Donostiako 73. Zinemaldia

«Munduko metafora handiak», auzo berean bilduak

Jose Luis Guerinek Bartzelonako Vallbona auzoa erretratatu du lehian aurkeztu duen filmean: ‘Historias del buen valle’. Edward Bergerrek 'Ballad of a Small Player' aurkeztu du Sail Ofizialean.

Jose Luis Guerin zinemagile katalana, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Jose Luis Guerin zinemagile katalana, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde
Donostia
2025eko irailaren 25a
18:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bartzelona hiritik gertu baina aldi berean aparte dago Vallbona auzoa, garraio azpiegitura handiek hesituta. Jende xumeak eskuz altxatutako etxe xumeei hainbat solairutako bloke berriak batu zaizkie urteotan, eta aspaldiko bizilagunei, gerora iritsitakoak. Beren baratze txikia lantzen dute batzuek, taberna kanpoan kantuan aritzeko biltzen dira beste batzuk, eta errekako putzuan bainatzen eta dantzan igarotzen dute arratsaldea beste hainbatek. Nork bere oroitzapenak, arazoak, ohiturak eta ametsak barnean dituela. Eta bizilagun horien guztien begiraden bidez erretratatu du auzoa Jose Luis Guerinek Sail Ofizialeko lehian aurkeztu duen Historias del buen valle film dokumentalean.

Zinemagile katalanak 1983an aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Los motivos de Berta, eta batez ere ez-fikzioaren bidean ibili da ordutik. 2001eko Zinemaldian Sail Ofizialeko lehian aurkeztutako En construcción lanarekin Epaimahaiaren Sari Berezia eta Fipresci saria irabazi zituen. Film hartan Bartzelonako El Raval auzoan jarri zuen bere kameraren begia, eta ariketa bertsua egin du orain Vallbona auzoan.

Filmean ageri diren bizilagunetako batzuk lehen ilaran eserita zeudela mintzatu da Guerin, proiekzioaren osteko agerraldian. Eta azaldu du bazter utzitako auzoen inguruan MACBA museoak egin zion enkargu bat izan zuela filmak abiapuntu. «Pieza amaitu ostean, aurrera segitzeko beharra sentitu nuen, auzo horrek modu sakonago batean ukitzen ninduela». Esplikatu duenez, bere filmetan ez du bereizten ideia beragandik edo enkargu batetik sortua den. «Niretzat garrantzia duen bakarra inplikazioa da, nola egiten duzun zeure ideia hori zeure begiradaren bidez. Proposatzen dizuten hori ez da gai bat, eremu bat da; gaia zuk zeuk aurkitu behar duzu».

Hala, Vallbonako eremuan aurkitu zuen filma sortzeko desioa piztu zion gakoa. «Jabetu nintzen bazter utzitako halako auzo xume batek munduko metafora handiak bildu ditzakeela; halako espazio txiki batean grabitatzen dutela etxebizitza espekulazioak, gentrifikazioak, bertako baratzeei eragiten dien klima aldaketak, immigrazioak, identitate gatazkek, gerrak... mundu garaikide osoa». Edozein filmek «unibertsaltasunaren anbizioa» izaten duela uste du zuzendariak, «bere esentzia munduko edozein ikuslek ulertzeko modukoa izatea». Eta, hain zuzen, horren espazio murritzean unibertsaltasun hori aurkitzeak piztu zion filma sortzeko behin betiko bulkada. «Aldi berean, oso ikusezin egin duten leku bat da, eta hori oso erakargarria da zinemagile batentzat».

Proiektuan parte hartu nahi zuten bizilagunak biltzeko deialdi bat egin zuten auzoko eskolan, eta bertan egindako elkarrizketetan auzotarrek eurek filmerako ideia asko eman zizkiotela adierazi du Guerinek. Garai bateko nekazari familiak, gerraostean Espainia hegoaldetik heldutako jendeak eta ondotik munduko beste leku askotatik iritsitakoak elkarrizketatu zituen. «Auzo honetan oso zaila da gauzak ikustea, ezpada bizilagunen begiraden bidez». Eta begirada horien bidez, «memoria batzuen galera eta, akaso, identitate berri baten jaiotza» biltzen zituen auzo bat deskubrituz joan zen. «Auzoa eraikiz doa, eta, horrekin batera, identitate bat ere eraikiz doa. Hala, bata bestearen gainean batuz doaz jatorrian han zeuden nekazarien memoriak, gerraostean etorritakoenak, eta XXI. mendean iristen diren migratzaileenak. Eta Vallbonatik liluratzen nauena hori da: memorien batuketa gisa ikus dezakezula».

Katalana, gaztelera, errusiera, frantsesa, portugesa, arabiera eta beste hainbat hizkuntza entzuten dira filmean, eta askotarikoak dira bizilagunek entzuten eta kantatzen dituzten musikak ere. Horiek guztiak erakutsiz, «auzoaren giza paisaia» definitzen saiatu da zuzendaria. «Nire kezka zen auzoaren irudi justu bat ematea, auzoaren problematika ezberdinak agertuko zituena. Giza alderdiari dagokionean, esango nuke afektuen bidez baino ez dakidala filmatzen, ez nintzatekeela gai izango nire etsaia filmatzeko; munstrokeria seinalatzeko bideak bilatzen ditut, baina ez dakit munstroa filmatzen, ezingo nuke Pinocheti edo Trumpi buruzko film bat egin, berdin fikzioan zein dokumentalean. Niretzat, zinema zubiak eraikitzeko eta harremanak sortzeko bide bat da».

