Bi urte pasatxo dira Lehman Brothersen hondamendiak egungo kapitalismoaren miseria gordinenak begi bistan jarri zituenetik. Orduz geroztik, krisia hitzetik hortzera ibili da han eta hemen; modako hitza omen. Denbora tarte luzexka igarota ere, oraingoz zinema komertzialak zeharka begiratu dio gaiari, eta, 1929ko crack-ean ez bezala, egungo egoerak ez du isla zinematografikorik izan. Beharbada, denbora gehiago behar dute; akaso, hobe da zientzia fikzioa egiten segitzea.
Beste behin ere, dokumentalak aurrea hartu dio Hollywoodi. Azken hilabeteotan asko izan dira kapitalismoaren joko zikina ekarri duten filmak, baina gehienak banaketa sare komertzialetik kanpo gelditu dira. Salbuespenen artean daude The Shock Doctrine (Michael Winterbottom eta Mat Whitecross, 2009) eta Capitalism: A Love Story (Michael Moore, 2009). Eta oraingo krisialdia hasi aurretik, kapitalismoaren gaitzak ulertzeko, Enron: The Smartest Guys in the Room dokumental bikaina estreinatu zen (Alex Gibney, 2003).
Testuinguru horretan, oportunista handi batek kapitalismoaren gaineko bere ikuspuntua emateko aukera ezin hobea aurkitu du. Oliver Stonek bere sorterriko ahots kritikoa dela aldarrikatu izan du, eta hori bere filmografian islatzen saiatu da: Vietnamgo gerra (Platoon, Born of the Fourth of July), Erdialdeko Amerikako gerra zikina (Salvador), 60ko hamarraldiko kontrakultura (The Doors), goi politikako aferak (JFK, Nixon), irailaren 11ko gertaerak (World Trade Center)... Hala ere, normalean sistema barnetik egindako oso azaleko kritika izan ohi da harena.
Wall Street-ekin ibilbide artistikoan arrakastarik handienetakoa lortu zuen Stonek 1987an. Kapitalismo espekulatiboaren gehiegikeriak salatu nahi zituen filmean, fikziozko moldea erabilita, baina kontrako emaitza lortu zuen. Filmeko protagonista, Gordon Gekko eskrupulurik gabeko broker-a, ikusle askoren heroi bihurtu zen; hura omen zen segitu beharreko eredua. Money never sleeps esaldia diru erraza maite zuen belaunaldi oso baten ikur bihurtu zen. Nonbait, Gekkok kartzelan amaitzeak ez zuen aparteko garrantzirik. Diruak diruari egiten dio hots, eta segur aski hori izan da Wall Street-i berriz heltzeko Stonek izan duen arrazoi nagusia. Haren azken filmek ez dute arrakastarik izan, eta 80ko hamarkadan prestigio eta sosa eman zizkion formulari berriro heltzea erabaki du.
Zeregin horretarako, ezinbestekoa zen Michael Douglasen parte-hartzea, eta aktoreak baiezkoa eman zuen. Lehen filmari esker, etxean duen Oscar sari bakarra irabazi zuen Kirken semeak. Zaila zuen ezezkoa. Baina 23 urte pasa dira, eta Gekkok oinordeko bat behar zuen: Shia Labeouf. Gris samarra bada ere, aktorea Hollywoodeko ekoizpen handietan ongi moldatzen dela ematen du. Hark ikasiko ditu nagusiaren sekretuak, baita berri batzuk asmatu ere. Bien arteko elkarlana ia ezinbestekoa da, Gekkoren alabaren mutil-laguna baita.
Gainerakoan, Wall Street 2: Money Never Sleeps gaztetasun eta esperientziaren arteko oreka bitxia da. Lehen multzoan, Laboufez gain, Carey Mulligan kotizatua dago. Bigarrenean, berriz, Susan Sarandon, Eli Wallach eta lehen partean rol garrantzitsua izandako bat, Charlie Sheen. Bien erdibidean, Josh Brolin bikaina.
'WALL STREET 2'
Zuzendaria: Oliver Stone
Aktoreak: Shia Labeouf, Michael Douglas, Carey Mulligan.
Herrialdea: AEB.
Iraupena: 131 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian, irailaren 29an estreinatu zuten.
ZINEMA. Krisiarekin batera itzuli da Gordon Gekko
Egungo testuinguru ekonomikoa baliatuta, 'Wall Street' pelikula arrakastatsuaren jarraipena filmatu du Oliver Stone zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu