film arrakastatsuena egin zuen Todd Philipsek: The Hangover. Aurrekontu txikia zuen komedia ero hark milioiak bildu zituen mundu osoan, eta zuzendariari hurrengo proiektua nahi zuen moduan prestatzeko nahiko lasaitasun eman zion. Bere ibilbide artistikoaren hastapenetik komediari lotuta egonik, normalena zen Philipsek beste komedia batekin segitzea, eta halaxe egin du.
Protagonistetako bat aukeratzeko orduan zalantza gutxi izan zituen zuzendariak: Zach Galifianakis hautatu zuen. The Hangover-i esker egin baitzen ospetsu eta egun AEBetako komikorik ezagunenetakoa baita Galifianakis. Askoz bitxiagoa da ikustea haren bikotekidea nor den: Robert Downey Jr. Nahiko pailazoa da hori, baina Ben Stillerren Tropic Thunder-en salbuespenarekin, oso gutxitan ikusi izan dugu komedietan. Philipsek oso argi zuen Iron Man nahi zuela filmean, eta The Hangover-en arrakasta itzelaren ostean askoz errazago egin zitzaion Downey konbentzitzea. Hasierako errezeloak uxatuta, aktoreak baiezkoa eman zuen.
Road movie bitxi eta surrealista egin du Todd Philipsek. Formula ez da berria: guztiz diferenteak diren bi pertsonaia leku eta denbora berean jartzea; hortik berez sortzen dira egoera umoretsuak. Peter Highman aita izateko zorian den negozio gizon bat da. Gorabehera batzuen ondorioz, Los Angeleserainoko bidaia ezezagun batekin egin beharko du. Ethan da ezezagun hori, aktore izan nahi duen gazte bat. Auto berean sartuta, biek AEBak zeharkatuko dituzte.
'DUE DATE'
Zuzendaria: Todd Philips
Aktoreak: Robert Downey Jr., Zach Galifianakis, Jamie Foxx, Michelle Monagham.
Herrialdea: AEB.
Iraupena: 100 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian; Ipar Euskal Herrian, hurrengo asteazkenean.
ZINEMA. Bikote bitxiaren 'road movie' surrealista
'The Hangover'-en arrakastak utzi zion biharamunaren ostean, 'Due Date' komediarekin itzuli da Todd Philips
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu