Zinema ikasleek sortutako hamahiru film labur lehiatuko dira Nest sailean

Mundu osoko zinema eskoletako ikasleen lanak aurkeztu dituzte; inoiz baino gehiago: 421. Tabakaleran pantailaratuko dituzte denak, Donostiako 71. Zinemaldian

Pirsas film laburreko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mundu osoko zinema eskoletako ikasleen lanak ezagutarazteko asmoarekin antolatzen du urtero-urtero Nest saila Donostiako Zinemaldiak. Tabakalera zentroarekin elkarlanean egiten du, eta 22. aldia beteko du aurten. 421 film labur aurkeztu dituzte denera, 53 herrialdetako 209 zinema eskolatakoak, eta horien artean hamahiru hautatu behar izan ditu epaimahaiak. Herrialde askotako proposamenak daude parte hartzaileen artean. Zehazki, Belgikakoak, Kolonbiakoak, Herbehereetakoak, Indiakoak, Japoniakoak, Kataluniakoak, Lituaniakoak, Mexikokoak, Poloniakoak, Portugalgoak eta Suitzakoak.

Irailaren 25etik 29ra proiektatuko ditu Zinemaldiak Nest saria jasotzeko hautagai diren lanak, eta Tabakalerako zinema aretoan izango dira emanaldi guztiak. 10.000 euroko saria jasoko du irabazleak, eta oraindik zehaztu gabeko zinema esparruko pertsona ospetsu batek eta hautatutako lanen jatorri diren zinema eskoletako ikasleek osatuko dute epaimahaia. Aurten, gainera, izena aldatu diote sari ofizialari: Nest The Mediapro Studio saria deituko da aurrerantzean. Izan ere, lehenengoz aritu dira lankidetzan The Mediapro Studio Gidoigintza Masterrarekin, eta bertako hamar ikaslek parte hartuko dute Nest sailean antolatutako jardueretan.

Zinemaldiak talentu berriak sustatzeko estrategiaren barruan kokatzen du Nest saila. Behinola bertatik igarotako izen asko, kasurako, sail ofizialetan ari dira nabarmentzen gaur egun. Raven Jackson, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Lea Mysius, Jeronimo Quevedo, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsev zinemagileak, esate baterako.

Parte hartzea ere gero eta handiagoa da urterik urtera: aurten, adibidez, %30 hazi da zinema eskolen kopurua, eta %20, berriz, jasotako film laburrena.

Antzeko kezkak

Hautatutako lanetan badira errepikatzen diren zenbait gai. Hala nola indarkeria, espazio publikoaren ikonografia, utopia politikoak, generoa eta dolu prozesua.

Hauek dira lehiatuko diren hamahiru filmak: Nehal Vyasen Amma ki katha, Aulona Selmaniren And the Wind Weeps, Marie Falysen Entre les autres, Izabela Zubryckaren Garstka ziemi, Severina Vaiciunaiteren Kai as buvau malalietka, Natalia Garcia Clarren Las estatuas, Alfonso de Angoitiaren Lo que los árboles sueñan, Simon Van der Zanderen Merci pour votre patience!, Angelica Maria Torres Tamayoren Pirsas, Laura Valenzuelaren eta Ainhoa Diazen Si pogués sostenir-me com ho fan els arbres, Carlos Pereiraren Slimane, Kathy Mitraniren Sombras nada más eta Miharu Moriren Tohiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.