«Bihotzak baditu arrazoiak ulertzen ez dituen arrazoiak». Esaldi horrekin eman dio hasiera Arturo Ripsteinek Las razones del corazón filmari, ondoren datorrena iragartzeko. Eta ondoren datorrena maitasun gaizbera eta obsesibo baten kontakizuna da, Madame Bovary eleberri klasikoaren gaurkotze berezi bat. Zuri-beltzean filmatu du lana zuzendari mexikarrak. «Nire belaunaldiko zuzendariei galdetzen bazaie zeintzuk diren beren hamar film gogokoenak, litekeena da zortzi zuri-beltzean izatea. Zuri-beltzarekin ikasi nuen zinema maitatzen, eta oso ederra zela jabetu nintzen».
Ideia horretan sakondu zuen pelikula eman osteko agerraldian. «Errealitateak ez du egiturarik, beraz, fikzioan errealitate zatiak hartu, egokitu eta zentzua eman behar diezu. Egitura hori zuri-beltzak determinatzen badu, fikzioaren errealitatea zehatzagoa da orduan». Picassoren aipu bat ekarri zuen gogora, bere hautua indartzeko. «Behin irakurri nion koloreak ahuldu egiten duela, eta Picassok hori esan bazuen, koloreak ahuldu egiten du». Protagonistaren ezinegona eta bakardadea islatzeko ere egokia da, Ripsteinen ustez. Maitaleak erlazioa eten ostean, larritasun betean bizi da Emilia. Bera da lanaren ardatza ezinbestean; haren bakarrizketek edo beste pertsonaiekin —alaba, maitalea, senarra, bizilaguna...— dituen duetoek eusten dute filmaren egitura. «Protagonistari disekzioa egin nahi nion, bihotza ireki, eta, horretarako, bisturi moduan erabili ditut biren arteko elkarrizketak».
Ripsteinek Paz Alicia Garciadiegori eskatu zion gidoia idazteko. Hark 16 urterekin irakurri zuen nobela, baina berriro ez irakurtzeko eskatu zion zuzendariak, oroitzen zuen horretatik idazteko. Gidoilariaren hitzetan, lehen unetik pentsatu zuen protagonista etxe baten barruan egongo zela une oro, ez zuela «kalea zapaldu ere egingo», haren larritasuna areagotzeko. «Klaustrofobia eta klaustrofilia arnasten ziren bertan; eraikinak hiru astez besarkatu eta ito gintuen». Nobela oso gogoko izan zuen, baina pertsonaia «inozoa» iruditu zitzaion. «Tontakeria guztiak kendu nahi izan nizkion Bovary andre horri, eta emakume arrunt baten eguneroko errealitatearen larritasunaren parean jarri».
«Erraietatik» lan egitea
Arcelia Ramirez aktorea aukeratu zuen protagonistaren rolerako. «Filmaketan oso agindu zehatzak eman zizkigun, mugak oso argi jarri zituen», Ramirezen hitzetan. «Amarrurik gabe jarduteko eskatu zigun, erraietatik lan egiteko», gehitu zuen Plutarco Hazak, senarrarena egin duenak. «Testuak partituren modura idatzita daude, oso musikalak dira, eta Arturo orkestrako zuzendaria da, oso zehatza», Ramirezen ustez.
Diru askorik ez da behar halako film bat egiteko, Ripsteinen arabera. «Zuzendari baten jenioa honetan datza: talde on batez inguratzea eta egiten dakiten hori egiten uztea. Batzuetan buruan duzunaren eta emaitzaren artean amildegi bat dago, eta kasu honetan amildegi hori oso estua da».
Sari asko irabazi ditu zinemagileak, eta denak Mexikoko Unibertsitatean ditu, hiru izan ezik: bi Urrezko Maskor eta Zilarrezko Maskor bat etxean ditu gordeta. Beste bat lor dezake gaur.
Donostiako 59. Zinemaldia
«Zuri-beltzarekin ikasi nuen zinema maitatzen, eta oso ederra zela jabetu nintzen»
Arturo Ripsteinek zuri-beltzean filmatu du 'Las razones del corazón', 'Madame Bovary'-ren bertsio gaurkotua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu