Bakoitzak bere erara zinema omentzen duten bi filmek berenganatu dute aurtengo Oscar sarietarako izendapen gehien. Lehen postuan, 11 izendapenekin, Martin Scorseseren Hugo 3Dko filma ageri da, George Melies zinemagileari egindako omenaldia; bigarrengoan, 10 izendapenekin, Michel Hazanaviciusen The Artist, zinema mutuaren garaiak oroitzen eta ohoratzen dituena. The Artist guztien ahotan zebilenez, ez da harrigarri gertatu Hazanaviciusen filmak horrenbeste izendapen jaso izana. Hugo, berriz, ez da horren aipatua izan faboritoen orain arteko zerrendetan.
Nolanahi ere, ez da ahaztu behar beste zazpi lehiakide dituztela Hugo-k eta The Artist-ek film onenaren Oscar saria irabazteko borrokan. Bennet Millerren Moneyball-ekin batera, Steven Spielbergen War Horses da hurrengoa; hirugarrena, izendapen kopuruari dagokionez, sei jaso baititu. Spielbergek Oscar sarietan protagonista izaten jarraituko du, beraz, nahiz eta kritikari batzuek onenak emanda dagoela uste duten. Alexander Payneren The Descendants-en kasuan, ez da inolako ezustekoa izan film onenaren Oscar sarirako hautagai izatea; bai akaso bost izendapen baino ez eskuratu izana. Film onenaren saria eskuratzeko gainerako hautagaiek, jaso duten izendapen kopurua aintzat hartuz gero, aukera txikiagoa izango dute sari nagusia eskuratzeko.
Film onenaren Oscar saria The Artist-ek irabazten badu, muga berriak zabalduko dizkie Oscar sariei, ez baitu egundo Frantzian ekoitzitako film batek eskuratu film onenaren Oscar saria. Zuri-beltzean egina eta mutua da, gainera, The Artist. 1993a Schindler's List nagusitu zenetik, ez da irabazle nagusia zuri-beltzeko film bat izan, eta film onenaren Oscar saria eskuratu duen film mutu bakarra William A. Wellmanen Wings da, Oscar sarien lehen ekitaldian saritua, 1929an.
Urtero bezala, aurten ere aktoreen arteko lehiak ikusmin handia piztuko du Los Angelesen; Glenn Close eta Meryl Streepen artekoak, bereziki. Hamazazpigarren aldiz jaso du izendapena Streepek, eta, saria jasotzen badu, hirugarrena izango du. Glenn Closek seigarrenez jaso du izendapena, baina Oscar saria inoiz eskuratu gabea da oraindik. Bazirudien aurten ez zuela oztoporik izango, baina oso litekeena da Streepek Margaret Thatcherren rola jokatuz egindako lanak ezerezean uztea Closeren aukera.
Gizonezko aktore onenaren sarirako izango den lehian George Clooney da a priori indartsuen ageri dena. Beste izendapen pertsonal ere badu, gainera, The Descendants-eko aktore nagusiak, gidoi onenaren oscar sarirako izendatu baitute —Grant Heslov eta Beau Willimonekin batera—, berak zuzendutako The Ides or March filmerako idatzitako lanarengatik.
Alberto Iglesias, hirugarrenez
Alberto Iglesias musikariak (Donostia, 1955) hirugarrengoz jaso du jatorrizko musika onenaren Oscar sarietarako izendapena, oraingo honetan Tomas Alfredsonen Tinker Taylor Soldier Spy filmerako egindako lanarengatik. Aurreko izendapenak The Constant Gardener eta The Kite Runner filmetan egindako lanarengatik jaso zituen, 2006an eta 2008an hurrenez hurren. Kasu bietan Oscar saririk gabe geratu zen azkenean.
Otsailaren 26an jakingo da aurten azkenik Iglesiasek saria eskuratzen duen, egun horretan egingo baita 84. ekitaldiko Oscar sari banaketa ekitaldia, Hollywoodeko Kodak antzokian.
Zinema omentzeko bi modu
Oscar sarietarako 11 izendapen jaso ditu Martin Scorseseren 'Hugo'-k ; bat gutxiago, Michel Hazanaviciusen 'The Artist'-ekAtzerago geratu dira, besteak beste, 'War Horses', 'Moneyball' eta 'The Descendants'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu