ZINEMA. Espioi ohiaren patu beltza

Valerie Plame CIAko agente izandakoaren istorioa pantaila handira eraman du Doug Limanek, 'Fair Game' filmean, Plameren beraren laguntzaz eta Naomi Watts eta Sean Pennen parte-hartzearekin

Gontzal Agote.
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Bourneren arrastoa han eta hemen atzematen ahal da gaur egungo zineman. Espioitza film bat non, Jasonen itzala han. Baina norbaitek haren herentzia aldarrikatzen ahal badu -Robert Ludlum idazleaz gain, jakina-, Doug Limanek aldarrikatzen ahal du. Hark zuzendu zuen trilogiaren lehena, eta sortatik onena izan ez bazen zen ere, hurrengoetan Paul Greengrassek segitu eta hobetu zuen bidea hasi zuen.

Orain dela zortzi urte izan zen hori. Horren ostean ez du suerte handirik izan Limanek. Mr. and Mrs. Smith egin zuen, baina film horretako gauzarik nabarmenena Brangelina deitzen den hibrido mediatiko horren sorrera izan zen. Jumper izan zen hurrena, eta horrekin ere, kale. Horiek guztiak ikusita, espioitza zinemara itzultzea erabaki zuen zuzendari estatubatuarrak.

Honetan, Bournerekiko desberdintasun handia dago, kontatuko duen istorioa erreala baita: benetako gertaera eta pertsonaia batzuetan oinarrituta dago Fair Game. Urteetan Valerie Plame CIAko ezkutuko agentea izan zen, baina Irakekiko bigarren gatazka hastearekin batera haren bizimodua guztiz aldatu zen. Batetik, Plamek berak jakin zuen Irakek ez zuela suntsipen handiko armarik, Bushen gobernuak zioen kontrara. Bestetik, Plameren senarrak, Joseph Wilsonek, Irak ez zela uranio aberastua erosten ari deskubritu zuen.

Bi kontu horiek aski izan ziren egun batetik bestera CIAko agente ohiaren nortasunaren berri emateko. Bizitza osoan isilpeko misioetan ibili den batentzat horrelakorik gertatzea ez da kontu makala, bat-batean babesik gabe sentitzea, jakinik norbaitek urteetan egindako joko zikinengatik mendeku hartu nahiko duela. Baina horrelakoa da espioi modernoaren patua, horrelakoa da CIA.

Hiru film elkarrekin

Abiapuntu horretatik eraiki du Limanek filma. Luxuzko laguntzailea izan du, Valerie Plamek berak lagundu baitio bere istorioa ezagutarazten. Behin CIA utzita (edo CIAk utzita), Plamek erabaki zuen hobe zela den-dena kontatzea, eta halaxe egin du. Hasieran, liburua idatzi zuen, eta orain, filmean hartu du parte.

Fair Game Cannesko aurtengo zinema jaialdian aurkeztu zuten, eta han jasotako kritikak ez ziren sobera onak izan. Nonbait, Frantziako zinemaldi ezagunerako komertzialegia zen.

Naomi Wattsek egin du Plamerena pantailan. Momentu gozoan da aktore australiarra, azken urteotan Hollywoodeko izar distiratsuenetakoa bihurtu da, eta hemendik gutxira Marilyn Monroerena egiten ikusiko dugu, Andrew Dominik prestatzen ari den pelikulan. Fair Game-n Veronica Plame ezagutu izana lagungarria izan dela adierazi du, baina baita presio handia ere, hainbatetan espioi ohia filmatzen ari ziren platoan agertzen baitzen.

Haren ondoan, aspaldiko lagun bat: Sean Penn. Izan ere, Naomi Wattsek filmaren gidoia helarazi zion Penni, eta, behin irakurrita, haren senarrarena egiteko eskaintza berehala onartu zuen aktore famatuak. Aspaldiko ezagunak dira Watts eta Penn, aurretik 21 Grams (Alejandro Gonzalez Iñarritu, 2003) eta The Assasination of Richard Nixon (Niels Mueller, 2004) filmetan egin dute lan elkarrekin.

'FAIR GAME'

Zuzendaria: Doug Liman.

Aktoreak: Naomi Watts, Sean Penn, Ty Burrel, Bruce McGill, Michael Kelly, Brooke Smith, David Denman.

Herrialdea: AEB.

Iraupena: 106 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian; Ipar Euskal Herrian asteazkenean estreinatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.