Bizitza erritmoa lasaitzeko premia sentitu zuen Aitor Zuberogoitiak (Etxebarria, Bizkaia, 1972), eta erlojua erantzi zuen. Denbora bat eman zuen erloju barik, harik eta lanean hasi, eta ostera ere jantzi behar izan zuen arte. Huheziko Komunikazio Saileko irakaslea da 2005etik. Eta erlojuaren denboraren mendetik askatzea lortu ez duen arren, markatzen duen erritmoaren pean «sosegu handiagoz bizitzeko ikasteko moduez» hausnartu du Surf liburuan, «konformismo, derrota, didaktismo eta existentzialismorik gabeko lan pertsonalean». Bilboko Udalaren Miguel Unamuno saiakera sariketan iaz gailendutako lana da, eta Alberdaniaren bitartez iritsi da plazara.
Egungo bizimoduaz eta denbora konprenitzeko manerez gogoeta egin du Zuberogoitiak Surf-en. Eta begirada pausatu du egungo garapen ereduaren krisian eta iraultza teknologiaren eraginean, lokala eta globalaren arteko dialektika eginez etengabe.
Izan ere, bizi erritmoen azelerazioaren oinarrian aurrerapen teknologikoak daudela uste du Zuberogoitiak. «Teknologiak aukera ematen digu lan gutxiago egiteko, eta berdin antzean bizitzeko. Baina ez dugu egiten». Horrenbestez, teknologiak bere tempo propioa ba ote duen galdetzen dio Zuberogoitiak bere buruari. Edo norbaitek-zerbaitek ezartzen al duen.
Aipu ugari ekarri ditu liburura, bere tesien helduleku gisa. Denboraz ari dela, arabiar atsotitz bat, besteren artean: «Mendebaldarrek erlojua daukate; ekialdetarrek, berriz, denboraren jabetza».
Idazketan aurrera egin ahala, eta gogoetek hala eskatuta, bestelako bide batzuetatik ere jo du Zuberogoitiak. Garapen ereduaren krisian eten bat eginez, eta hari lotuta energia ereduaren krisian sakonduz. «Itxura guztien arabera, urte batzuen buruan eztabaidagai nagusia izango da. Petrolio merkearen aroa amaitzen ari da. Eta energia nuklearra auzitan dago». Gaur egun nagusi den garapen ereduan «itzalgune nabarmenak» ikusten ditu Zuberogoitiak: «aberastasunaren banaketa bidegabea, lurraren mugaren ondoriozko krisi ekologikoa eta beste».
Autokonfiantzatik
Lokala eta globalaren arteko lotura etengabean oinarritu da, Surf-en utzi dituen gogoeta guztiak ontzeko. Herri txikia izanagatik, ez du asimilaziorako arriskuaren beldurrik, eta «autokonfiantzatik» idatzi du. «Herri txikia gara, eta partikulartasun hori da unibertsaltasunari egin diezaiokegun ekarpenik onena», esan du, «Miguel Torga idazle portugaldarra parafraseatuz Anjel Lertxundik adierazitakoarekin bat eginez».
Kiko Venenoren abesti bateko lerroak ere ekarri ditu liburura. «Oso modu naifean esaten ditu gauzak, baina azpidoinu handiarekin. 'Me quiero asegurar que mi sombrero está bien roto para que los rayos puedan penetrar en mi cabeza'. Eta hori da azkenean esan nahi dudana: irekirik egon behar dugu munduari, gauza eta ideia berriei. Dena aldatzen ari da, ezer ez da betiko, ez lana ez ezer».
Etenik gabeko aldaketa prozesu horretan egokitzapen eta irekitasun gaitasunak landu beharko ditugula sinetsita dago Zuberogoitia, eta horren ondorio den barne sosegua lortu eta praktikatu.
Surfa horrekin lotzen du. «Ez dakigu olatuak nondik etorriko diren, baina batetik zein bestetik datozela olatu horiek hartzen ikasi behar dugu. Kanpo faktoreak ezin daitezke kontrolatu, baina zirimola horretan zein jarrera hartu norberaren esku dago».
Globalizazioaren eta euskarazko prentsaren inguruko lan «formal eta serioagoak» egin ondoren, bazuen gogoa «erregistroz aldatzeko eta makrotik mikrora egiteko». 2004ko Urteberri egunean ekin zion idazteari, eta lauzpabost urteko prozesuaren ondoren jarri zuen azken puntua. Orain konturatu da gai ustez xumeen inguruan idazten hasi bazen ere, auzi sakon eta konplexuez hausnartzen amaitu duela. «DNAn daramat nonbait, edo gaitz endemikoa da», esan du umore oneko.
Premia pertsonal batetik abiatutako liburua denez, lehen pertsonan idatzi du, «nahiz eta ez naizen erakustaldien oso zalea».
Zirimolaren erdian bizitzen ikasteko gogoeta bilduma
Aitor Zuberogoitiak bere bizipenetan oin hartuz idatzi du bizi erritmoen azelerazioaz 'Surf' liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu