Armiarma literaturaren inguruko atariak atal eta helduleku ugari ditu (www.armiarma.com). Horietako bat da Literaturaren Zubitegia, Susa argitaletxearen ekimenez 2004ko apirilean abiaturiko egitasmoa, «euskal literaturaren entziklopedia txiki moduko bat», Gorka Arrese arduradunaren hitzetan. 2007 ingurura arte ohikotasun erregular batez, «ia hilero» elikatzen zuten Zubitegia, baina elikatzeko mekanismo formula «zaila» zelako eta beste langintza batzuk zirela tarteko, azken denboretan aldian-aldian baino ez dira joan informazio berria sartzen: «Iaz erabaki genuen horri guztiari buelta eman behar zitzaiola eta tresna bat sortu behar genuela, automatismoz elikatzeko egunero-egunero, behar den momentuan behar dena sartu ahal izateko». Sistema aldatzen hasi, eta guztia aldatzen, osatzen eta eguneratzen bukatu dute.
Zubitegi berriak aurrekoaren egiturari eusten dio. Idazleen arabera jarraitzen du antolaturik. Alfabetoaren arabera edo aurkiketa zehatz bat eginda, idazle bati dagokion informazio eremuan sartuko da erabiltzailea, eta era askotako informazioa topatuko du egilearen inguruan: hark idatzitako liburu eta lanen aipamenak, lan horiei buruzko kritikak, estekak...
Atarian sartu eta begiratu batean, bestelako atalak ere topatuko ditu irakurleak. Hemengonahiz atzerriko literaturari buruzko efemerideak, hurrengo egunetan izango diren ekitaldi nagusiak (hitzaldiak, mahai-inguruak eta beste), hedabideetan agertu diren literatur kontu nagusiak... Guztia, diseinu berrituarekin, Armiarma atariko gainerako atalen tankera handiagoa duen diseinuarekin.
Euskal literaturari buruz sarean «gauza gutxi jasotzen zela-eta» ekin zioten Zubitegia osatzeari Susa argitaletxekoek: «Lehenago literatur aldizkarien gordailu bat egin genuen, eta Susako webgunean zenbait liburu on line jartzen hasi ginen 2002tik aurrera. Gauza batzuk egiten ziren, baina euskal literatura osoaren datutegirik ez zegoen sarean. Premia ikusi genuen datu base bat egiteko, eta izpiritu entziklopediko samarrarekin ekin genion lanari. Halaxe hasi ginen». «Gauza txiki bat» izateko asmoa zuena «erraldoitu» egin zitzaien: «Lan hauetan hori gertatzen da, hasi ahala ikusten dituzula hutsuneak eta beti dagoela zerri heldu».
Liburu elektronikoa ere abian
Armiarma atariko berrikuntzak ez dira amaituko Zubitegiaren eguneratze eta berritzearekin. Datorren astetik aurrera, gailu elektronikoetan irakurri ahal izateko 250 liburu inguru eskainiko dituzte, PDF eta EPUB formatuetan, eta dohainik. «Urteak daramatzagu gure liburuak sarean irakurgai jartzen. Baina jendea galdezka etorri zaigu liburu elektronikoaren inguruan ere. Oraindik ez dakigu zein tramankulu nagusituko den liburu elektronikoak irakurri ahal izateko, baina erabaki dugu zenbait liburu formatu horietan eskaintzea». 60 liburu inguru erdal literaturakoak (Shakespeare, Defoe, Flaubert, Tolstoi) izango dira, eta beste 190 inguru euskal idazle klasikoenak (Otaño, Orixe, Lizardi, Lauaxeta...). Aurrerago jarriko dituzte irakurgai liburu garaikideak ere.
Zubi sendo eta berritua
Literatura Zubitegia eguneratu eta berritu egin du Susak, euskal idazleen inguruko informazioa zabalduz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu