Artium. Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren 10. urteurrena

Zulotik sortutako museoa

Artiumek hamargarren urteurrena bete du jatorrizko ezaugarriei helduz, erakusketen lur azpiko kokapena eta bildumaBildumak 1.600 artelan inguru zituen 2002an, eta 3.000 baino gehiago ditu orain

Artium museoa hiritarren topaleku izateko helburuarekin jaio zen; barruko plaza erakusketa aretoen gainean dago, besteak beste. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Zulo batekin hasi zen dena. Bi zulorekin, hobeto esanda. Arabako Arte Ederretako museoko arte garaikideko bilduma gorde eta erakusteko azpiegitura baten falta zen lehen zuloa, lehen gabezia. Bigarrena, zulo fisikoa kasu honetan, Gasteizko autobus geltoki zaharra kentzean Frantzia kalean utzitako zuloa zen. 1999. urtean bi zulo horiek betetzeko asmoek bat egin zuen eta hiru urteren buruan, 2002ko apirilaren 26an, Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak ateak zabaldu zituen lehengoz.

Artiumek hamar urte bete ditu gaur. 152 erakusketa hartu ditu, milaka artelan, kontzertuak, dantza saioak, hitzaldiak… Jardun mamitsua izan du 2002tik, baina, betiere, jatorrian izan zituen bi ezaugarriek eman zioten nortasunari heldu dio. Erakusketa aretoak lur azpian egoteak izaera berezia ematen diote, eta Jose Luis Catonek diseinatutako kanpoko plaza Gasteizko topaleku bihurtu da. Bestetik, hamar urtetan nabarmen handitu da bilduma, 1.600 artelanetik 3.000 baino gehiagora.

«Artista askok museo bati saldu dioten lehen artelana Arabako Arte Ederretako museoari saldutakoa izan zen», gogorazi du Pedro Sancristovalek, Arabako Kultura diputatu ohiak. Horren ondorioz hainbat pasadizo bizi izan zituzten. «Joan Mirok eskerrak eman zizkigun behin, 80 urte inguru zituela, bere lan bat erosteagatik; hori egiten zuen lehen museoa ginela esan zigun, gainontzekoek legatu edo emateen esker eskuratzen zituztelako».

Sancristovalek, Cayetano Ezkerrarekin batera, Felix Alfarok 1940ko hamarkadan hasitako bidea zabaldu zuten. Hain zuzen ere, hiru pertsona horiei omenaldia egingo die Artiumek, euskal arteari buruzko bilduma garrantzitsuenetako bat egiten hasteagatik. «Sistematikoki erosten genuen, hutsunerik utzi gabe; bilduma 'entziklopedikoa' egitea kritikatu digute, baina arteak une oro izan duen egoera islatzen du». Lan hori, gainera, galerietan edota artisten estudioetan bertan erosi zuten, artelanak sortu ahala, famatuak izan arte itxoin beharrean. «Besteak beste, merkeago erosi daiteke horrela».

Orduan ezarritako eredua gaur egun ere mantentzen da, eta artelanak erosterakoan Sancristovalek 1970ko hamarkadan proposatu zuen filosofiaren zantzuak geratzen dira, gaur egun ere. «Lehenik eta behin arte garaikidearekiko ardura nabaria zuten Arabako artistak biltzea zen gure asmoa, inguruko probintzien mugak gainditzen zituztenen lanak gero, eta Espainian ezagunak zirenak».

Melodrama, La mirada ajena eta Gótico... pero exótico izan ziren duela hamar urte inaugurazioaren egunean ikusi ahal izan ziren erakusketetako batzuk. Ehunka hiritar gerturatu ziren bertara lehen astetan, ikusminak erakarrita. Ordea, hasierako ilusioa desagertuz joan zen, eta hiriarekiko lotura falta leporatu zioten, eta bisitarien datuak erabili ziren museoaren arrakasta neurtzeko. «Nire ustez ez da ulertu Artiumen funtzioa; dena egiteko eskatzen zaio, turisten astialdian lagundu, arte lokala sustatu, nazioarteko ikuspuntua eman...», nabarmendu du Iñaki Larrinbek, Gasteizko artistak.

Historia errepikatzen da

Hiritarrekiko gertutasunaz gain, Gasteizko kultur eragileekin izan zuen harremana ere eztabaida iturri izan zen hasieran. Inaugurazioaren aurretik 90ko hamarkadatik martxan zegoen Amarika aretoa itxi zuten, eta hiriko kultur eragileentzat funtsezkoa zen azpiegitura kendu. «Oraindik ere gogoratzen dut nola agintari politikoek errepikatzen ziguten Artiumek hartuko zuen ardura hori; hiriko artistei baliabideak eta aukerak emango zizkigula», gogorarazi du Ibon Saenz de Olazagoitiak, Gasteizko artistak. Ordea, Artiumek egin zituen saiakerek ez zuten Amarikaren itzala desagerrarazi.

Hamar urteren buruan historia errepikatu da. Amarika egitasmoa berpiztu ondoren, Artiumen 10. urteurrenaren atarian bertan behera utzi du Arabako Aldundiak. «Artium baino ez dago une honetan, eta egin behar ez duena egin dezala eskatzeko arriskua dago», uste du Larrinbek. Horretaz arduratzea Instituzioen erantzukizuna dela uste du, Artiumen moduko egitura handiak ezin direlako egokitu lekuko artisten beharretara. Saenz de Olazagoitiak, ordea, Amarika egitasmoan ikasitakoa baliatu daitekeela uste du, gertuko artistei leku bat eginez.

Arazoak arazo, hamar urtetan egindako erakusketen kalitate orokorra aitortu dute bi artistek, baita arte garaikidea azaldu eta hedatzeko ahalegina ere, «inoiz nahikoa ez den arren». Ordea, Saenz de Olazagoitiak «ukitu ezin denaren balioa» aldarrikatzeko galdegin dio museoari, «hainbat politikarik» kulturaren balioa ezbaian jarri arren. Larrinbek Euskal Zentro-Museoaren izaera «lehenesteko» eskatu dio. Hori izan da 70ko hamarkadatik Artiumen oinarriaren, bildumaren, ezaugarri nagusia, eta horri heltzearen garrantzia nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.