Donostiako 73. Zinemaldia

Kasia Adamiken ‘Winter of the Crow’ filmak itxi du 73. Zinemaldiko Sail Ofiziala

Zinemagile poloniarrak ohartarazi du «erregimen totalitario batean bizitzea zer den ahanzten» ari dela mundu osoa. Lehiaz kanpo aurkeztu du lana.

Kasia Adamik zuzendaria eta Lesley Manvilla aktorea, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kasia Adamik zuzendaria eta Lesley Manvilla aktorea, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2025eko irailaren 27a
17:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Komunismoaren garaiko Polonian girotutako film batek eman dio amaiera Donostiako 73. Zinemaldiari. Kasia Adamik zinemagile poloniarrak Winter of the Crow aurkeztu du Sail Ofizialean, lehiaz kanpo. Eta ohartarazpen bat egiteko baliatu du proiekzioaren osteko prentsaurrekoa: «Bai Europa Ekialdea bai mundu osoa ahanzten ari dira zer den erregimen totalitario batean bizitzea».

Olga Tokarczuk Literatura Nobel saridunaren ipuin labur bat du kontakizunak oinarrian. 1981ean, Varsovian girotua dago istorioa. Gerra legea ezarri, eta gauetik goizera geldiarazita geratu da herrialdea; eta momentu horretan bertan iritsiko da hirira Joan Andrews psikiatria irakasle britainiarra (Lesley Manvilla). Poliziaren hilketa baten lekuko izango da, eta ihesari ekin beharko dio.

Adamikek azaldu du ez zuela film politiko bat egin nahi izan, «emozionala» baizik. «Ez nuen gogora ekarri nahi zer gertatu zen, guztiok baititugu eskura historia liburuak. Nik gogora ekarri nahi nuen nola sentitzen zen jendea garai hartan, norbere bizitzaren gaineko kontrola galtzean».

Munduaren gaur egungo egoera dela eta, kezka agertu du zinemagileak. Izan ere, haren ustez, garai bateko «totalitarismoen aurkako txertoak» indarra galdu du dagoeneko. «XX. mendean, totalitarismoen aurkako nolabaiteko txerto bat izan genuen. Pentsatzen genuen urte luzeetarako geundela gaitz horretatik immunizatuta, baina txerto hau itzaltzen ari da. Eta txertoa amaitzen denean, beste bat jarri beharra dago gaitza ez harrapatzeko. Jende gazteak ez dauka jarrita, eta horrek beldur handia ematen dit».

Irtenbideak pentsatzeko irudimenaren beharra ere defendatu du: «Inspiratzeko balio duen txispa moduko bat da irudimena, eta uste dut horixe behar dugula garai hauetan: inspirazioa, esperantza eta enpatia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.