Dream Kim Ki-duk korearraren azken filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehian ariko dela eman dute jakitera aurreko astean. Baina haren aurretik, egile prestigiotsuaren aurreko filma ikusteko aukera izango da euskal zinema aretoetan. Izan ere, gaur bertan estreinatuko dute Breath (arnasa), iaz Cannesko zinemaldian Urrezko Palmaren lehian aritu zen filma. Kritikak txalotu duen lana da Breath; korearrak bere ibilbidearen azken aroan -Time (2006), The Bow (2005), Samaritan Girl (2004), Bin-jip (2003), Bom yeoreum gaeul gyeoul geurigo bom (2003)- erakutsi duen maila handiari eusten dio filmak, haren jarraitzaile amorratuenek eragozpen txikiren bat edo beste ikusi dioten arren -happy end amaiera-. Maitasuna, indarkeria, suspentsea eta egileak berezkoa duen estetika bisual indartsua nahasten dituen drama ikusgai izango da gaurtik aurrera.
Breath-en hatsak giza sentipenak hezetzen dituela diote, murruak botatzen dituela, maitasunarena, jeloskortasuna, barkamenarena, esaterako. Erraietako pasarteak lortzeko gidoi bitxia bezain adimentsua jartzen du martxan Kim Ki-dukek: senarrak maitalea duela jakin du Yeonek. Bizitza itolarri bihurtu zaio aspaldian, eta azken kate-begiak erabakiak hartzera bultzatuko du. Heriotzaren korridorean dagoen preso batengana jo du emakumeak egunerokotasun goibela hautsi nahian. Chen presoak ez daki zergatik jasotzen dituen emakume horren bisitak, baina bere bihotza zabaltzen hasi zaio hari emeki-emeki. Yeonen harremanaren berri jakingo du haren senarrak , eta hura galarazten saiatuko da. Bien arteko harremana sakona da, ordea.
Aurrekontu txikia, baina...
Erritmo poetikoarekin eta isiluneak baliatuta -presoak ez du hitz egiten film osoan- istorioa maila bat gora eramaten du etengabe zuzendariak, baina poliki. Hitzik gabe gehiago adierazi daitekeela badaki Kim Ki-dukek, eta bakardadearen esanahia adierazteko erabiltzen du isiltasuna.
Aurrekontu txikiko filma da Breath; «nire aurreko bi filmekin lortutako diruarekin egin dut», dio egileak. 500.000 dolar baino ez ditu erabili Kim Ki-dukek, baina hori ez da oztopo izan kalitatezko argazkia lortzeko, esaterako. «Ez daukat segurtasunik neure buruarekin aurrekontu handiekin aritzeko. Nire teknika da gidoi bat idaztea dirua aurreztuko duen pasarte kopuru zehatzarekin».
Eta, hala eta guztiz ere, kritikaren oniritzia lortu du aspaldian. Mendebaldean zaleen miresmena ere eskuratu du, ez, ordea, herrikideena. «Uste nuen Koreako jendearen gehiengoa nire pentsamendu berekoa zela, baina azkenean onartu behar izan dut nire ideiak desberdinak direla». Kim Ki-duken filmek Hego Koreako grinak eta zamak islatzen ditu errukirik gabe -Poliziaren ustelkeria, matxismoa, politikarien jarrera iluna...-. Bin-jip Japonian filmatu behar izan zuen, esaterako. Eta hain zuzen, film horretatik asko dauka Breath-ek.
Edonola ere, omenaldi handiena Bom yeoreum gaeul gyeoul geurigo bom (Udaberria, uda, udazkena, negua... eta udaberria) bere film ezagunenetakoari egin dio. Yeonek negu hotzetik ihes egin du senarra eta bizitza atzean utzi duenean, eta Chen presoak denboran bidaiatzea ahalbidetu du, udaberria, uda eta udazkenetik pasatuta. Bien hatsek zurrunbilo bat abiarazi dute. Maitasuna ulertzea zein zaila den agerian uzten du egileak, baita jeloskortasun sentipena zein konplexua den ere.
[email protected]
ZINEMA. Erraietako hatsaren zurrunbiloa
Kim Ki-duk egile korearraren 'Breath' estreinatuko dute gaur Hego Euskal Herriko zinema aretoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu