Izan ohi duen irudimen falta kronikoari aurre egiteko, Hollywoodek beste hainbat herrialdetara luzatu izan ohi ditu bere atzapar luzeak. Azken urteotan, Hego Korea izan da pelikularik interesgarrienak egin dituen herrialdeetako bat; bereziki, genero fantastikoan eta thrillerretan. Horiek horrela, harritzekoa zen zuzendari korear onenek AEBetan saiatzeko eskaintzarik ez izatea.
Azkenaldi honetan, halakoak «fitxatzen» hasiak dira. Aurten bertan, Kim Ji-woonek The Last Stand akzio pelikula erdipurdikoa estreinatu du, AEBetan egina, eta Arnold Schwarzenneger protagonista duena. Orain, berriz, beste enfant terrible bati ailegatu zaio txanda, Park Chan-wooki.
Stoker da Hollywooden zerbitzura egin duen lehen ekoizpena. Oraingoz, joera honetatik kanpo gelditu da Hego Koreako beste zuzendari ezinbesteko bat: Bong Joon-ho. Auskalo noiz arte segituko dien ezezkoa ematen AEBetatik ailegatzen zaizkion eskaintzei.
Hori bai, zinemagile korearrak ezagunak dira biolentzia esplizituki agertzeko duten zaletasunagatik, baina, estatubatuarren diruarekin lan eginda, zertxobait doitu beharko zuten edukiak emateko modua.
Mendekuaren trilogia
Park Chan-wook oso zinemagile prestigioduna da, Hego Korean. Gidoilari, ekoizle zein zuzendari lanetan aritu da hango zinema industria indartsuan; 20 urte badira bere ibilbide zinematografikoa hasi zuela.
Nazioartean, 2001ean hasi zen Parken izena ezaguna egiten, Berlingo zinemaldian Gongdong gyeongbi guyeok thriller belikoa sail ofizialean aurkezteko aukera izan zuenean.
Hala ere, onarpen orokorra hurrengo filmarekin ailegatu zitzaion, 2002ko Boksuneun naui geot film gogor eta txundigarriarekin. Oso kritika onak jaso zituen, eta zuzendariaren izena zinemazale gehienen ahotan jarri zuen. Horrez gain, pelikulak trilogia berezi bati eman zion hasiera, «mendekuaren» trilogiari, alegia.
Asiarrek ohi duten moduan, filmak bata bestearen atzetik kateatzen ditu Park Chan-wookek. Horrela, trilogiaren bigarren alea 2003an ailegatu zen, eta, horrekin, berriro ere kritikaren onespena jasotzeaz gain, sari garrantzitsuak ere iritsi zitzaizkion.
Mundu osoa aho bete hortz utzi zuen Parkek, bahitu egiten duten negoziogizon baten istorio odoltsuarekin. Oldeuboi zen pelikula hura, eta, besteak beste,Cannesko zinemaldian epaimahaiaren eta Sitgesko zinemaldian pelikula onenaren sariak jaso zituen.
Arrakastak ez zuen zuzendariaren lan erritmoa eten, eta hurrengo urteetan hainbat film kolektibotan hartu zuen parte. 2005ean, berriz, mendekuaren trilogia delakoa itxi zuen, berriro ere oso harrera beroa lortuta Chinjeolhan geumjassi-rekin.
Hortik aurrera, Parkek erritmo onean segitu du lanean, baina ondorengo filmek ez dute horrenbesteko oihartzunik izan. Akaso, horregatik, AEBetan proba egiteko garaia dela erabaki du zuzendariak.
Han egin duen lehen pelikula da Stoker, ehuneko ehun herrialde hartan egin den ekoizpena, Hollywoodeko izen oso ezagunekin.
Argi dagoenez, izenburuak omenaldi moduko bat egin nahi dio Drakula-ren sortzaileari, Bram Stokerri. Horixe da, hain zuzen, protagonistak duen abizena, India Stoker; nerabe arraro samarra da.
Aita auto istripu batez hilko zaio, 18 urte betetzen dituen egunean, eta gertaera latz horrek hankaz gora jarriko dio ordura arteko bizimodua. Aitaren anaiak, Charlie osabak, Indiaren eta haren amaren ardura hartuko du. Hasieran, India ez da batere fidatuko osabarekin, baina, pixkanaka-pixkanaka, elkarren artean gauza komun asko dituztela konturatuko da.
'STOKER'
Zuzendaria: Park chan-wook. Aktoreak: Mia Wasikowska, Matthew Goode, Nicole Kidman, Jacki Weaver, Dermot Mulroney, Lucas Till, Ralph Brown, Alden Ehrenreich.Herrialdea: AEB.
Urtea: 2013.
Iraupena: 98 minutu.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Zinemagile korearrak, Hollywooden azken apeta
Park Chan-wook zuzendari ezagunak AEBetan filmatu duen aurreneko pelikula aurkeztu du: 'Stoker'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu