Zinema. Fantasien gatibu

Zinema pasio

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Jose Maria Zabalza irundarrak hogei pelikula inguru zuzendu zituen, baina, hala ere, gehiengoarentzat ezezaguna da oraindik. Euskadiko Filmategiak También hay cielo sobre el mar (1955) Italiako errealismo berriaren eraginpean burututako lana zaharberritu du, eta urriaren 19an Antzoki Zaharrean ikusi ahal izan zen. Bestetik, Gurutz Albisuk José María Zabalza. Cine, bohemia y supervivencia liburua argitaratu du, Zabalzaren bizitza eta obra ezagutarazteko helburuarekin. Jess Franco, Ed Wood eta tankerako egileekin alderatu izan dute askok, haren filmek balio artistiko eskasa dutela azpimarratzeko asmoz. Spaghetti westerna, zinema beltza, fantastikoa eta gisako generoak jorratu zituen, gehienak enkarguz. Oso baliabide gutxirekin egindako produkzioak ziren. Zabalzaren lehenengo bi filmen porrotaren ondorioz, B eta Z saileko produkzioak zuzentzea beste aukerarik ez zitzaion geratu. Espainiako industriaren eta kultura politiken gaitasunik ezaren adibide garbia da irundarraren kasua. Zinemagileak munduaren aurka borroka egin behar du bere proiektua aurrera atera ahal izateko, eta erakunde publikoek onartutako legeak bidean jarritako oztopoak besterik ez dira. Egitasmo ausartak eta iraultzaileak bazterrean geratu izan dira burokrata eta ekoizleen erruz. Madrilgo IIEC eskolan ikasi zuen, baina Francoren erregimenak arriskutsutzat zituen bertan ikasi zutenak, eta diploma eskuratu ostean oso zaila egiten zitzaien industrian sartzea. Francoren gobernuak atsegin zituen filmak soilik laguntzen zituen, eta moralaren aurkakoak ziren lanek sekulako arazoak edukitzen zituzten zinema aretoetara iristeko. Pelikula filmatzeko baimena eskuratu behar zen lehenengo, eta oztopo hori igaro izanak ez zuen ezer esan nahi. Nahikoa zen 3. mailako film gisa sailkatzea diru laguntzarik gabe geratzeko. Memoriaren garrantziaz asko hitz egin da azkenaldian, baina galtzaileak gehiengoa dira eta bidean galtzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.