Zu ala ni izan beharrean, zu eta ni izateko saltoaren abaila hartu dute Nafarroako eta Arabako Bertsozale elkarteek eta Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko bertsolariek. Txapelketaren moldetik parte hartzearen molderako jauzia egiten ari dira. «Nahiz eta parte hartzeko filosofia egon, parte hartzeko sistema lehia bada, lehiarekin beti sortzen dira arazoak batzuek aurrera egiten dutelako eta beste batzuk kanpoan gelditzen direlako. Irabazteko plazera sortzen du, baina frustrazioak ere sortzen ditu. Parte hartzearen filosofiaren barruan, lehiak talka egiten duela ikusten dugu», dio Asier Lafuente Arabako gazteentzako Bertso Sarikadaren antolatzaileak.
Arabako Bertsozale Elkartean argi zuten zer zen parte hartuko zuten gazteentzat nahi ez zutena: «lehiatzea». «Ez genuen euren artean lehian jartzerik nahi, genituen helburuak partekatzea, ondo pasatzea eta zenbait saio formatutan trebatzea izanda». Jolasaren esparruan aurkitu zuten helburuak lortzeko bidea, eta bide horretatik gorpuztu zuten Sarikada. Lehiarik eta txapeldunik izan ez arren, epaileak izan ziren: «Epaileek modu deskriptibo batean esaten zieten gazte horiei nola kantatu zuten, eta hortik aurrera haiek eraiki zituzten haien balorazioak; guk ez genuen balioztatu behar ongi ala gaizki egiten zuten, informazioa ematen genien balioztatu gabe, eta haiek eraiki behar zuten haien bertsokera».
Ohiko txapelketek Nafarroako bertsolaritzari hainbat ekarpen egiten ziotela baina arlo batzuk ez zirela behar bezala lantzen ohartu ziren Nafarroako Elkartean, txapelketa eredua «oso lehiakorra eta oso indibiduala» zela ohartzearekin batera. «Azken urteetan ugaritu diren helduen bertso eskola horiekin ez genuen lortzen bertso eskolatik jende aurreko jardunerako zubi hori ongi egitea; txapelketa horretarako ez zen egitura egokia», Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko kidearen esanetan. «Noski, zuk bertso eskolatik salto egin nahi baldin baduzu jende aurreko jardun horretara, eta lehia badago oinarrian, atzerantz botatzen ahal zaitu», erantsi du. Hala, bertsolariz, gai-jartzailez, epailez, aurkezlez, antolatzailez eta laguntzailez osatutako taldeak ardatz, Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoa antolatu zuten urte honen hasierarako.
Auzolanetik abiatua
Txapelketatik txapelketara arteko lehiarik gabeko tarteko urtean «txapelketaren kontrakoa» egin nahi zutela ebatzi zuten Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako bertsolari batzuek, ostatu batean bildurik. «Txapelketa elkartetik egituratzen da, lehia da eta badira sailkapenak eta zerak. Hor kontrakoa zen: azpitik etorritako zerbait, saio txikiak, oso auzolanekoa», azaldu du Eneritz Zabaleta Xanpiona-ren bultzatzaileak. Xanpiona izanagatik ez zen ez lehiarik, ez txapeldunik izan. Autogestioa izan zen egitasmoaren ardatza, bai bertsolariek taldeak egiterakoan, bai talde bakoitzak antolatu beharreko saio mota aukeratzerakoan.
Bardoak egitasmoan bi hilabetean antolatutako 24 saioetako parte hartzea «ikaragarria» izan da, Arburuaren irudiz. «Bertsozaleek eskertu dute beste era bateko saio bat ikusteko aukera izatea, eta bertsozale berri anitz ere bildu dira saioetara, emanaldiak auzolan moduko bat eskatzen zuelako taldeen partetik», azaldu du. Bertsolariak gustura antzeman zituen: «Bertsolarien aldetik ere ikaragarria izan da, zeren inoiz bertsotan kantatu ez duten bertsolari dezente atera dira, eta aspaldian bertso jarduna utzi zuten bertsolari batzuk ere bai».
Bertsolariei dagokienez, halatsu gertatu da Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Zuberoan ere; parte hartu duten 24 bertsolarien artean hiru herrialdeetako txapelketan parte hartu ohi ez duten bertsolariak ere egon dira: Laka, Miura, Xanti Iparragirre, Aitor Sarasua eta lehen plazak egindako beste bertsolari gazteago batzuk ere bai. Formatu txikiko saioetan, 30 bat bertsozale elkartu izan dira, Zabaletak zehaztu duenez: «Gehienak bazkari ala afari inguruko saioak izan dira gai jakin baten ingurukoak; taberna batean ere izan da saio bat; eta bertso trama bat ere izan da, pixka bat originalagoa mozorro eta guzti».
Jende aurrean kantatzeak dakarren «traumarekin» eta «estutasunekin» aurrez saio gutxi egindako bertsolari gazteak «oso eroso» sentitzea lortu dute Araban, Lafuentek ondorioztatu duenez. Egituran asmatu dutelakoan dago, eta uste du kuadrilla artekoa ere aztergai izan beharko luketela. «Gure mugimenduan badago inertzia bat: edozer gauza proposatzen dugunean, lehiaketara jotzekoa. Orain, nik uste dut saiatu behar dugula formatu berri horiek bultzatzen, eta halako egitasmo batean, kuadrillen artekoan, helburua parte hartzea bada, uste dugu jolas aldera jo behar dugula, ez joko aldera», ohartarazi du.
Datorren urtea Txapelketa Nagusiaren urtea izanda, urte honen bukaeran eta hurrengoaren hasieran, bakoitzari dagokionez, ohiko txapelketak egingo dituzte hiru lurraldeotan.
Zu ala ni; zu eta ni
Azkeneko hilabeteetan, bertsolarien eta bertsozaleen parte hartzea sustatzeko, lehia gabeko saioak egin dituzte ohiko txapelketen ordez hainbat herrialdetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu