'HELI'
Zuzendaria: Amat Escalante. Aktoreak: Armando Espitia, Linda Gonzalez Hernandez, Andrea Jazmin Vergara, Reina Julieta Torres, Ramon Alvarez. Herrialdea: Mexiko. Urtea: 2013. Iraupena: 105 minutu.
Amat Escalanteren zinema mexikar belaunaldi berriaren ordezkaririk nabarmenetakoa da, eta hirugarren film luzearekin lehen mailara salto egin du. Izan ere, Heli-k zuzendari onenaren saria jaso zuen Cannesen, eta hori aski izan da pelikulak ohi baino zabalkunde handiago lor dezan. Mexikon duten bidegurutzean girotuta dago errealitatean oinarriak dituen fikziozko drama hau. Herrixka bateko biztanleek bi aukera besterik ez dute aurrera egiteko: lan baldintza oso kaskarrak dituen lantegi batean lan egin edo droga trafikoan aritu. Hamabi urte dituen gaztetxoa da Estela, eta ezkontzeko proposamena jaso du.
'THE HUNGER GAMES: CATCHING FIRE'
Zuzendaria: Francis Lawrence. Aktoreak: Jennifer Lawrence, Josh Hutcherson, Liam Hemsworth, Philip Seymour Hoffman, Stanley Tucci, Woody Harrelson, Elizabeth Banks. Herrialdea: AEB. Urtea: 2013. Iraupena: 146 minutu.
Frankizia honen lehen atalak ekoizleek espero zutena baino askoz ere arrakasta txikiagoa izan zuen. Hala ere, ez dute etsi, eta bigarren aukera bat eman diote Suzanne Collinsen liburu sortan oinarritzen diren abentura fantastikoei. Katniss Everdeenek Gosearen Jokoen lehia irabazi du, eta onik itzuliko da etxera. Etxerako bidean egin beharreko biran, matxinada hastear dela ohartuko da. Hala ere, Kapitolioa salbu dagoela ikusiko du, eta Snow presidenteak Gosearen Jokoen beste norgehiagoka bat antolatuko du.
'LAST VEGAS'
Zuzendaria: Jon Turteltaub. Aktoreak: Morgan Freeman, Michael Douglas, Robert De Niro, Kevin Kline, Mary Steenburgen,Jerry Ferrara, Romany Malco, Ric Reitz, April Billingsley. Herrialdea: AEB. Urtea: 2013. Iraupena: 105 minutu.
Sona handiko aktore beterano talde deigarri bat elkartu du komedia honek: Michael Douglas, Robert de Niro, Morgan Freeman eta Kevin Kline. Horien artean, akaso Freeman da zahartzarora egokien moldatzen jakin duena, gainerako hirurak ez dira oso ibilbide distiratsua izaten ari azken urte hauetan. 50eko hamarkadan lagun minak izan ziren, baina bizitzaren gorabeherek elkarrengandik urrundu dituzte. Taldeko azkenak ezkondu behar duela iragartzean, aitzakia ona izango dute lagunek berriro elkartzeko. Las Vegasen eginen dute hitzordua.
Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu