Zinemaren etorkizunaz gogoeta egingo dute aurten Zinemaldiko ekitaldietan

Zuzenean emitituko dituzte telebistan eta Interneten, eta sare sozialen bidez jendeak parte hartzea nahi dute

Donostia
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Agertokia, telebista eta Internet elkartuko dituen ikuskizuna» eskaini nahi dute aurten Donostiako Zinemaldiko hasierako eta amaierako ekitaldietan. Jaialdira «jende berria» erakarri nahi dutela adierazi du Edurne Ormazabalek. Aurkezle lanak alde batera utziko ditu Ormazabalek, eta Manuel Palaciosekin batera galen antolaketaz arduratuko da. Erakarri nahi duten publikoaren barruan, bereziki gazteak dituztela buruan zehaztu du. Haien artean Internetek eta batez ere sare sozialek duten garrantziaz jabetuta, ekitaldietan horien lekua indartzeko apustua egin du Jose Luis Rebordinos zuzendariaren taldeak.

Telebistaz ez ezik, Internet bidez ere zuzenean emitituko dituzte galak, EITBren, TVE Espainiako telebistaren eta Zinemaldiaren webguneetan. Twitter eta Facebook sare sozialen bidez erabiltzaileek unean uneko iruzkinak egiteko aukera izango dute, eta iruzkin horiek beren tartea izango dute ekitaldietan bertan eta telebistako emisioan.

Horretaz gain, ekitaldietan «jaialditik harago» joan nahi dutela iragarri du Ormazabalek, «zinemaz, bere osotasunean» hitz egiteko asmoz. Ez dute nahi aurkezpen ekitaldi hutsak izatea, orain arte izan diren bezala. Edukia eman nahi diete. Rebordinosek azaldu duenez, zinemaren etorkizunari buruz galderak egin eta erantzun posibleak eskaintzea izango da erronka. Norantz doa zinema? galderari erantzun globa bat ematen saiatzen ari dira, «leku askotako ekoizle, zuzendari eta bestelako profesionalekin» hitz eginda. Gogoeta horiek ekitaldien bitartez plazaratuko dituztela iragarri du Rebordinosek.

Zinema munduan ari direnen iritziaz gain, jendearena ere zein den jakin nahi dute egitasmo horren bitartez. Horretarako, sare sozialetara jo dute, berriz ere. Aplikazio bat jarri dute martxan, «jendeak zinemaren etorkizunari buruz duen ikuspegia helaraz dezan», Ormazabalek jakinarazi duenez. Aplikazioa«joko» bat dela argitu du: «Gure asmoa ez da estatistika bat egitea, ezta ondorio zientifikoetara iristea ere. Kontua da gaia jendeari hurbildu eta parte hartzea sustatzea». Aplikazioan izena ematen dutenek sarrerak doan lortzeko aukera izango dute.

Teknologia berrien presentzia indartsuagoaz gain, bestelako berrikuntza batzuk ere izango dira. Sarituen zerrenda, adibidez, amaiera galan bertan jakinaraziko dute, eta ez aurretiazko agerraldi batean, orain arte bezala. Urtero, jaialdiaren azken arratsaldeko prentsaurrekoan agertu ohi dute epaimahaiaren erabakia. «Momentu goren» hori amaiera ekitaldira aldatu dute, Cannesen, Berlinen edota Venezian egiten duten bezala. Horrela egiteak palmaresaren eta galaren garrantzia indartuko dela uste dute.

Aurkezle berriak

Bestalde, aurkezle berriak izango dira aurten: Barbara Goenaga eta Marta Etura aktore donostiarrek gidatuko dituzte hasierako eta amaierako galak. Goenagak nabarmendu du «oso gustura» dagoela ekitaldien «eraberritzean» parte hartuko duelako. Zinemaldiarekin harreman estua duela azpimarratu du, bertan aktore gisa parte hartu izan duelako, eta «ikusle modura» ere urteetan gozatu duelako.

Jaialdiaz «harro» agertu da Eva Cebrian TVEko zinema alorreko arduraduna ere, «bertako zinema hedatu eta besteena ekartzen duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.