Zirrikituetatik begira idatzitako istorioak

Literatur munduaren parodia eta umorezko autofikzioa nahastuz ondu du Joxean Agirrek 'Gizajoen katalogoa' eleberria. Literatura anekdotario «zabal bat» ere sartu du bere bederatzigarren nobelan

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zirrikituetatik begiratuta literaturarako istorioak ere aurki daitezkeela uste du Joxean Agirrek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1949). «Literatura egitea errazagoa da ate baten zirriztutik ikusten den zerbaitekin, edo esaldia osorik ez, erdizka entzun bada». Hala egiten du Gizajoen katalogoa bere lan berriko protagonistak une batean, hain zuzen, nobela bat idazten ari dela. Istorioaren beste une batean, detektibe bat protagonistari zelatan ari zaiola, berriro agertzen da zirrikituaren ideia. «Dena da zirriztukoa», dio egileak. Eta, aldi berean, dena dago literaturari oso lotua haren lan berrian. Literaturaren munduari umorez heldu dio, parodia eta autofikzioa uztartuz, Agirre bera eta beste zenbait idazle bertan agertzeraino. Elkar argitaletxearekin plazaratu berri du bere bederatzigarren nobela.

Zirrikituaren ideia izan du buruan Agirrek liburua idaztean. «Iruditzen zait izugarri efektiboa dela literaturan». Aspaldi Ramon Saizarbitoriak elkarrizketa batean esandakoak etorri zitzaizkion burura: nola holokaustoaz idatzi duten egileek askotan aipatu izan duten juduak garraiatzen zituzten trenetako bagoiek goialdean ohol bat kendua izaten zutela arnasa hartzeko, eta nola haietariko bat handik begira jartzen zuten, ikusten zuenaz kontalari lanak egiteko besteentzat. «Zirriztutik ikusitakoa kontatzea literaturagoa da zuzenean ikusitakoa kontatzea baino; hori da horren atzean dagoen metafora».

Metafora horri tiraka ondu du narrazioa Gizajoen katalogoa-n, non idazlegai bat den protagonista. Eta umoretik jo du. «Neurri batean komedia bat da, pertsonaia nagusiak baduelako halako gizajotasun bat, komikotasunarekin lotu daitekeena». Agirrek azaldu du bera «askotan gizajo» sentitzen dela, baita bere ingurukoak ere. «Ez da adimen kontua; uste dut gizajotasuna lotuago dagoela nahi eta ezinarekin, moztade batekin, edo, gizarte honetan, lekurik ezarekin. Zerikusia du emakumeen iraultzarekin ere; beti esaten da XX. mendeko iraultza bakarra izan zela, eta horrek lekuz aldatze bat ekarri digu gizonoi; ez dakigu non gauden... oso konplexua da. Gizon bati kentzen badizkiozu bi edo hiru ziurtasun, gizajo bihurtzen da».

Istorioaren narratzailea, Joxean Agirre izenekoa, liburu denda baten jabe izandakoa da, eta, erretiroa hartuta, eleberri bat idazteko ilusioa du. Literatur tailer batean ematen du izena. «Irakasleak ona dela esaten dio, eta tipoak sinetsi egiten du». Hark bultzatuta, euskal idazleren batek Nobel saria eskuratzeko Eusko Jaurlaritzaren programa erdi klandestino batean sartuko da, beste poeta gazte batekin batera.

Bigarren pertsonaia horren eskutik heldu dio Agirrek bere intereseko gai bati. «Poeta gazte horrek berebiziko garrantzia izango du, autofikzioaren barruan dagoen joera bat praktikatzen duelako: norbere biografiaren alderdirik gordinenak, krudelenak erabiltzea literatura egiteko». Gaur egun, joera hori Frantziako literaturan sumatu du bereziki, eta Edouard Louis eta Christine Angot idazleak aipatu ditu horren adibide gisa. Gai hori da nobelan mami gehien dutenetariko bat, haren ustez, «ez kontakizunean leku asko hartzen duelako, baiziketa zenbait arazo filosofiko eta etiko planteatzen dituelako». Zer jartzen du joera horrek mahai gainean? Agirreren ustez: «Pribatuaren eta publikoaren arteko muga non dagoen planteatzen du, bizitzaren eta artearen arteko harremana... Arte garaikidean etengabe agertzen diren gaiak dira, eta literaturari buruz gogoeta egiteko oso interesanteak». Idatzi nahi eta ezina, horixe nobelan agertzen den beste gai bat, istorioaren hasieran eta bukaeran garrantzia duena, Agirrek azaldu duenez. «Baina iruditzen zait gai hori ezagunagoa dela».

Xabier Mendiguren Elkar etxeko editorearen hitzetan, «hitzaren festa» da Agirreren lan berria, «batetik, halako grazia bat daukalako beti esaldiak taxutzerakoan, anekdotak kontatzerakoan, pertsonaiak marrazterakoan, beti umorea eta sentsualtasuna nahasten dituelako, eta literaturari buruzko anekdotario bat dagoelako, kasu honetan besteetan baino zabalagoa». Idazleak «metaliteraturarako joera» beti azaldu badu ere, lan berrian gehiago agertzen dela uste du editoreak. Izan ere, hainbat idazle sartu ditu nobelako pasadizoetan, euskal literaturakoak barne.

Kirmen Uribe da horietako bat. Uribe idazten ari den lanaren eskuizkribua desagertzean, protagonista salatu egingo dute. Parodia puntu baten bila ez ote den ibili galdetu du Mendigurenek. Agirreren arabera, «idazlearen neurak» maiz aipatzen dira eleberrian, eta horietako bat izaten da idatzitakoa bat-batean galtzearena; «obsesio horren parodia bat» egin nahi izan du pasadizo horrekin. Bestela, narratzailearena zein Uriberena agertzen diren arte, izenik gabekoak dira pertsonaia guztiak. «Izenik gabeko nobela bat egin nahi nuen, izen propioak agertu arte», gehitu du.

Bilduma eta hiztegia

Bi berezitasun txertatu ditu eleberrian Agirrek, biak ere literaturaren munduarekin estu lotutakoak. Bata, kontakizunaren hasieran, protagonista bere nobela idatzi nahian eta ezinean ari dela. «Nobelaren lehen esaldia arrankatu ezinik dagoen bitartean, halako gizajo literarioen bilduma bat egiten du narratzaileak. Batzuk ez dira literarioak, haragizkoak dira, eta bera identifikatuta sentitzen den pertsonaien bildumatxoa edo galeria bat da».

Bestetik, hiztegi berezi bat ere tartekatu du. «Urteotan, liburua idazten ari nintzela, fitxa moduko batzuk egiten nituen; literaturaren inguruko txutxu-mutxu, pasadizo, bazterreko kontuak dira, taberna batean lasai kontatzeko modukoak». Batzuk, pasadizoak baino gehiago, istorio literarioak direla uste du. «Nik badakit zailagoa dela literatura istorio potente eta handiekin egitea, baina pentsatzen dut literatura pinportetan ere badagoela, dena ez dela lingotea, badagoela literatura barreiatuta gauza askotan». Azkenerako, hainbeste material bildu zuen, jabetu baitzen hiztegiak kontakizuna jaten zuela; E letrarainokoak sartu ditu azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.