ZINEMA EUSKARAZ. Denontzako zinema euskaraz, etxean

Larunbatean hasi eta abenduaren 12a bitarte, abenturazko zortzi filmen DVDak banatuko ditu BERRIAk, astebururo bana

Juan Luis Zabala
2004ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Etxean, patxada ederrean eta familia giroan, abenturazko filmak ikusteko aukera eskainiko die zortzi astez, datorren asteburuan hasi eta abenduaren 12a bitarte, Berria egunkariak bere irakurleei. Euskaraz, jakina. Kioskoan Berria erostean, 2,90 euro ordaintzea aski izango da, zortzi asteburu horietan, abenturazko film baten DVDa eskuratzeko. Asteburu honetako DVDa erosten duenak bilduma osoa biltzeko kutxa eskuratuko du, doan.

Honelako eskaintzetan ohi den bezala, harpidedunek are merkeago eta errazago eskuratu ahal izango dituzte filmak: kaleko prezioan baino %20 merkeago hain zuzen. Bilduma osoa 19 euroan eskuratuko dute, eta eskaria aldez aurretik egiteko aukera dute gainera, hala Berriaren webgunearen bitartez (www.berria.info) nola telefonoz (0034) 943-304345 telefonoan. Eskaria egiteko azken eguna urriaren 30a izango da.Tinko euskara elkartearen laguntza izan du Berriak DVD bilduma osatzeko, eta Tinkok bikoiztuak dira eskaintzako filmik gehienak. «Tinkok hamar urte daramatza filmak eskaintzen, eta Berriak eskaintzen dituen filmen bikoizketak ilusio handiz eginak dira», komentatu du Marian Galarraga Tinko euskara elkarteko ordezkariak.

Euskara gozatuz jasotzekoaukera ezin egokiagoa

«Gure asmoa target edo adin-multzo nahiko zabala hartzea izan da: bi edo hiru urtetik hasi eta 17ra bitarte», adierazi du Galarragak. Berriaren eskaintza «euskarazko filmak gehien eskatzen dituzten adin-multzoetara» bideratua dago; hau da, «bi edo hiru urtetik bostera bitarteko haurrentzakoak» dira batez ere filmak. «Guraso askorentzat, oso egokiak dira film hauek, haurrek telebista euskaraz ikus dezaten. Haurrek oso gustura ikusten dituzte, txintxo-txintxo egoten dira telebistaren aurrean, eta euskarazko komunikazioa jasotzen dute bitartean».

Baina Berriaren eskaintza bestelako multzo askorentzat ere izango da interes handikoa, Galarragaren ustez. «Adibidez, euskara irakasten dutenentzat. Hizkuntza ikasteko interesgarriak dira film hauek. Bikozketak oso zainduak dira, eta erabiltzen den euskara oso erraza eta oso komunikatiboa da».

-

BERRIAren eskaintzako zortzi filmak



IPAR HAIZEAREN ERRONKA



(urriak 23 eta 24).

Zuzendaria: Juanba Berasategi.

Kalifikazioa: Denontzat.

Iraupena: 72 minutu.Annie eta Peiot bikiak, eta Watuna, mic-mactarren tribuko buruzagiaren semea, itun sakratuaren oinordekoak dira. Haien arbasoek, Baleen badia handia babesteko, Ipar Haize suntsitzailea menderatu zuten. Athanasius zitala ituna arriskuan jartzen saiatuko da.

ANNAANNA



(urriak 30 eta 31).

Zuzendaria: Gretty Klay, Jurgen Brauer.

Kalifikazioa: Denontzat.

Iraupena: 80 minutu.Annak eskola liburu berria behar du, eta irakasleen gelara sartu da liburua kopiagailuan kopiatzeko. Baina hizketan dakien kopiagailu jatorrak neskatila kopiatuko du. Trikimailu ugari asmatu beharko ditu Annak, amari eta auzokoei bere berdina ezkutatzeko.

MARTINA ETA XAGUTXOAK



(azaroak 6 eta 7).

Zuzendaria: Jannik Hastrup.

Kalifikazioa: Denontzat.

Iraupena: 60 minutu.Martina neskato txikiak eta bere bi lagun saguek hirira joatea erabaki dute abentura bila. Sussi ezagutuko dute, portuko ontzi batean bizi den hiriko sagua, eta txango asko egingo. Baina topo egingo dute estoldetako sagu maltzurrarekin.

BALOIA



(azaroak 13 eta 14).

Zuzendaria: Dany Deprez.

Kalifikazioa: Denontzat.

Iraupena: 94 minutu.Sophiak, 11 urteko neskatilak, txakur galdu bat du lagun bakarra, eta beste umeek adarra jotzen diote. Baina ijito bitxi bat ezagutuko du eta baloi zahar bat utziko dio. Baloia harrigarria da: gauzak hegan jartzen ditu, etatxistu eginez Sophiarekin hitz egiten du.

IPAR HAIZEAREN ITZULERA



(azaroak 20 eta 21).

Zuzendaria: Maite Ruiz de Austri.

Kalifikazioa: Denontzat.

Iraupena: 71 minutu.Juanba Berasategiren Ipar Haizearen Erronka-ren jarraipena da. Ipar Haize maltzurra itsasoa eta hango izaki guztiak izozteko asmotan dabil, eta itzuli egingo da, Annie, Peiot eta Watunari mendekua hartzeko. Hirurek Ipar Haizea berriro ere Ontzi Sakratuan ixtea lortu arte.

RUDY TXERRITXOA



(azaroak 27 eta 28).

Zuzendaria: Peter Timm.

Kalifikazioa: Denontzat.

Iraupena: 102 minutu.Gutzkowtarrak familia arrunt bat dira. Dena primeran doa, Rudy txerritxo maitagarria zozketa batean irabazten duten arte. Txerri heldua izatera iritsitakoan, lapurrak harrapatu, futbol epaileei hozka egin eta txerri lasterketa internazional bat irabaziko du.

YOLANDA ETA ARROSA BELTZAREN SEKRETUA



(abenduak 4 eta 5).

Zuzendaria: Toni Garcia.

Kalifikazioa: Denontzat.

Iraupena: 73 minutu.Yolandak 18 urte betetzean jakingo du aita, Emilio Ventimiglia kondea, Kortsario Beltza izan zela. Eta bere patua Karibeko herriak eta filibusteroak tiraniatik askatzea dela jakingo du. Europako bizimodu erosoa utzi, eta Mundu Berrira abiatuko da belaontzi batean.

GEZI URDINA



(abenduak 11 eta 12).

Zuzendaria: Enzo d'Alo.

Kalifikazioa: Denontzat.

Iraupena: 90 minutu.Gianni Rodari idazlearen ipuin batean oinarritutako filma da. Olentzero gauean jostailurik jasoko ez duen haur bat da protagonista. Jostailu talde batek elkartasunez jokatuko du haur horrekin. Jostailuek bizia hartu eta abenturaz beteriko ezusteko zoragarriak eskainiko dizkiote ikusleari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.