Arkitektura. Pritzker saria

Zuloak kristalezko sabaian

Gaur banatuko dute 2013ko Pritzker sari entzutetsua. 1991n, Robert Venturik jaso zuen. Haren lankide Denise Scott Browni ere saria ematea eskatu dute aurten, andre arkitektoen ikusezintasuna salatzeko.

Denise Scott Brown arkitektoa Las Vegasen (Nevada, AEB), Robert Venturi lankide eta senarrarekin 1968an egin zuen lan bidaian. Bidaia horren emaitza izan zen Las Vegastik ikasten saiakera. VSBA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2013ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badoa txoria hegan; jo du kristal ezin gardenagoa konturatu denerako; eta erori da lurrera, seko. Akabo hegaldia eta, sarri asko, akabo txoria.

Jarri txoriaren tokian emakumea; pentsatu hegaldia lan munduan ari dela gertatzen eta goranzkoa dela; eta kristalezko sabai batekin egiten duela topo. Akabo gorakada eta, sarri asko, akabo emakumearen langile distira. Hara hor kristalezko sabaia, ikusezina izanagatik ere beti present. Wall Street Journal egunkariko artikulu batean aipatu zuten lehen aldiz, 1986an, emakume langile oso kualifikatuei beren lan arloko hierarkian gora egitea, onespena lortzea galarazten dieten arrazoiak aipatzean. Soziologoen arabera, inon idatzi gabeko legea da kristalezko sabaiarena, oztopo sorta ikusezin bezain nabarmena. Eta arlo guztietan dago ezarria.

Gaur bertan, kristalezko sabaia izango dute protagonista Bostongo JF Kennedy liburutegian, Pritzker arkitektura sari entzutetsua banatzeko ekitaldian. Toyo Ito japoniarrari (Seul, 1941) emango diote aurtengo saria; kristaletan bildutako Sendaiko Mediateka (Japonia) aipatu du epaimahaiak saria emateko arrazoien artean; Itoren lanetan, aluminioarekin batera, kristalak toki berezia hartu izan du; eta, hala ere, gizarte eraikuntzaz hitz egingo dute gaur Bostonen beste ezertaz baino gehiago. Kristalezko sabai sozialez. Denise Scot Brownez.

Denise Scott Brown (Nkana, Zambia, 1931) saririk gabe utzi zutelako 1991n Pritzkerreko epaimahaikideek. Urte hartan, Robert Venturiri eman zioten saria. Scott Brownen lankide eta senarrari. 1967tik ari ziren biak elkarrekin lanean, arkitektura ulertzeko beren modu berezia liburuen, ikasgelen eta VSCA (Venturi, Scott Brown and Associates) estudioko proiektuen bitartez ontzen eta zabaltzen.

Elkarlan horren alde bakarra goratzea erabaki zuten, ordea, «arkitekturako Nobel sari» deitu ohi zaion Pritzkerreko epaimahaikideek. Euren epaia arrazoitzeko nabarmendu zituzten Venturiren lan guztietan Scott Brownen itzala agerikoa izanik ere, arkitektura eliteetan ez zen pitzadurarik agertu: guztiek normaltzat jo zuten biren lanaren saria pertsona bakarrak jasotzea.

Saridunen sinadura

Elite horretako hainbat kide, orain, Pritzker saria Scott Browni ematearen alde agertu dira. Horretarako change.org gunean zabaldutako eskaera sinatu dute, esate baterako, hainbat Pritzker saridunek: Zaha Hadid, Rem Koolhaas, Jacques Herzog, Pierre de Meuron, Richard Meier, Rafael Moneo, Wang Shu eta Robert Venturik berak. «Denise Scott Brown nire inspirazioa eta lankidea da», idatzi du azken horrek sinadura ematean. Batek baino gehiagok leporatu izan dio Pritzker saria lankiderik gabe onartu izana.

Venturirekin batera eskainitako elkarrizketa batean, Scott Brownek ironiaz laburbildu zuen bere lanarekin gertatutakoa: «Bai, ni mekanografiaz arduratzen naiz, eta gainerako guztiaz bera arduratzen da». Bere lana onar dezaten egindako borroka ez du gaurkoa, «eta emakumeek bakarrik» onartu dutela esana du. «Venturik kale egiten zienean bakarrik deitzen zidaten arkitektu batzuek. Venturiren lanak azaltzera joateko eskatzen zidaten», adierazi zuen apirilean Scott Brownek.

«Onar iezaiozue Denise Scott Browni Robert Venturiri 1991n eman zenioten sarian daukan partea», dio change.org-en abiarazitako sinadura bilketak. Joan den larunbatean, 12.500dik gora ziren jada sinatzaileak. Arielle Assouline-Lichten eta Caroline James dira ekinaldiaren bultzatzaileak. Harvard Unibertsitateko Women in Design ikasle taldeko kide dira, eta emakumeek lankide gizonezkoek «bezainbeste» onespen merezi dutela aldarrikatzen dute. «Pritzker sarien epaimahaiak Robert Venturi bakarrik saritzea erabaki zuenean, antza, [Denise Scott Brown] emaztearen rolak gaina hartu zion lankide rolari».

