Zooa, haurren kontrolpean

Familia osoarentzako 'ZooZoom' ikuskizuna estreinatuko du Markeliñe antzerki taldeak gaur, Iurretan

Ikusleek zuzenean parte hartuko dute ZooZoom ikuskizunean, eta obrako animaliak kontrolatuko dituzte. MARKELIÑE ANTZERKI TALDEA.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ikusleak antzezle bilakatuko dira Markeliñe antzerki taldearen azkenengo obran. Haurrak izango dira interakzioz beteriko ZooZoom antzezlaneko protagonistak. Hilabeteetako entseguetan ikuskizuna borobildu ostean, gaur estreinatuko dute, Iurretako San Migel plazan (Bizkaia), 20:30ean.

Itsas kurkuilu baten soinuak emango dio hasiera obrari, Markeliñek prestatutako zooko ateak irekita. Hitzik erabili gabe, erritmoaren eta mugimenduaren bitartez, ikuslea kontakizunean murgilduko da hasieratik. Pertsonaien mugimenduak eta ikusleekin sortutako hartu-emanak izango dira ardatza.

Haurrak, aktore lanetan

Familia osoarentzako kale ikuskizuna prestatu du antzerki konpainiak. Makina bat animalia agertuko dira Markeliñeren zoo bitxian, eta haiek eramango dute istorioaren haria. Elementu xumeak hartuta, izaki ikusgarriak sortu dituzte, guztiak eskuz eginak. Aktoreen eskuetan, bizia hartuko dute, Jon Kepa Zumalde obraren zuzendari teknikoaren esanetan: «Hain sinpleak eta eskematikoak diruditen animalia horiek bizirik ikusten dira umeek mugitzen dituztenean. Ez dira irudi soilak».

ZooZoom ikuskizunarekin konpainiak «aurrerapauso bat» eman nahi izan du, Zumalderen aburuz. «Zerbait berria egin behar genuela pentsatu genuen». Berrikuntza hori jendeari obran zuzenean parte hartzeko aukera ematea izan da. Kontakizunean animaliak agertzen diren heinean, ikusleek e mango diete bizia; protagonista bihurtuko dira. Hain da bizia ikuskizunaren erritmoa, non ordubetean berrogei haur igotzen diren oholtza gainera.

Hainbeste haurren parte hartzearekin, obrak inprobisaziorako joera handia izan dezakeela pentsa daiteke, baina ideia hori baztertu egin du zuzendariak: «Nahiz eta iruditu inprobisazio handiko obra dela, dena oso neurtua dago, musikak eta koreografiak oso markatuak daude». Nolanahi ere, antzezpen bakoitza desberdina izango da. «Istorioa berbera izango da beti; baina, igotzen diren haurren arabera, animalien mugimendua beti aldatuko da, ume bakoitzak bere mugitzeko era dauka».

Dibertsioak eta ondo pasatzeak garrantzi handia du ZooZoom-en. Mezu pedagogikoaren aldean, jolasak du protagonismoa.Familiarentzako obra bat egiteko orduan barre eragiteko helburuarekin egin dutela azaldu du Zumaldek, eta haurren erantzuna paregabe izan dela. «Umeek jolasaren kodea primeran ulertzen dute, eta segituan hartzen dute parte, oso gogotsu».

Kalean antzeztea berezia dela uste du Zumaldek: «Ikuslea oso gertu daukazu, eta, sarritan, ematen dizkizun erantzunak askoz ere zuzenagoak dira. Ikusleak inguratzen dituzunean eta haien artean jartzen zarenean, sentipen horiek antzoki batean edukitzean zailagoa izaten da».

Hurrengo ekitaldiak

Iurretan estreinatu eta gero hainbat plazatan aurkeztuko dute ikuskizuna. Hilaren 29an eta 30ean Berrizen (Bizkaia) —ikastolako jolastokian— eta Donostian —Altza auzoko San Martzial plazan— izango dira. Uztailean, berriz, Zarautzen (Gipuzkoa) eta Busturian (Bizkaia) egongo dira. Dena den, uda ate joka izanik, plaza gehiagotan ere izango direla uste du Zumaldek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.