Zulo bat desmuntatzea

Ibon Aranberri artistaren 'Zulo beltzen geometria' pieza erosi, eta ikusgai jarri du Bilboko Arte Ederren Museoak. 2003an leize bat estaltzeko baliatutako xaflak ditu oinarri lanak

Ibon Aranberri artista Bilboko Arte Ederren Museoko sarreran, atzealdean, Zulo beltzen geometria lana daukala. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«1990eko hamarkada bukaeran artisten artean bazegoen gogo bat ohiko zirkuitu instituzional eta museistikoetatik kanpo ateratzekoa, eta, esango nuke, are, baita erakusketei uko eginez ere, eta errealitatean eragiten saiatuz». Ibon Aranberri artistak (Itziar, Gipuzkoa, 1969) joera orokorrago horren barruan kokatu du 2003an sortu zuen (Ir. T. 513 zkia) zuloa pieza. Hiru urtez ehunka kobazulo prehistoriko aztertzen eta bisitatzen aritu ostean, eta garai hartako legedietako hutsuneak baliatzeko «ingeniaritza legala» egiten ibili ondoren, metalezko xafla beltz sorta baten bidez erabat estali zuen Arantzazuko santutegiaren ondoan dagoen leize baten sarrera, bertan bizi den saguzar multzo batentzako irekiera zirkular soil bat utzita. Hamabost urte ingururen ostean, desmuntatu egin du estalki hura artistak, elkarren gainean pilatu ditu xaflak, eta eskultura independente bat balitz bezala aurkeztu du Bilboko Arte Ederren Museoan, izen berriarekin, eta iazko data jarrita: Zulo beltzen geometria (2019). Kobazulo hartaz libre, nolabait, baina baita xaflen ertzetan haren sarrerako koska irregular guztien memoria zehatza gordez ere. Bere bildumarako erosi du lana museoak, eta sarreran jarri du ikusgai.

Duela hiru urte hasi zituzten elkarrizketak museoak eta artistak, eta solasaldi horien ondorioz sortu da pieza. «Arriskatzea erabaki nuen», onartu du artistak, «eta beste sasoi batean niretzat garrantzitsu izan zen zerbait deseraikitzea proposatu nuen». Kobazuloan inolako arrastorik utzi gabe bildu ditu sarbidea ixteko baliatutako xafla guztiak, eta, bi multzotan pilatu ditu elkarren gainean museoko sarreran. Mendian emandako denbora ez da alferrekoa izan, ordea, eta higadura zein hezetasun arrastoak ere igar daitezke, horregatik, altzairuzko piezetan. Hala erakutsi nahi izan ditu sortzaileak.

«Naufragio» hitzarekin ere deskribatu du artistak piezaren egungo forma. Dioenez, proiektuak hogei urtean egindako bilakaeraren ondoren, eta hasierako ekintza artistikoaren ondorio modura soilik heldu baita eskultura independente baten itxura hartzera. Onartu duenez, ez baitzen hori izan bere hasierako asmoa. Kobazuloa ixtearena ere proiektuan urte sorta bat zeramatzanean soilik heldu zen. Eta sekula ez zuen izan buruan kobazulo jakin horretara jotzea ere. Piezak garraiatzeko eskaintzen zituen erraztasunak, kobazuloaren neurriak berak, hiriguneekiko urruntasunak eta halako beste hainbat ezaugarrik eraman zuten kokapen konkretu hura hautatzera. Gogoratu duenez, pieza hura sortu berritan ere, kobazuloa «betirako» ixtea izan zen sortzailearen asmoa, baina erabaki hori ere eraldatuz joan da urteekin. «Muntatze bat izan zen hura, eta hau izan da desmuntatze bat».

Hiria arrastatzea

Kobazuloa itxi berritan jende talde bat gonbidatu zuen artistak. Kokapen geografikoa besterik ez zien jakinarazi, informazio gehiago zehaztu gabe, eta bideoz grabatu zuen haien bisita. Zortzi minutuko ikus-entzunezko pieza bat sortu zuen gero material horrekin, eta museoari eman dio orain dohaintzan. Sarreran ikusgai jarritako eskulturaz independentea da lan hori ere, artistaren hitzetan, nahiz eta, hasiera batean, biek sorburu bera izan.

Hiritik apartatutako gune bat nahi zuen Aranberrik. «Hiriko bizitza gailendu egin zen, baina, era berean, inguru publikoa zail bilakatu zen artistikoki ekin ahal izateko, eta, aldiz, bestelako leku horiek oraindik mantentzen dute anbibalentzia legal bat. Baina hiritik aldentzen saiatu arren, nire sentsazioa da hiria gugan dagoela, eta gurekin arrastatzen dugula. Eta uste dut ekintza hark ere hiriari begiratzen ziola».

Gaur. Hemen. Orain erakusketan izan ziren lehenengoz Aranberriren lanak ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan, Miguel Zugaza zuzendariak gogoratu duenez. 2001ean izan zen hori. Artistaren bi pieza zeuden zehazki ikusgai bilduma kolektibo hartan: Ehtnics instalazioa eta Firestone bideoa. Eta, hain zuzen, Zugazak gogoratu duenez, ordurako buruan bueltaka zerabilen Aranberrik kobazuloei eskainitako lana. «Ia sekretua zen proiektu horri buruz hitz egin zidala gogoratzen dut, hiriaren eta artearen mugetatik harago». Eta, hain zuzen ere, Aranberriren artista izaera «urtu» egin zen lan hartan, Zugazaren hitzetan, biologiaren, geologiaren eta etnografiaren esparruetan nahasiz.

Bilboko Arte Ederren Museoan parte hartu ostean egindako ibilbidea ere errepasatu du Zugazak aurkezpenean, eta, besteak beste, 2011n Tapies fundazioan egindako Organigrama erakusketa eta iaz Donostiako San Telmo museoak martxan jarritako Museo Bikoitza egitasmoaren barruan antolatutako Itzal-marra erakusketa nabarmendu ditu. 2004an Gure Artea saria ere eskuratu zuen, Kasseleko (Alemania) 12. Documenta erakusketan ere parte hartu zuen 2007an, eta nazioartean proiekziorik handiena duen euskal artistetako bat ere bada egun.

Museora «itzultzea»

Museora heldu da orain, nolabait, museoetatik urruntzeko gogoak sortutako 2003ko pieza hura. Baina, artistak dioenez, bestelakoa da artelana bera «izen berri batekin, fitxa tekniko berri batekin eta data berri batekin», eta bestelakoa da erakunde horiek ulertzeko sortzaileak duen modua ere. «Museora ez dugu ekarri fetitxe gisa. Ez da gauza bat kendu, ekarri eta ipini, baizik eta birkodifikatu egiten da, hartzen du beste nortasun bat. Eta, bestalde, duela hogei urte genituen kezkak, museotik aldentzearenak, agian orain ezberdinak dira. Museoa bihurtu da babes eremu bat, kanpoan egin ezin diren gauzak egin ahal izateko espazio bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.