Zuzendariak gaineratu du Vallbonako herritarrek oraindik ez dutela filma ikusi; zenbaitzuek zati jakin batzuk ikusi dituzte, haiek agertzen diren eszenak, hain zuzen, baina film osoa ez. Zinemaldian ikusiko dute haietako batzuek. Guerin: «Gogotsu nago haien begirada jasotzeko».

Jokoaren hiria

Oso bestelakoa da gaur Sail Ofizialean aurkeztu duten beste filma, Edward Berger zinemagile alemaniarraren Ballad of a Small Player. Macaon (Txina) girotua, bere burua Lord Doyle izenaz aurkezten duen jokalari bat du protagonista (Colin Farrell), jokoarekiko menpekotasuna duena, zehazki. Iraganeko zorrak ditu, eta saiatzen da jokoaren bitartez bere egoera aldarazten, baina ezinezkoa zaio. Macaon, baina, emakume bat ezagutuko du (Fala Chen), eta enkontru horrek beste bide batetik eramango du.

Bergerrek —iaz Conclave arrakastatsua aurkeztu zuen Zinemaldian— azaldu du filma egiteko orduan ez dituela izan kasinoetan girotutako filmak erreferentzia gisa, baizik eta Wong Kar-wai eta beste zinemagile txinatar batzuen zinema: «Bitxia eman dezake, baina hau ez da jokoari buruzko pelikula bat, baizik eta barne bakea, egia edo bide bat bilatzearen gainekoa».

Hasieran Malaysian, Singapurren edo Thailandian egin nahi zuten filma, baina azkenean «jokoaren paradisuan» filmatu dute, Macaon: «Jokoaren ekialdeko hiriburua da. Oso zaratatsua da, kolorez gainezka egiten du, eta argi distiratsuz beteta dago». Bergerren iritziz, hiriburua filmeko beste pertsonaia bat da: «Oparotasun mundu bat sinbolizatzen du Macaok, eta mundu horretan galduta dagoen pertsonaia bat kokatu dugu».

Farrellek onartu izan du iraganean drogekiko adikzioak izan zituela, baina adierazi du jokoarekikoa ez duela inoiz izan. «Zorionez, jokoak ez dit ondoriorik utzi ez burmuinean, ez kontu korrontean». Bere pertsonaia arima galduta dagoela ere esan du: «Bere bidea galdu du, eta amildegi batean dago. Gezurrez inguratuta bizi da, inolako iparrorratz moralik gabe».

Nazia eta psikiatra

James Vanderbilten Nuremberg filmaren txanda ere izan da gaur Sail Ofizialeko lehian. Izenburuak berak aurreratzen duenez, buruzagi nazien aurkako epaiketa du ardatz pelikulak, eta, zehazki, bi figurarengan jartzen du fokua: agintari nazien buru osasuna aztertzeko ardura izan zuen Douglas Kelley psikiatrarengan (Rami Malek) eta Hitlerren bigarrena izan zen Hermann Goeringengan (Rusell Crowe). Gertutik ezagutu zuten elkar, Goering epaiketa zain zegoen bitartean, eta une horietan jarri du begia Vanderbiltek.

Azaldu duenez, duela hamahiru urte hasi zen filmerako gidoia idazten, Jack El-Hairen The Nazi and Psychiatrist (2013) liburua irakurri zuenean. «Istorio sinestezina iruditu zitzaidan», azpimarratu du. «Sei-zazpi bat orrialderekin aski izan nuen filma egin nahi nuela erabakitzeko, eta, dokumentatu ahala, proiektua hazten joan zen gero».

Nurenbergeko epaiketak lau herrialde —AEB, Erresuma Batua, Sobietar Batasuna eta Frantzia— batera aritzeari esker egin ahal izan zirela nabarmendu du zinemagileak —«historiako garai paregabe bat izan zen»—, eta aktoreek egindako lana ere txalotu du. Croweri dagokionez, kontatu du oso sakon dokumentatu zela agintari naziaren larruan sartzeko, eta haren sorterrira ere bidaiatu zuela, esaterako. «Ez zuen zertan hori dena egin, baina hainbesteko gosea zuen antzezle gisa, dena eman baitzuen, Goeringen alde gizatiarra islatzeko». Maleki buruz, «ideiak dituen antzezle bat» izatea goretsi dio: «Gerta dakizuken txarrena da aktore batek galdetzea: ‘Zer nahi duzu nik egitea’?».

Nazien kontzentrazio esparruetan hartutako irudi errealak erakutsi zituzten 1945-1946an Nurenbergen, eta zuzendariak aipatu du une hori gertaberritzea izan zela filmaketa osoko «egunik latzena». Vanderbilt: «Hori izan zen epaiketa batean erabili zen lehen grabaketa; mugarria izan zen, ze gauza bat da jakitea eta beste bat ikustea».

Vanderbiltek duela hamar urte zuzendu zuen Truth bere lehen film luzea —gidoigile eta ekoizle gisa egin du lan batik bat aurrez—, eta hau du bigarren pelikula, zeinarekin txalo zaparrada luzea jaso duen Kursaalean, lana erakutsi berritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.