Eskaerak martxo erdialdean du abiapuntua, Londresen, emakume arkitektuen topaketa batzuetan. Robert Venturi lankide eta senarrari 1991n eman zioten sarian berak ere partea baduela onartzea eskatu zuen Scott Brownek, atzera begira bada ere. «Ez didate Pritzker sari bat zor, inklusio ekitaldi Pritzker bat baizik. Gora dezagun elkarlanaren sormenaren ideia», erantsi zuen hitzaldi hartan.

Ez litzateke lehen aldia Pritzker sarien historian, gainera: Jacques Herzog eta Pierre de Meuron suitzarrek 2001eko Pritzker saria jaso zuten, elkarrekin egindako lanengatik; baita Kazuyo Sejima eta Ryue Nishizawa japoniarrek ere, 2010ean.

Denise Scott Brownen lana onesteko eskaerei, hala ere, normalean taldekako saririk ez dutela ematen erantzun diete Pritzker banatzaileek. Iaz gertatutakoak, gainera, ez du baikortasunerako biderik ematen, Wang Shu txinatarrari eman baitzioten saria, Lu Wenju lankide eta emaztearekin batera daukan estudiotik ateratako lanak aipatuta. Scott Brownen aldeko eskaera sinatzaileen artean dago Wang.

«Sexistek uste dute ezin zarela emazte eta jenio izan. Ero batzuengatik, emakumearen eta arkitekturaren inguruan oraindik ere emozio mordoa dagoela ikus dezakegu. Oso zoriontsua naiz, hala ere. Eskaera honek oso zoriontsu egin nau nire zahartzaroan», azaldu zion Huffington Post egunkariari Scott Brownek, duela bi hilabete.

Orain artean, bi emakumek bakarrik jaso dute Pritzker saria: irakiar jatorriko Zaha Hadid britainiarra —Durangoko Eusko Trenen egoitza nagusia eta Bilboko Zorrotzaurreko hirigintza plana diseinatu ditu— izan zen lehendabizikoa, 2004an; eta lehen aipatu Kazuyo Sejimak duela hiru urte.

Bat gehi bat ez da beti bi

Arkitekturako elitean, gizonezkoak aspaldidanik dira nagusi. Sarritan, lankide emakumezkoen lepotik. Alvar Aalto (1898-1976), esate baterako. Iparraldeko argi deitzen zioten Mediterraneoko argia Finlandiako bere diseinuetan txertatzeagatik. Haren Villa Mairea etxea modernismoaren eta humanismoaren ikur gisa aipatuak dira bateko eta besteko arkitektura testuetan. Inor gutxik jaso du, ordea, Mediterraneoko argia Europa iparraldeko arkitekturan txertatzen, Villa Mairea diseinatzen lagundu zionaren izena: Aino Marsio (1894-1949). Aaltok eta berak elkarrekin egin zuten lan arkitektura proiektuak asmatzen, eta 1935ean Artek enpresa sortu zuten, barrualde eta altzari diseinura iraultza ekarriz. Lankide eta senar-emazte ziren. Elkarrekin ondu zituzten proiektuak pertsona bakarraren lan bihurtuak dira. Bat gehi bat ez delako beti bi.

Arkitekturak misoginiaren formula biribilaren adibide gehiago ere eskaintzen ditu. Nork ez du ezagutzen Le Corbusier handia, esaterako? Nork ezagutzen du, baina, hamar urtez lankide distiratsu izan zuen Charlotte Perriand (1903-1999)? Zenbat aldiz aipatu izan da Lilly Reichek (1885-1947) Mies Van der Roheren lanari egin zion ekarpena? Bauhausen irakasle gisa egin zuen bidea ez da interesgarria, antza; 35 urterekin Deutsche Werkbundeko lehendabiziko zuzendari emakumezkoa bihurtzea ere ez.

«Ez ezazu ahaztu: nire arkitektura lanaren erdia zara zu, hiru laurdenak zarela ez esateagatik», idatzi zuen Charles Rennie Mackintosh arkitektu eskoziarrak lankide eta emazte zuenari buruz, Margaret MacDonaldi buruz (1865-1933), eta Gustav Klimt eta Josef Hoffmannen lanetan izan zuen eragin nabarmenaren aipamenak ez dira aurkitu errazak.

Denise Scott Brownen izena askoz errazago aurki daiteke XX. mendeko arkitektura entziklopedietan. VSBA estudioarekin egindako lanez gain, unibertsitate irakasle eta teoriko gisa egindako ekarpenek arrastoa utzi dute arkitektura munduan. Lan hori onartzeko eskaera onartu ala ez, gaur egingo du eztabaida aurtengo Pritzker sariko epaimahaiak. Hala esana du Martha Thorpe epaimahaiko idazkari eragileak. Arkitekturan ere kristalezko sabaia zulatzea ala ez erabaki beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.