Zinema

Zinezko historiei begira

Fipadoc Miarritzeko dokumentalen nazioarteko jaialdiak 180 lan baino gehiago erakutsiko ditu gaurtik hasi eta 27ra bitartean. 'Bella Ciao' doinu ezagunaren gaineko dokumentalak zabalduko du jaialdia.

'Bella Ciao' dokumentaleko irudia
'Bela Ciao' dokumentaleko irudia.
garbine ubeda goikoetxea
2024ko urtarrilaren 19a
05:10
Entzun

Ostiralean abiatuko da Fipadoc dokumentalen nazioarteko jaialdiaren seigarren aldia, eta urtarrilaren 27an amaitu. Fipadocek Miarritze izan du egoitza nagusia sortu zenetik, baina, bere jarduna hobeto hedatze aldera, zabaldu egin du esparrua, eta Baionan eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) iraganen dira hainbat saio.

Aurtengo herrialde gonbidatua Italia izaki, arreta berezia jarriko zaie handik datozen lanei, baina Afrikari ere espresuki erreparatuko zaio, inoiz baino film gehiago proiektatuko baitira Afrikako Historiak sailean.

Ez ditu datu makalak jaialdiak: 140 film baino gehiago, bost serie dokumental, 25 film labur eta hemeretzi esperientzia digital bilduko ditu. Guztira 189 obra, beraz, 50 herrialdetatik iritsiak, eta denak ere zinezko historiei edo gertaera errealei lotuak.

Bestelako daturik ere bada, gainera: 41 epaimahaikidek erabakiko dute zer lan saritu; ikusleen eta filmetako ekipoen artean 110 topaketa antolatuko dira; eta 2.200 lagunek eskatu dute akreditazioa. Bisitariak, berriz, 32.400 izan ziren 2023ko aldian.

Lehiaketa nagusiak bost sail bereiziko ditu: Nazioartekoa, Frantziakoa, Inpaktua, Sorkuntza Frankofonoaren Panorama eta Musika. Azken hori, hain zuzen, sail berria da, eta musika original onena hautatuko dute epaimahaikideek, Frantziako sailean lehiatuko diren dokumentalen artean betiere.

Lau euskal lan

Euskal Herriko lau sortzaile lehiatuko dira jaialdian. Itziar Leemans (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1983) zuzendariaren Olatuak dokumental luzea Europako Historiak sailaren barruan proiektatuko da. Euskal Herrian tortura jasan duten zazpi emakumeren terapia saioak ditu ardatz. Beñat Gereka Bikuñak (Getaria, Gipuzkoa, 1989) Itsasoak pizten gaitu dokumentala eraman du Miarritzera, eta Dasta Dokumentala sailaren barruan ikusi ahal izango da. Dokumentalean Gipuzkoako Getaria eta itsasoa lotzen ditu egileak. Hausnarketa bat ere proposatzen du, Euskal Herriaren izaeraren eta arrantzaren inguruan.

Iker Esteibarlanda (Getxo, Bizkaia, 1992) zuzendariaren lana, The Invisible Bond, Olimpiadocs 2024ko Olinpiar Jokoei eskainitako sailean erakutsiko da. Dokumentala atleta itsu baten eta haren laguntzailearen arteko loturaz mintzo da. Andres Salaberrik (Iruñea, 1979), berriz, Ardiak, ezkontza eta kontrabandoa lana erakutsiko du, film laburren sailean. Marisko familiaren historia harilkatzen da hartan, Juan eta Carmenen ezkontza urteurrena abiapuntu hartuta. Abeltzainak dira, eta kontrabandoan aritutakoak.

Film bakoitza hainbat aldiz eta hainbat tokitan proiektatuko dute, jaialdian barrena.

'Bella Ciao' abestuz

Herrialde gonbidatuari ohore eginez, Italiako film batek emango dio hasiera jaialdiari: hain zuzen, Giulia Giapponesi zuzendariaren Bella Ciao dokumentalak. Erresistentziaren ikur bilakatu den abesti horren historia kontatzen du Giapponesik. Zenbaitentzat, Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurka altxatu ziren partisanoen ereserkia da Bella Ciao. Beste zenbaten ustez, baina, abesti folklorikoa da, eta zaharragoa da jatorriz. Iritzi horren aldekoen arabera, Italia iparraldeko arroz soroetako emakume langileek abesten zuten XIX. mendean, lan baldintza kaskarren aurkako protesta gisa. Jatorria zeinahi duela ere, abestiak zer sinbolizatzen duen bederen, argi dago ikuspuntu guztietatik: askatasunaren eta justiziaren aldeko aldarria da mundu osoan.

Bestalde, eta zinema tradizionalaren mugak gainditu nahian, gune berezi bat atondu dute dokumentalaren mesedera jarri diren teknologia berrietarako. Errealitate birtuala, errealitate areagotua, 360 gradu hartzen dituzten filmak, podcastak, dokumental interaktiboak eta ordenagailu, tableta eta smartphoneetan esperimentatzeko websailak jarriko zaizkio ikusleari eskura.

Esperientzia digitalen harira, esanguratsua da Noire dokumentala. Errealitate areagotuan egina da, eta esperientzia harrigarria eskaintzen du, segregazio garaian AEBetako hegoaldera eramaten baitu ikuslea, dispositibo berezi baten bidez. Noire dokumentalak Claudette Colvinen historia dakar argira. 1955eko martxoaren 2an, autobusean zihoala, uko egin zion bere aulkia zurien mesederako uzteari. 15 urte baino ez zituen. Bederatzi hilabete geroago, gauza bera egin zuen Rosa Parksek, eta hori bera da hizki larriz idazten den Historiak heroiaren pare altxa eta aitzindari gisa jaso duena, Colvinen pasadizoa ahantzita. Memoria berreskuratzeko lan bat da, hortaz, Noire. Tania de Montagne da egilea.

Nazioarteko dokumental jaialdiaren lagungarri gisa, Emakumea, bizitza eta askatasuna. Irandar iraultza bat erakusketa paratu dute Miarritzeko Kasinoan. Erakusketak gertaera lazgarri bat du abiapuntu: Irango Moralaren Poliziak Jina Mahsa Amini emakume kurdu gaztea hil izana 2022ko irailaren 16an.

Grafistak, diseinatzaileak eta marrazkilariak dira erakusketa honetako protagonistak; 68ko Maiatzeko eta Kubako iraultzako irudietan eta persiar estetikan inspiratuta, Irango emakumeen askatasunaren aldeko afixak sortu dituzte. Gizon-emakumeek jasaten duten errepresioaren aurkako aldarria ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.