Bietatik gazteena Tony da-1944an jaioa da-, eta ez du anaiak duen prestigioa. Akzio generoa da haren kutuna; leherketak, tiroak eta jazarpen eroak filmatzen disfrutatzen du zinemagile horrek. Baina berak zuzendutako lanek lortu duten diru kopuruari erreparatuta, ez da dudarik: oso zuzendari errentagarria da. Gustatu ala ez, Top Gun (1986) hura egin zuenetik, haren film gehienek arrakasta komertzial handia izan dute: True Romance, Crimson Tide, Enemy of the State, Déjà vu...
Unstoppable honen aurretik egina zuen azken filma klasiko baten remake-a izan zen, The Taking of Pelham One Two Three(Joseph Sargent, 1974). Iaz aurkeztu zuen istorio horren bertsio berritua, jatorrizkoari batere ekarpenik egin ez ziona. Baina, nonbait, metroan egindako lanarekin gustura gelditu zen Scott; izan ere, haren film berrian kontrolik gabeko tren bat da protagonista nagusia.
Istripu bat oinarri
Unstoppable benetako gertaera batean dago oinarrituta. 2001eko maiatzean Ohioko (AEB) Toledo hirian gertatu zen istripu larri bat du oinarri istorioak. Hortik abiatuta, Mark Bombackek gidoia idatzi zuen, baina zailtasun handiak izan zituen filma egin nahiko zuen estudiorik aurkitzen. Nonbait, halako film batek behar zuen aurrekontu handia zen traba nagusia.
Azkenean, Tony Scotten eskuetara ailegatu zen istorioa, eta Scottek aurrera egitea erabaki zuen. Zuzendariak ekoiztetxe propioa du, eta, Fox ahalguztidunarekin elkarlanean, Unstoppable pantailetara eramatea lortu du. Aurrekontua sobera handia ez izateko, bere ohiko soldata jaitsiko zuen aktore ezagun bat behar zuten, eta Scottek aspaldiko lagun batengana jo zuen, Denzel Washingtonengana. Murrizketa onartu eta protagonista bihurtu zen Washington.
Kontua da azken urteotan aktorea Tony Scotten kutun bihurtu dela. Honekin, bosgarren aldia da biek elkarrekin egiten dutena lan; are gehiago, Tony Scottek egin dituen azken hiru filmetan Denzel Washington izan da protagonista nagusia. Biak ala biak Hollywooden egiten den akzio filmen ikono nagusiak dira, eta orain arte osatu duten elkartea oso errentagarria izan da.
Unstoppable-k kontatzen duenak gogora ekartzen ahal du 90eko hamarkadan arrakasta handia izan zuen film bat: Speed (Jan de Bont, 1994). Film horretan, autobus batek ezin zuen abiadura gutxitu; bestela, barnean zuen leherkariak eztanda eginen baitzuen. Horren ondorioz, autobusa batetik bestera ibiltzera zegoen kondenatua.
Oraingo honetan, arazoa ez da eraso terrorista bat, kontrola galdu duen tren bat baizik. Gauzak okertzeko trenak gai kimikoak ditu barruan; hortaz, neurririk gabeko hondamendia eragiten ahal du. Hori saihesteko bi pertsona erlojuaren kontrako lasterketa batean sartuko dira: tren gidari bat eta erretiratzeko zorian dagoen ingeniari bat.
70eko hamarkadetan egindako hondamendi filmen kutsua du Unstoppable-k. Pittsburghen filmatu zuten, han tren zahar asko daudelako. Izan ere, gidoilariak eta zuzendariak hasieratik izan zuten argi ez zutela maketekin eta ordenagailuz egindako trenekin lan egin behar, benetako trenekin baizik.
'UNSTOPPABLE'
Zuzendaria: Tony Scott.
Aktoreak: Denzel Washington, Chris Pine, Rosario Dawson, Ethan Suplee, Elizabeth Mathis, Kevin Dunn.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2010.
Iraupena: 98 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatu dute Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian, ostiralean estreinatuko dute.
Hondamendi filmak
'Airport' (1970). George Seatonek zuzendutako filmak generoaren arauak ezarri zituen.'The Poseidon Aventure' (1972). Ronald Neamek zuzendu zuen SS Poseidon ontziaren hondamendiari buruzko film arrakastatsua.
'The Hindenburg' (1975). Robert Wisek eraman zuen zinemara su hartu zuen zepelinaren tragedia.
'Titanic' (1997). James Cameronek 11 Oscar sari irabazi zituen traslatlantiko ezagunaren hondoratzeari buruzko filmarekin.